Independentismoa-antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herria-kontrainformazioa-duintasuna-formakuntza-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-dialektika-iraultza-euskara-amnistía-nortasun nazionala-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak

2014/10/01

Kolonizazio sinbolikoa

"Norberaren errealitate politikoa azaltzeko eta ulertzeko tresnak kendu eta kanpotik-goitik-tangentetik ezarritako errealitate arrotza intimitate bihurtzeko mekanismoak ekoiztean datza kolonizazio sinbolikoa. Nola gauzatu Euskal Herri federala, gure federalismoa zertan datzan ez badakigu?"

Jule Goikoetxea

GAUR8

Euskara egin ez baina ingelesa duintasun osoz erabiltzetik hasi eta frantses Errepublikaren arrazionaltasuna goresteraino doan mendi-bide asfaltatua da kolonizazio sinbolikoa; espainiar Estatuaren funtzionamendua gaitzetsi eta Europar Batasunarena goraipatzea, zentralismoaren kontrako jarrera azaldu eta deszentralizazioan oinarritzen diren euskal erakundeak arbuiatzea.

Kolonizazio sinbolikoaren betiereko ajea.


Demokrazia, berdintasuna, askatasuna, burujabetza. Gehiengoak deseatzen dugu hori, baina gutxiengoak daki hori nola lortu. Gehiengoa gaude sistema berria eraikitzeko prest, baina gutxiengoak menderatzen du sistema politiko berriaren zutabe izango diren egungo Euskal Herriko sistema ezberdinak. Lau eta erdi ditugu jakitun, horietatik bat Zuberoan bizi da, beste bi Nafarroa garaian, hirugarrena Lakua ez den Gipuzkoako herri txiki batean eta azken erdi horrek ez du ez unibertsitatean ez politikan lanik egiten. Nire Erkidegotik hasita, zenbatek nahi dute Euskal Herri federal bat? Askok. Zenbatek dakite sistema federal batean bizi direla? Gutxik. Norberaren errealitate politikoa azaltzeko eta ulertzeko tresnak kendu eta kanpotik-goitik-tangentetik ezarritako errealitate arrotza intimitate bihurtzeko mekanismoak ekoiztean datza kolonizazio sinbolikoa. Nola gauzatu Euskal Herri federala, gure federalismoa zertan datzan ez badakigu?

Kolonizazio sinbolikoa da gure etorkizun politikoa irudikatzerakoan dugun abstrakzio eta idealizazio patologikoaren kausa.

Alternatiba serio bat bera ere ez da aurkeztu azken 30 urteotan Euskal Herriaren sistema politikoaren inguruan. Eduki beharko lituzkeen hizkuntza politikez hitz egin da, azaletik bada ere, hezkuntza ereduez ere bai, ongizate erregimenez sasi-krokisak egin dira, baina politika horiek garatu ahal izateko behar den plataforma politikoa, hots, egitura, hots, estatu forma, hots, demokrazia motari buruz txintik ere ez. Etxean gustura sentitzeko egitura eraiki behar da lehenengo, baina bizkarrezurrik ezean zetazko kuxin eta lumazko edredoiez beteta dugu garajea.

Euskal gizarteak duen diskurtso, ez praktika, federalaren absentzia geure izaera politikoa gutxiesten dugun seinale da, axolagabekeria sistemikoa, eta ez genuke soilik elite politikoen ardurapean jarri behar, herritarron kultura politikoaren isla baitira ordezkariak. Horiek ez dira, nahiz eta askok hala nahi izan, beren herritarrak baino azkarragoak edo ederragoak, zintzoagoak edo maltzurragoak. Herrialde federal bateko klase politikoak diskurtso federalik ez duenean herritarron kolonizazio sinbolikoa jartzen da agerian. Eta ez genuke ahaztu behar demokraziarik ez dagoela herritarren jabekuntza politikorik gabe.

Euskal Herrian jabekuntza politikoa eremu anitzetan ematen ari da, estatuen bidegabekerien aurrean antolatutako aske gune eta desobedientzia ekintzetatik hasi eta erabakitzeko eskubide politiko, sozial eta ekonomikoaren alde egiten ari diren giza kate, elkarteratze, greba eta mobilizazio feministetatik igarota. Eremu bat gehiago zabaltzearen aldekoa naiz halere, gure sistema eta egitura politikoa izendagarria eta mintzagarria egite aldera. Izena izana dela nekez bizi duen Euskal Herri honek sintoma kezkagarritzat hartu beharko luke gure demokrazia irudikatzerakoan bizi dugun terminologia eta diskurtso gabezia. Honek geure burua politikoki artikulatzeko arazoak sortzen dizkigu eta antzeko sistemekiko alderaketak, erreferentziak eta aliantzak zaildu. Euskal Herrian gehiengoa da boterea, aberastasuna eta ezagutza lurraldeka banatzearen aldekoa, lurralde ezberdinen identitate eta lehentasunak babestearena. Gehiengoa da, beraz, egitura federal baten aldekoa eta komenigarria litzateke hau adierazten hastea.

Kolonizazio sinbolikoaren helburua politikoki, sozialki eta ekonomikoki bizi duguna identifika ezina bilakatzea da. Berezkoak ditugun (federalismo exekutiboa adibidez) eta nahi ditugun (federalismo parlamentarioa demagun) egitura politikoen desitxuratze kontzeptuala dakar kolonizazio sinbolikoak. Eta, jakin badakigu egitura zaharrak ulertu eta menderatzen ez dituenak ezingo duela egitura berririk sortu.

Archivo del blog