"Argi dago giza katetik ona Gure Esku Dagok presentzia politiko handiagoa duela, baina oraindik tentsiorik gabe, tentsioa indar posizio bat lortzen denean pizten delako, herritarren borondatea errespetatzen ez dutenekin lehian."
Nola baloratzen dituzu orain arte herrietan izandako kontsultetako emaitzak?
Halako galdeketetan oso erraza da beste edozein galdeketako parte-hartze markoa erabiltzea, eta hortik ateratzea oso zaila egiten zaigu. Vocentoko medioek, adibidez, etengabe azpimarratzen dute kontsulta hauetan parte-hartze txikia izaten ari dela. Gure Esku Dagoko herrietako kideoi ere zaila egiten zaigu parte-hartze datu horretatik ateratzea, %22, %25, %27… eta orduan, herri askotan gero etsipena sortzen da: “%25 bakarrik?”. Horregatik, aldaketa kualitatiboa baloratuko nuke lehenik: zer ibilbide egin da kontsultara iristeko? Zer suposatzen du horrek herrian? Zein neurritan bildu dira ikuspegi subiranista duten herri bateko herritarrak? Zein transbertsalitate mailarekin?
Gure Esku Dagon bultzatutako galdeketetan tranbertsalitate hori garrantzitsua izaten ari da herri guztietan. Artekaritza lana ere hor dago, desmobilizatuak eta deslotuak dauden sektoreak mobilizaziora ekarriz eta oso ekintza zehatzera: hau da, kontsulta batean ezezagun bati –ez baita ofiziala– zure datuak ematen dizkiozu eta zer nahi duzun adierazi.
Alde kualitatiboaren neurgailu bat da Ardanza lehendakaria botoa ematera joaten ikustea?
Bai, izan daiteke. Gure Esku Dago lan dezente egiten ari da erabaki eskubidearen inguruan alderdi guztien iritziak jasotzeko. EAJren kasuan, besteak beste, Xabier Barandiaran, Elixabete Piñol, Iñigo Iturrate, Josune Gorospe… aritu dira hitzaldietan. Baina zalantzarik gabe erreferentzialtasun berezia dute lehendakariek: Jose Antonio Ardanzaren bozka eta, batez ere, Juan Jose Ibarretxeren etengabeko konpromisoa erabaki eskubidearen alde.
Alor kuantitatiboaz zer balorazio egiten duzu?
Herri ekimen batetik abiatuta, erroldaren %25etik %30erako parte-hartzea lortzea izugarrizko arrakasta da. Kontu hauei buruz dakienak badaki hori. Madrilgo Udalak antolatzen du halako kontsulta bat eta ez da %5era iristen. Sevillako Udalak galdeketa antolatzen du Sevillako Feria luzatu nahi den hala ez jakiteko eta ez da %6ra iristen. Estatu oso baten tresneria guztia galdeketa baten zerbitzura jarrita ere ozta-ozta gainditzen da %50a. Katalunian orain indarrean dagoen estatutuak %48ko parte-hartzea izan zuen.
Har dezagun adibide zehatz bat, Tolosa. Iragan udal hauteskundeetan lehia sekulakoa izan zen EH Bilduren eta EAJren artean eta azken zokoetan ere miatu zen boto bila: 9.000 boto izan ziren. Orain erdia lortu da Gure Esku Dago taldean 10 lagun ari direnean lanean. Itzela da!
Zuk idatzitako Excepción compartida –Salbuespen partekatua– artikuluan honako galdera egiten duzu hasieran: “Une konstituziogile batean gaude ala indar metaketari ekin behar zaio eta denbora hobeagoei itxaron?”. Non gaude?
Galdera hori egiten diet estatus politiko berri bat ekarri nahi duten eragile politikoei. Sumatzen dut ikuspegi subiranista duten alderdi eta sindikatuek uste dutela oraindik ez dela unea makina subiranista abian jartzeko. Ezker abertzalea aurreko zikloa ixten ari da oraindik eta, besteak beste, barne berrantolaketa egiten ari da. EAJn ziurrenik zalantzak daude ataka honi aurre egiteko unean: Jauzi subiranistarako unea al da? Arriskuan jarriko al dugu daukaguna autogobernu maila handiago bat lortzeko? Oro har, Katalunian zer gertatzen denari begira daude, eta gero gerokoak.
Dena den, aldi berean, EAJren baitan ere badira uste dutenak dagoenari eusteak ez duela bermatzen autogobernuaren gutxieneko garapena.
Iritzi horiek ez dira ikusten edo gordeta daude.
Une honetan EAJk zortzi pistako zirkua nahi duela esaten badio, Estatuak baiezkoa emango dio. Eta horri ezetz esatea gogorra egiten zaio orain arte nagusi izan den pentsamendu jeltzaleari. Estatuaren klabea beti da bera –divide et impera–, eta kasu honetan ez dabil soilik abertzaleen arteko zatiketa elikatzen, Katalunia eta Euskal Herriaren artekoa ere bai. Eta otzantasunaren truke jasotzen ari diren opari horien alternatiba, oraingoz, proiektuak eta hipotesiak besterik ez dira, osagai materialik gabe. Dena den, aldi berean, EAJren baitan jakitun dira, erabakitzeko eskubideak bakarrik berma dezakeela etorkizuneko autogobernua eta, ondorioz, Gure Esku Dago moduko proiektu bat ezinbestekoa dela: “Bai, oso ondo dago trena, baina jendeak erabaki eskubidea ere eskatzen du”.
Nola ikusten duzu indar subiranisten inplikazioa erabaki eskubidearekin?
Galdeketekin hasi zenetik Gure Esku Dago pixkanaka beste indar batez ari da sartzen agendan. Dagoeneko ez da soilik giza katearekin lotutako bizikidetza, elkarrekin aritzea, giro ona sortzea gizartean, alaia… Dagoeneko indar subiranistek sumatu dute Gure Esku Dagok bide orri bat duela eta, Katalunian bezala, gure agintari politikoekin batera agenda bat osatzeko nahia dagoela. Dagoeneko, 100.000tik gora lagunek esan dute herri bezala erabaki nahi dutela. Badirudi GEDen asmoa mandatu demokratiko hori indartuz joatea dela, bai galdeketen bidez eta ekainetik aurrera Herritarren Itunaren bidez ere bai.
Datozen bi urteetan Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak oinarri batzuk finkatu behar ditu eta hortik estatutu berri baterako proposamena atera liteke. Ez bada ezer egiten hor aterako dena bakarrik parlamentuko indar harremanen fruitu izango da, eta egungo Eusko Legebiltzarrean erabaki eskubidearen aldeko indar harremana ez da oso argia. Erraza izan daiteke PSErekin eta Ahal Dugurekin oinarri lauso batzuk finkatzea, gehiegi lotuko ez dutenak, eta testu artikulatua ere Madrilek onar dezakeen testu artikulatua izatea. Batzuek ez dute inoiz errepikatuko Ibarretxeren ibilbidea, eta Madrilera badoaz onartzeko moduko testu batekin joango dira. Herritarren aldetik presiorik ez badago, hori da eszenatoki logikoena. Horregatik, ziurrenik hau da erabakitzeko eskubidea agendan jartzeko unea, testu artikulatuan gauzatzeko modu batean ager dadin. Gure Esku Dagok bideratzen duen herritarren presioa une honetan horri lotuta dago.
Kontrajarrita al daude ELAk planteatzen duen burujabetza sozialerako indar metaketa berria eta Gure Esku Dagoren egungo dinamika?
Ez dut uste. Batzuek kontrajarritzat jotzen dituzte eta pentsatzen dute Gure Esku Dagok oso oinarrizko planteamenduak dituela, lausoegiak. Ez dut uste horrela denik. Batetik, Gure Esku Dagok erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen du eta berau gauzatzeko tresna zehatzak exijitzen ditu. Bestetik, erabakitzeko eskubidea ez da arlo bakar batera mugatzen, filosofia sakona du atzean, herritarren burujabetzaren aldarria. Horregatik, esango nuke Gure Esku Dagon dabilen jendeak duen mezu soziala eta ELAk edo beste eragile batzuek defendatzen duten mezu soziala edo estatugintza ez direla kontrajarriak. Burujabe izateko tresna naturala zein da? Estatu bat izatea. Zertarako nahi dugu burujabe izatea? Bizitza on bat izateko, ongizatea, justizia soziala… Bata bestearen atzetik dator. Eta segida horretan, zein da Gure Esku Dagoren ekarpena? Euskal herritarron esku dagoela bide horretan libreki urratsak ematea, mugarik gabe. Aldarrikapen hori ez zait batere xaloa iruditzen.
Zentzu horretan, ez dut uste eragile berrien beharra dagoenik. Paradigma aldaketarekin batera, indar metaketa zabala erdiestea denean jomuga, diskurtso erradikalago batek jende gehiago erakarriko duela uste dugu? Momentu historiko honetan kontua ez da gutxieneko abanguardia bat sortzea, independentismo argia, diskurtso sozial alternatiboa, kontraboterea landuko duena… une hau indar metaketarena da. Indar metaketa horretarako egokia al da ANC –Kataluniako Asanblea Nazionala– moduko eragile independentista argi bat, subiranista ez-abertzaleak kanpoan utziko dituena? Edo, beste ikuspegi batetik hartuta, egokia al da gehiengo sindikalistaren diskurtsoan soilik oinarritutako eragile bat, subiranista “zentristagoak” bidean utziko dituena? Gizartetik abiatutako tresna subiranista indartsu baten bilakaera ezin da aurreikusi, parte hartzaileen esku baitago, baina argi dago, mezuaren zabalkunderako eta gehiengoak trinkotzeko agian aproposagoa dela Gure Esku Dago bezalako ekimen bat. Finean, alderdi politiko edo sindikatu zehatz batek herritarrak biltzera deitzen baditu, horrek berez sortzen ditu hesi batzuk.