antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herrigintza-duintasuna-formakuntza-asanblada-autodeterminazioa-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-okupazioa-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-autonomia-iraultza-euskara-amnistía-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak.... KONTAKTUA: izartubuletina@gmail.com




2011/01/12

Maria Torrellas dokumentalgileari elkarrizketa

"Afrikarren ondorengoak dantza eta musika horren bidez askatu ziren. Erresistentzia egiteaz gain, min hori elkartasun bihurtzen zuten"

Berria

Zer da candombe-a eta zergatik hartu zenion interesa?
Brasilen candomble esaten diete danborrak, kantua eta dantza biltzen dituzten konpartsa hauei. Afrikatik ekarri zituzten esklaboek zabaldu zuten. Erlijioa ere bada, eta erresistentzia mugimendua. Quilombo deituriko bilkura guneetan euren kultura eta erlijioa bizi zuten esklaboek. Montevideoko kaira heltzen ziren esklaboak, eta handik, Argentinara, Brasilera eta Karibera. Uruguaiko hiriburuan ezagutu nuen Maria Farias 72 urteko dantzaria, eta txunditu egin ninduen, iraganetik magiaren bidez zetorrela iruditu zitzaidalako. Bere bizitza kontatu zidanean, pentsatu nuen istorio hori kontatu behar zela.

Esklabotza iraganeko kontua dela pentsatzen dugulako harritzen gaitu haren bizitzak?
Oso gogorra da berak dioenean bere aitona-amonak esklaboak zirela. 1950-60 aldera oligarkiako emakume galiziar bati eman zioten Farias, artean haurra zela. Valle orduko presidentearen gertukoa zen emakumea, eta haurra esklabo zuen, eta, berak dioen bezala, «tximino» gisa. Espainiako dantzak eginarazten zizkioten, kriskitinekin, aberatsak dibertitzeko. Kolpe eta zigor mota guztiak pairatu zituen. 15 urterekin, candombea ezagutu zuenean, ihes egin zuen etxe hartatik. Amak, orduan, neskame sartu zuen, eta hor ere diskriminazioa pairatu zuen. Etxeko morrontza da gaur emakume afroamerikarrek pairatzen duten esklabotasun mota.

Dantza eta musika kontsolamendu gisa erabiltzen zuten ala indar askatzaile moduan?
Afrikarren ondorengoak dantza eta musika horren bidez askatu ziren. Erresistentzia egiteaz gain, min hori elkartasun bihurtzen zuten. Uruguain indar handia dute mugimendu etnikoek, eta diskriminazioa amaitzeko borrokak jarraitu egiten du. Candombea biltzeko deialdia da. Hasieran auzoetan egiten ziren, eta bat-batekoak ziren. Gaurko inauterietako candombea oso komertzializatua dago, ordea.

Brasilgo inauterien eredu txarrari jarraitu zaiola uste duzu?
Kapitalismoak harrapatu du eta mamia galtzen ari da. Denagatik kobratzen da eta jendeak sekulako ahalegina egin behar izaten du jantziak erosteko. Erdi biluzirik dauden dantzari izar horiek ez zeuden Montevideon. Han dantza afroa zen, otoitz bat zen, jai gisa Afrikan bezala.

Ba al dago mugimendurik candombea ikuskizunetik eta merkatutik ateratzeko?
Bai. Dokumentalean agertzen dira glamour-ik eta gasturik gabeko deialdiak egiteko saioak. Euskal Herrian bezala, zaila da, ordea, sustraien alde borroka egitea, salgai bihur ez ditzaten. