Fredi Paia
Larrepetit BERRIA
Ideiak desagertzen direnean pertsonak geratzen dira. Etsitu askori entzun diot esaten pertsonengan sinesten dutela, ez ideietan. Eta geroz eta gizarte desideologizatuago eta, ondorioz, geroz eta inkoherenteago honetan, ez da kasualitatea pertsonen profilak izatea geratzen zaigun borroka ideologiko bakarra. Immigrazio politika ultraeskuindarrak sailburu beltza jarrita estaltzen dira. Genero berdintasunerako sailburu andreak ez du sekula auzitan jarriko sistema patriarkalaren zutarria den monogamia. Eta zenbat eta egur gehiago jaso, hainbat eta euforikoagoak dira gure elkarguneak. Zeinak, zoritxarrez, gogoetarako aukera errotik mozten duen. Sano edukazio txarrekoa baita hunkiturik dagoenari kalkulu erretorikoaren trikimailuez eta olatuen eraginez hitz egitea. Egoera pentsatzeak deprimitzen gaitu, zabal ditzagun xanpain botilak.
Dagoeneko ezer gutxi balio du esaten dugunak, garenak du garrantzia. Edo zehazki esanda, garenaren irudiak, inork ez baitu inor ezagutzen. Indarraren erabilera justifikatuta dago hainbat kasutan dio bakearen nobeldunak milaka gazte txiro infernura bidaltzen dituen bitartean. Biba zu eta txalo geuk. Igorreko alkateak esan izan balu hobe zukeen Kabulera exiliatzea. Sahararren autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen du Madrilgo legebiltzarrak (bai, irakurri berriro esaldia). Baina iritzi publiko vasco-españolak, batailoiak legez, zainak urratzen ditu eskubide bera eskatzeagatik kartzelan dagoenari bisitan doanaren duintasunari kantatuz gero. Eta Madrilen egunotan hasi duten epaiketa munduko adibiderik egokiena da. Beste behin ere, direna izateagatik epaitzen dabiltza jendea, ez esan edo egin dutenagatik. Dagoeneko Espainiak Europa turkiartzea lortu du, kontinente osoa Turkia europartzen ahalegintzen zebilen bitartean.
Egurra, neska-mutilak, esan eta egin dezagun zintzoki sentitu eta pentsatzen dugun oro aurrean nor dagoen begiratu barik. Ez baikaitu inork engainatuko. Garena izateagatik epaituko gaituzte maila kolektibo zein pertsonalean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario