"...marxismoa ez da akademiatik, intelektualismotik, egiten den teoria bat:
militantziatik egiten dena baizik. Mundua eraldatzeko etengabeko
saiakeran gaudenok, garatzen dugun errealitatea interpretatzeko moduari
balio teorikoa eskaini behar diogu beraz."
ERNAI
Materialismo historikoa marxismoaren oinarrizko teorietako bat da.
Guztiok entzun dugu zerbait baina sakonki aztertu ezean dogmetan baino
ez gara eroriko. Eta hori, edozein mugimendu iraultzailerentzat egon
daitekeen akatsik larriena da. Dogmatismoa garatzen ez doazen ideia
multzoa da eta beraz, hobetu ezin daitekeena.
Guk errealitatea ulertu nahi dugu, hau aldatzeko. Eta horretarako
beharrezkoak ditugu garatzen eta hobetzen doazen teoriak. Marxismoa
beraz, teoria kritiko eta iraultzailea izatean etengabeko garapenean
aurkitzen da, etengabeko hobekuntzan. Guri dagokigu, militante
politikooi, marxismoa hobetzea eta honi ekarpenak egitea.
Azken finean, ikusi dugun bezala, marxismoa ez da akademiatik,
intelektualismotik, egiten den teoria bat: militantziatik egiten dena
baizik. Mundua eraldatzeko etengabeko saiakeran gaudenok, garatzen dugun
errealitatea interpretatzeko moduari balio teorikoa eskaini behar diogu
beraz.
Marxismoa maiz, dogmakerietatik erabilia izan da. Baina horren errua
marxismoari botatzea ez da bidezkoa. Feminismoekin duen harremana horren
lekuko. Hainbat marxista misogino amorratuak izateak ez dio marxismoari
bere gaitasun iraultzailerik kenduko. Guretzat guztiz bat datoz teoria
marxista eta feministak, eta elkar aberasten dira. Bien arteko batasuna
bilatzen segituko dugu.
Ez dugu beraz marxismoaren manual bat aurkituko hemen. Horretarako
badago edozein lekutan nahi adina material eskuragarri. Hemen
marxismoaren bidez eginiko hiru lan txiki topatuko ditugu. Hiru zatiak
modu independentean irakur ditzakegu, baina ez izan alperra eta eman
aukera hiruei.
Lehenik Kapitalismoaren bilakaera ikusiko dugu. Esan bezala,
marxismotik ikusten saiatuko gara, eta beraz, modu dialektikoan
ulertuta, historiaurreraino joko dugu. Saiatu gara ahalik eta azkar eta
errazena egiten, baina baliteke momentu batzuetan astuna suertatzea.
Hala balitz, saltatu hurrengo kapitulura baina ez utzi liburuxka
lantzeari. Iraultzaile on bezala, erronka guztiei egin behar diegu eta
aurre. Kapitulu bakoitzaren amaieran erabili dugun bibliografia duzu,
bai eta hainbat galdera modu kolektiboan landu ahal izateko.
Bigarrenik, Euskal Langile Herriaren historia proposamen bat
aurkezten dugu, “Resumen y propuesta de historia marxista vasca” Iñaki
Gil de San Vicenteren lanetik abiatuta. Hemen Euskal Herriaren historia
kontatzen dugu, baina zapalduon ikuspegitik. Zapaltzaileen istorioetaz
kokoteraino gaudelako. Zati honen amaieran ere bibliografia interesgarri
bat duzu, eta baita formazio ariketa bat ere.
Azkenik, ekonomia politikora sarrera bat aurkituko duzu. Ekonomia zer
den ulertzeko marxismo eta feminismoaren kategoriak erabiltzen saiatu
gara. Baliteke irakurgai zaila iruditzea, baina hainbat kontzeptu argi
edukitzea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu kapitalismo-patriarkarraz
hitz egin ahal izateko.
Espero dugu lagungarria izatea liburuxka hau. Sistema ulertu behar
dugu, sistema garaitzeko. Kapitalismoa ez da bakarrik eroriko, bultzada
txiki bat beharko du. Euskal gazteriak, euskal langile herriak,
autogestiotik egingo dugun aldebakartasuneko bidean, bultzada horretan
lagundu behar dugu, Euskal Herria Sozialista-Feminista eraikitzeko.
Mundu aske bat eraikitzeko.
Badugu bidea, ekin diezaiogun!
Ernai
No hay comentarios:
Publicar un comentario