BERRIA (2010-02-12)
Chattanooga, Estatu Batuak, 2009ko abendua. Tasunka Witko hiritarra ongintzako osasun etxe batera joan da larrialdietan. Gau lasaia da, eta jende gutxi dago. «Zortekoa, ni!», pentsatu du Witkok, «berehala artatuko naute». Itxarote gela batera iraganarazi dute; emakume doktore batek gaixo guztiei banan-banan deitu die, berari izan ezik, eta konturatu delarik emakume doktoreak ez ikusiarena egin diola eta bera baino geroago etorritako pertsona guztiak bera baino lehen igaro direla, emakume doktorearengana jo, eta agurtu egin du. Hark ez dio erantzun, nazka aurpegiaz baino ez dio begiratu. Orduan, «Zer dela-eta ez nauzu artatu?», galdetu dio, eta honako elkarrizketa hau izan dute:Doktorea: Okerreko atera jo duzu. (Kaleko atea erakusten diola:) Ate hura da zurea.
Witko (nahastuta): Baina...
Doktorea: Hemen iparramerikarrak artatzen ditugu, ez indioak.
Witko: Baina ni iparramerikarra naiz, Estatu Batuetan jaiotakoa.
Doktorea: Esan dizut hemen ez dugula indiorik artatzen.
Witko: Eta zer axola dio indioa banaiz?
Doktorea: Asper-asper eginda naukate indioek.
Witko: Eskubide osoa dut osasun etxe honetan artatua izateko.
Doktorea: Ni ez nago behartuta zu artatzera.
Witko: Nola ezetz? Horixe baietz!
Doktorea: Ezetz esan dizut!
Witko: Hiritar iparramerikarra naiz, eta osasun etxe hau administrazio iparramerikar bat da.
Doktorea: Indioa zara, eta, beraz, ez dituzu nik ditudan eskubide berberak.
Witko: Ez ditudala zuk dituzun eskubide berberak?
Doktorea: Ikusten dut entzumen ona duzula.
Witko: Ikusten dut ez dakizula konstituzioak eskubidea ematen didala herrialde honetan zu bezalaxe artatua izateko.
Doktorea: Konstituzioak ez dio halako ezer.
Witko: Hamalaugarren zuzenketak dio: «Estatu Batuetan sortua den edo Estatu Batuetako naziotasuna hartu duen pertsona oro da Estatu Batuetako hiritarra».
Doktorea: Bada, hauxe dio nire zuzenketak: «Indioek ez dute iparramerikarren eskubiderik».
Witko: Jakin ezazu zure arbasoak lurralde honetara heltzerako nireak hemen zeudela mendeetan.
Doktorea: A, bai? Eta nor zara zu? Zezen Eseria? Zaldi Eroa? Jeronimo?
Witko: Indiook eman genion izena lurralde honi. Hitz indioa da Chattanooga.
Doktorea: Bada, ni, austriarra naiz.
Witko: Austriarra?
Doktorea: Bai, austriarra. Duela lau urte bizi naiz hemen.
Witko: Uler nazazu, arren.
Doktorea: Ez. Araudiak ez dio inon indioak artatu behar ditudanik.
Witko: Ongi da, banoa. Baina zure kontrako salaketa jarriko dut, osasun laguntzarik ez ematea egotziko dizut, indioa naizelako bakar-bakarrik.
Doktorea: Zoaz nahi duzun tokira, eta, bide batez, itzul zaitez Nebraskako zure erreserbara. Senitartean sentituko zara han.
Tasunka Witko jaunak administrazioan jarri zuen salaketa, eta honako erantzun hau jaso zuen: «Emakume doktore horrek badu ahalmena erabakitzeko nor artatu behar duen eta nor ez. Ez dago behartuta inor artatzera, egoki ez baderitzo».
