Independentismoa-antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herria-kontrainformazioa-duintasuna-formakuntza-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-dialektika-iraultza-euskara-amnistía-nortasun nazionala-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak

2015/08/20

Maiatzak1 Egin-en hausnarketa kapitalismoaren krisiaren aurrean

"Maiatzak 1 egin-en, borroka sektorialek eta puntualek ukaezinezko garrantzia badute ere, Euskal Herriaren langile klasearen aliantza eta batasuna beharrezkoak direla sinesten dugu; hala nola, beste herrien eta nazioen langile klasearekiko elkartasun internazionalista"

Buiaka.info

Egiturazko krisi batean murgilduta dagoen kapitalismoak langile klasearen interesen aurkako eta berezkoa zaion aberastasunaren metaketaren logikaren defentsan eraso berri bat abiarazi du. Multinazionalen interesak defendatzen dituzten NDF, MB, NATO eta beste presio talde batzuk egitura politiko desberdinak erabiltzen dituzte (Europar Batasuna, Estatu espainola eta frantsesa, instituzio lokalak eta beste hainbeste) askotariko neurriak martxan jartzeko; neurri hauen helburua herritar sektore zabalen baldintzak prekarizatzea da, euren etekinak maximizatu asmoz.

Maiatzak1Egin
Austeritate neurriak, langabezi tasaren hazkundea, NDFren adierazpenak… talde ekonomiko handien beharrei erantzuten dieten lan baldintzak eta baldintza sozialak inposatzen dizkigute behin eta berriro. Erakusten diguten egoera, CEOEk, Confebask-ek eta CENk indartzen dutena, sakrifizioa inposatu diguten krisi honetatik ateratzeko beharrezkoa dela pentsatzera garamatza. Baita zera ere, neurri hauek sortzen duten bakarra kapital finantzarioarentzako datu makroekonomiko onak dira; hori bai, gero eta esplotatuago eta zapalduago dagoen langile klasearen kontura.

Kapitalismoak bere menderatze egiturak blindatu eta estatuek trasnazionalen interesei men egiten dietela ziurtatu behar du. Horretarako, TTIPa bezalako itunak sortzen eta inposatzen ditu, non ‘zaintza ekonomikorako’ neurriak ezartzen diren, ISDS bezala ezagutzen den tribunala esaterako; tribunal pribatu honek akordioa sinatu duten estatuek itunaren baldintzak bete ditzaten ziurtatzen du, nahiz eta baldintza hauek burujabetza ekonomikoaren, politikoaren eta judizialaren funtsezko galera bat ekarri. Beste behin ere, kapitalismo finantzarioak estatuen gainetik egoteko bere nahia inposatzen du, eta estatuak behartzen ditu bere hedapenerako baldintzak laguntzeko (presio fiskala doituz, lan merkatua ‘malgutuz’…)

Paraleloan, gudak eta bortizkeria sistemaren eta bloke inperialisten arteko kontraesanen areagotzearen isla dira. Kapitalaren internazionalizazio eta kontzentrazio gero eta handiagoak mundua taula geoestrategiko bat bilakatzen du; bertan korporazioek gero eta urriagoak diren baliabideengatik eta merkatuengatik lehiatzen dute. Gainera, segurtasun indarrak edozein eraso edo jarrera disidente eredugarriki erreprimitua izateaz arduratzen dira; ‘segurtasun’ legislazio berriarekin (Mozal Legea …) areagotuko den errealitatea. Guzti honen helburua gure eskubideen kontrako harrapaketari arreta jar ez diezaiogun izanik.
Esplotatutako klaseen artean alienazioa ageriko errealitate bat izaten jarraitzen du. Ez da bakarrik langile klasearekiko identifikazio galtzen; desmobilizazio eta etsipena, kontsumismoa eta indibidualismoa ere hedatzen ditu, kapitalismoaren gain-egiturak elikatuta (estatuek euren statu quo-aren legitimazioa bermatzeko erabiltzen duten aparatuen multzoa). Ekoizpen eredua eta esplotazio erak aldatzen joan dira kapitalismoak beharrezkoa izan duenean: industria sektorearen deslokalizazioa, azpi-kontratak gero eta gehiago indartu, ETTak, autonomo faltsuak… Beti ere irabazi tasa handitzeko eta klase elkartasunaren sentimendua ahultzeko martxan jarritako aldaketak. Hala ere, ekoizpen bitartekoak gure eskuetan ez dauden bitartean eta gure lan indarraren salmentaz patroi eta enpresariei irabaziak sortzen dizkiegun bitartean (oinarrizko beharrak, etxebizitza adibidez, betetzen ez dituen soldata baten truke), guztiok langileak izaten jarraitzen dugu.
"...kapitalismoak langile klasearen artean talkak sortzea lortzen du; talka hauek gainera gehien sufritzen duten sektoreek pairatzen dituzte nagusiki: emakumeak, migranteak, disidente sexualak… guzti honen adierazle bikaina tendentzia ultraeskuindarrek Europan hauteskundeetan daukaten gero eta babes zabalagoa izanik."
 
Eta hau gutxi balitz, kapitalismoak langile klasearen artean talkak sortzea lortzen du; talka hauek gainera gehien sufritzen duten sektoreek pairatzen dituzte nagusiki: emakumeak, migranteak, disidente sexualak… guzti honen adierazle bikaina tendentzia ultraeskuindarrek Europan hauteskundeetan daukaten gero eta babes zabalagoa izanik. Gure artean borrokan jarraitzen dugun bitartean, kolektiboki antolatzetik urrutiago egongo gara; eta kolektiboki antolatzea nahitaezkoa da kapitalismoaren inpunitatea eta genero, klase, arraza eta nazio kontraesanen etengabeko erreprodukzioa borrokatzeko.

Kapitalismoaren kontrolpetik askatzen ez den espazio oro kapitalismoa bera erreproduzitzen bukatuko duela sinesten dugu. Horregatik, kapitalaren forma guztiak borrokatzea garrantzitsua ikusten dugu; eta noski, ideia horrek ere gure proiektuak barnebiltzen ditu, jendartea aldatzeko borroka partzialak ezinezkoak baitira sistemaren suntsipena eta berri baten sorrera bilatzen ez badira.

Maiatzak 1 egin-en, borroka sektorialek eta puntualek ukaezinezko garrantzia badute ere, Euskal Herriaren langile klasearen aliantza eta batasuna beharrezkoak direla sinesten dugu; hala nola, beste herrien eta nazioen langile klasearekiko elkartasun internazionalista.

Bide horretan, garrantzitsua ikusi dugu Bizkaiko Movistar-eko langileek aurrera eraman duten borrokan parte hartzea; 70 egunetik gora iraun duena. Bizi dituzten ekoizpen erlazio sozial korapilatsuen gainetik (enpresa desberdinak azpikontratatutako autonomoak, euren artean lehiatzera bultzatzen dituztenak) eta sindikatu handien babesa eta defentsa lortzeko zailtasunen gainetik, borroka horrek agerian utzi du sistemak jartzen digun oztopo guztiei aurre egitea posiblea dela; Ibex 35eko enpresa garrantzitsuenetakoari eta historikoki estatu espainolaren mundu zabaleko hedapen inperialistaren ordezkari izandakoari aurre egitea posiblea dela.

Garai nekezak bizi ditugun arren, klase nortasuna eta antolakuntza berreskuratu behar ditugu. Soilik auzo, herri, lantegi edo ikastetxe bakoitzean antolatuz eta borrokatuz gai izango gara langile klasearen indar metaketan aurrera pausuak ematen garaipenaren bidean. Maiatzak 1 egin-ek, bide horretan, tresna bat izan nahi du.

Kapitalismoaren aurka, langileok bat egin!

Maiatzak 1 egin
Ikasle Abertzaleak, BUIA, Elkartzen, Uribarritzen,
Zirikatzen, Askapena, Komite Internazionalistak, Boltxe,
Kitzikan, Reconstrucción Comunista, Sare Antifaxista,
Burdinezko gerrikoa.

Archivo del blog