Independentismoa-antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herria-kontrainformazioa-duintasuna-formakuntza-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-dialektika-iraultza-euskara-amnistía-nortasun nazionala-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentzia






2015/09/24

'Red-washing' inperialismoaren zerbitzura

"Inuzentekeriagatik edo fede txarragatik Mendebaldeko "ezker erradikaleko" sektore batzuek Libiako eta Siriako errebeldeak itsuki babestu dituzte. Antza, munduko gainontzeko herrialdeetako injustiziek ez zuten beraien atentzioa merezi, bakarrik soberania altuko eta erlatiboki justizia sozial handiko herrialdeen bidegabekeriak interesatzen zitzaizkien"

Aser Blas
ARGIA

Twitterreko Erich Honeckeren alter egoak ironiaz txiokatu zuen ezin daitekeela ukatu AEBek zorte handia dutela, herrialde etsaien zerrenda bat egin eta hortxe sortzen dira defendatu beharreko “iraultzak” edo erasotu beharreko “terroristak”. Batzuetan zoria hain dute aldekoa, ezen “ustekabean” beren lagunek estatu kolpe bat ematea lortzen dutela, edo kasu okerrenean, goizetik gauera ejertzito bat muntatu eta gerra zibil bat egiteko gaitasuna garatzen dutela. Irabazterik ez badute Osaba Samen komodina dute garaipena eskuratzeko: NATOren bonbaketak. Behin herrialdea suntsituta eta AEBetako lagunen esku dagoela, berreraiki behar izaten da. Negozioa borobila da Mendebaldeko enpresentzat, lehengaien ustiaketaren kontrola hartu eta berreraikuntza lanen enkargua jasotzen dute ekonomia kontrolatzeko. Guzti horrek prezio bat du, Mendebaldeko sektore finantzarioak jarriko duena, zorrik ez zegoen lekuan zorra sortzen da eta haizea hartzen du kolonizazio ekonomikoak. Arazoa da “askatasunaren aldeko borrokalariek” (sic) muturreko ideologia islamista izan ohi dutela, baina tira hor ere negozioa egon daiteke, ez dago hain gaizki suntsiketa, pobrezia eta beldurra zabalduko badituzte menderatu eta kolonizatu beharrezko lurraldeetan.
 
Zoria baino, sinesgaitza dena da batzuen itsutasuna. Youtuben 2006tik aurrera Wesley Clark jeneralak emaniko hitzaldi eta elkarrizketetan entzun daiteke zein izan den plana 2001etik: “Zazpi herrialde hartu behar ditugu bost urtetan” errepikatu zuen jeneralak. Horien artean Irak, Libia eta Siria. Ordutik gauza asko pasatu dira, besteak beste, NATOk Libia bonbardatu zuen, Qatarrek ofizialki onartu zuen bere ehunka soldadu egon zirela errebeldeen alde borrokan Libian, Kadafi Kolonbiako gaztelania hitz egiten zuten batzuek erail zuten eta Turkiak, Mendebaldeak eta Arabiar Penintsulako estatuek subentzionatu eta armatu dituzte Siriako errebeldeak, hauen artean gehiengoa muturreko islamistak. Beste behin, Mendebaldeak Al Qaedaren hazia erein zuen bezala (Hillary Clintonek aitortua), orain ISISena (Estatu Islamikoa) erein du.

Bitartean, inuzentekeriagatik edo fede txarragatik Mendebaldeko “ezker erradikaleko” sektore batzuek Libiako eta Siriako errebeldeak itsuki babestu dituzte. Antza, munduko gainontzeko herrialdeetako injustiziek ez zuten beraien atentzioa merezi, bakarrik soberania altuko eta erlatiboki justizia sozial handiko herrialdeen bidegabekeriak interesatzen zitzaizkien. Baina, jakin bazekiten beraien artikuluek eta manifestuek ez zutela Libiako eta Siriako gobernuen jarreretan eragingo, orduan, zein zen beraien funtzio kontzientea edo inkontzientea? Gure gizartean Mendebaldeko inperialismoaren esku-hartzeak justifikatzeko (edo hauen kontrako kritikak apaltzeko) baldintzak sortzea, gobernu batzuk demonizatuz eta oposizioak idealizatuz. Bestela esanda, inperialismoari aurpegia garbitzen zaio “ezker erradikaleko” diskurtso bat erabiliz: Red-washing.

Behin herrialdeak konkistatuak izan ondoren, ezker mendebaldar zaleak interesa galdu egiten du herrialde horiekiko. Adibidez, egun Libia infernu bat da 2010ekoarekin alderatuta, baina “progre-komunista” gehienei bost axola zaie. Orain jostailu berri bat dute: errefuxiatuak. Asilorako eskubidea defendatuz kontzientziak lasaituko dituzte. Kontua da errefuxiatuak ez direla fenomeno natural bat, zergati inperialista batek esplikatzen du beraien ihesa eta honetan ere, galtzaileak jatorrizko herrialdeak izango dira burmuin hoberenak galduz herrialde aberatsen mesedetan.

Archivo del blog