Amorragarria, ezta? Ziur asko, hauxe galdetuko dio bere buruari irakurleak: «XXI. mende betean gaudela, nola liteke AEBetako osasun etxe batean gizon bat diskriminatua eta umiliatua izatea, haren sorburua dela eta?». Hala agertu ohi da beti arrazakeria. Nahikoa du botere egoera bat, bere aurreiritzi eta gorroto guztiak isurtzeko. Sumingarriena, ordea, administrazioaren erantzuna da, ez baitio diziplina espedienterik egin emakume doktoreari, eta, horrez gainera, haren alde atera baita eta onartu egin baitu Witko jauna diskriminatzea.
Bada, orain, behin amorratu garelarik eta iparramerikarren arrazakeriaren gaineko topiko mordoa adierazi dugularik, esan dezadan kontatu ditudan egintza horiek ez zirela gertatu Chattanoogan, Tennesseen, AEBetan, baizik eta Benicarlon, Baix Maestraten, Valentziako herrialdean, eta kontakizuneko protagonista ez zela izan Tasunka Witko izeneko indio bat, baizik eta Marc Antoni Adell izeneko valentziar bat. Egoera, ordea, berdin-berdina izan zen, aldaera bakar batekin: lehen kasuan, fenotipoa zen estigma, eta bigarrenean hizkuntza. Gainerakoan, berdin-berdina zen dena, baina indio eta hizkuntza elkarrekin aldatuta: «Edo gaztelaniaz hitz egiten didazu edo hor daukazu atea!» «Asper-asper eginda naukate katalanez hitz egiten didatenek!». Alegia, herri batekiko arrazakeria eta gorrotoa, gatazka sorburu. Arrazakeria eta gorroto halakoak, bide batez, iragazgaitzak gure protagonistaren hitzekiko: «Eskubide osoa dut katalanez hitz egiteko Valentziako Generalitatearen toki batean». «Ikusten dut ez dakizula konstituzioaren eta estatuaren arabera hizkuntza ofizial batean ari natzaizula hizketan, eta ez dut onartuko zure ezjakintasuna dela-eta gaizki trata nazazun». «Banoa, baina zure kontrako salaketa jartzera, osasun laguntzarik ez ematea egotziko dizut, katalanez hitz egin dizudalako».
Herri katalanarekiko gorrotoak, hizkuntza izaki osagai bereizgarri, are eta itxura nazkagarriagoa eta arriskutsuagoa ageri ohi du, baldin eta gobernuak berak babestutakoa bada. Ikus dezagun zer erantzun eman zion Valentziako Generalitateko Osasun Kontseilaritzak Benicarloko osasun etxean diskriminatu eta umiliatu zuten hiritarrari: «Mediku asko etortzen dira lanera gure Erkidegora, beste herrialde batzuetatik, hizpide dugun kasuan bezala. Gaztelania hizkuntza ofiziala da Espainia osoan, eta emakume doktore hori ez zegoen inolaz ere behartuta valentzieraz ulertzera». Eta, azkenik: «Norbait artatua den hizkuntzaren gainetik dago osasun laguntza». Argudio hori, hara non hizkuntza katalanari bakarrik dagokion, Valentziako herrialdean medikuntzan aritu nahi duen munduko edozein mediku behartuta baitago espainieraz jakitera, eta ezin baitu argudiatu honelakorik: «Norbait artatua den hizkuntzaren gainetik dago osasun laguntza». Bestela esanda, mediku batek hizkuntza bat jakitea bigarren mailako kontu bihurtzen da hizkuntza katalanari dagokionez, baina ezinbestekoa da espainierari dagokionez. Behin horretaraz gero, litekeena da pertsona askok uste izatea irizpide horrek Valentziako herrialderako bakarrik balio duela, han PPk gobernatzen duelako. Kataluniako Osasun Aholkularitzak, Alderdi Sozialistak gobernaturikoa baita, eta Andorrako Gobernuko Osasun Ministerioak irizpide berbera darabilte. Bat eta bera.
No hay comentarios:
Publicar un comentario