Independentismoa-antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herria-kontrainformazioa-duintasuna-formakuntza-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-dialektika-iraultza-euskara-amnistía-nortasun nazionala-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak

2009/08/06

Borroka Antikapitalista

"Teleberriek gertakizun isolatuak, loturarik gabekoak, botatzen dizkigute eta horiek ulertzeko gakoak ez dizkigute eskolan edota unibertsitatean erakusten, horietan bestelako egiak ikasten ditugu: bi eta bi lau direla, Espainiako Trantsitzioa primerakoa eta eredugarria izan zela, Espainiako Erregea morroi jator-jatorra dela, Gerra Zibila errepublikar gorrien eta kolpista urdinen arteko guda izan zela… eta demokrazia eder hau oparitu izana eskertu behar diegula..."

Ekintza Zuzena

Kapitalismoa bere harrapakaria da, irabaziak bakarrik ulertzen ditu, definizioz inmorala da, ez du gizakirik ikusten, kontsumitzaile-ekoizleak baizik, ez dago naturarik, ekosistemarik, baliabide naturalak baizik, lehengaiak. Garapen osoa, aurrerapen teknologikoak, asmakizunak, zientzia… honakoa handitzeko erabiltzen ditu: alde batetik, bere integrazio gaitasuna, menderatzailea, gizaki zein herrien buru eta gorputzen kontrol, behaketara eta, bestetik, bere kontrol ahalmena, natura eta ekosistemen errentagarritasun eta suntsiketarako. Publizitate iragarkiei erreparatuta, Repsol edo Gas Natural bezalako enpresa handi eta amalurrari egindako eraso larrien egileak erakunde kontserbatzaile moduan aurkezten dizkigute; euren gizarte ekintzen bitartez (euren irudia garbitzen duten eta zergak aritzen dituzten inbertsio onuragarriak ezkutatzen dituen eufemismoa) banketxe eta aurrezki-kutxek eskuzabal, kanpoeder, oparizale eta elkarlanaren aldeko GKEn antza dute; MacDolars-ek nekazari txikiekin hornitzen dela eta produktu naturalak eskaintzen dituela sinestarazten digu; Armada horren humanitarioa da, Gurutze Gorritik ezberdintzen ezinik gabiltzan honetan berarekin bat egiteko gonbidatzen gaituela; Coca-Colak ur bedeinkatua ematen du; eta Iraultza Santander Bankuaren hipoteka berria da… «jendearekin egoten jarraituko dute, jende guztiarekin, jende onarekin».

Euren gustura interpretatzeko edo ezin interpretatzeko asmoz, gertatutako gauza guztien informazioaren gaineko euren hegemonia erabatekoa da. Teleberriek gertakizun isolatuak, loturarik gabekoak, botatzen dizkigute eta horiek ulertzeko gakoak ez dizkigute eskolan edota unibertsitatean erakusten, horietan bestelako egiak ikasten ditugu: bi eta bi lau direla, Espainiako Trantsitzioa primerakoa eta eredugarria izan zela, Espainiako Erregea morroi jator-jatorra dela, Gerra Zibila errepublikar gorrien eta kolpista urdinen arteko guda izan zela… eta demokrazia eder hau oparitu izana eskertu behar diegula, ezeren truke, esfortzu barik, mundurik onenean eta librenean bizitzea merezi ere ez dugula. Aspaldian, herritarrok gure egoera sozialaren jabe ginen. Esklaboek argi zuten zer ziren, nor zen euren jabea. Langileek bazekiten noraino eta nork esplotatuta bizi ziren, euren etsaia nor zen argi zuten eta horri aurre egiten ez zuten zalantza izpirik. Gaur, langilerik (ulerkera klasikoan) geratu ez den gure errealitate honetan, ekoizle klaseak bere bukaera baino ekoizten ez duen honetan (teleoperatzaileak, seguratak, supermerkatu zein merkataritza guneetako kutxazainak eta artikulu-jartzaileak, funtzionarioak, administratiboak…), klase kontzientzia galdu da, etsaia ezagutu eta bere aurka jotzeko aukera ere bai.
Telebistak, bideokontsolak, futbolak, kulebroiek, mugikorrak, drogek, estetikak… demokraziak, azken batean, hipnotizatuta eta abduziduta, aske garela sinisten dugu. Vodafone eta Movistarren artean aukeratzeko, kokaina eta estasiaren artean, tirrinean edo bekainean piercing-a, hogeita hamar edo berrogei urteko hipoteka, kapitalismoaren sustatzaile bateri edo besteari botoa ematea, ETB edo Telecinco ikustea, Gara edo El Correo irakurtzea…; modernitatea eta garapenaren atzean, gure bizitzak programatzen dira eta, aldi berean, gure erabakitzeko ahalmena txikitzen doa. Jaio, hazi, botoa eman, kontsumitu… eta hil: minbiziak, adinak edo higuinak jota. Hori bai, isil-isilik eta morrontzan. Hala ere, boterea maneiatzen dutenek, euren lagunek eta euren mertzenarioek, sarraski soberakinak itxaroten dituztenek, zelanbait badakite zein den euren egitekoa eta status quo-tik lortzen duten irabazia. Esplotatzaileek eta aberatsek ez dute euren klase kontzientzia higitzen, badakite nor izan zen euren etsaia eta horrela hartzen badute, irabazi zutelako da, garaipen eta kapitulazio goxoa dastatzen dabiltza.



Esklabotza kontziente eta halabeharrezkotik morrontza inkontziente eta boluntariora salto egin dugu. Lehenengoa tragikoa zen eta bigarrena, patetikoa. Klase kontzientzia barik ezinezkoa da klaseekin amaitzea, lelo kontzientzia barik ezin leloarena egiteari utzi.

Bihurrikeriak eta askatasun zein justizia egarriak ez du adinik; sortu, ibili, hazi eta bizitza osoan heltzen da. Gazte bihurri, erradikal moduan sailkatu gintuzten eta sinistu genuen… Gazte giro, nahita iraultzaile eta disidenteak, sortu eta bizi izan ditugu eta horko kide gehien-gehienentzat kanpokoak edukia baino garrantzitsuagoa da, edukirik ez dagoelako. Azalekoa, estetikoa, itxura, ezer berezirik, ezer iraultzailerik ez den zerbaitekiko kidetza sentimendua ez da ezer; ezberdinak garela sinistea, kritikoak, sistematik kanpokoak, gainerakoen moduan parte hartzen dugun bitartean, hitzak besterik ez dira.



Moda alternatiboa, erradikala edo beste izen batekin, punk estetika zein rock erradikala beste edozein merkantzia legez asimilatu eta errekuperatu du sistemak, ustez ezinegonak dituzten gazteen kontsumorako, ghetto bihurri faltsu honetan, ezberdin eta ase sentitzen diren gazteek horrela euren gizarte konpromiso ahula betetzen dutelakoan. Burutapen hauetan bagabiltza, lehenago tranpa horretan jausi ginelako da eta garrantzirik ez daukanarekin denbora galdu genuelako eta, idaztea soberan badago ere, norberak nahi duen moduan jantzi eta orraz daiteke, gustuko duen musika entzun dezake eta asetzen duten drogak har ditzake; azken batean, erabaki pertsonala baino ez da, ideietan, etikan, konpromiso eta gizarte gatazkan eraginik ez daukan gustua. Benetako aurkariari, iraultzaileari, arreta deitzen diona eta erakartzen duena irakurtzea da, informatzea, ulertzea… ekintza interesatzen zaio, estrategia, maila horretan zer partekatua konpartitzeko kideak bilatzen ditu. Gainerako gazteak, nire antzera janzten direnak, nik erretzen dudana erretzen dutenak, nik entzuten dudan musika gustuko dutenak… esanez borrokalariak izango dira, botelloietako iraultzaileak, janzkerako erradikalak eta denbora gutxiz izango dira, urteen joanak edo euren gustu estetiko eta musikalak eta, beraz, azalekoak, inoiz ere ez eurenak izan ez ziren ideiak utzi arte.



Gazte ghettoa mantenduz, bertan usteltzen edota hazi ezin duen potentzial iraultzailearen garapena saihesten du, den-dena gaztekeria moduan gogoratuz eta horrela euren alderik samurrena azaltzen duen sistemak mota guztietako askatasunak baimentzen dituela sinistera emanez. Marra hori zeharkatzera ausartzen direnak, bere burua elikatzen eta maite duen ghettoa eta gizarteari “begi-kolpez guztiz ezberdinak eta autentikoak” garela bideratzen duen antzerkitik ateratzen direnak, hau da, etsaiarekin zuzeneko buruz burukoa nahiago dutenak ez dira gehiago punky jatorrak, rasta barregarriak, janzkera bereziko neskatilak edo okupa mainatiak izango eta benetako etsai moduan tratatuko dituzte, terrorista odolgaizto eta antidemokratikoak esango diete.



Horren gazte ez garenok eta bidegabekerien aurkako bihurrikeria, boterearen kontrakoa, gazte konturik ez dela badakigu, ez gara lotsatzen, agindutakoa ez betetzeagatik harro gaude, artaldetik kanpo gaudelako. Inoiz ere ez da berandu eta horrela pentsatzen dugunok elkar ezagutu behar dugu, konpromisoaren, interesen eta irizpideen arabera elkarrekin borrokatu, gure adina, modak, ogibideak etab. albo batera utziz, botereak darabilen banatu eta irabazteko estrategiari aurre eginez.


Gure nortasuna, harrotasuna, duintasuna berreskuratu behar ditugu eta gure bizitzak benetan mugatzen dituzten aurka jotzeko gure modukoak direnekin konpromisoa hartu… zeren eta horiei aurre egiteko gu bakarrik gaude.

Archivo del blog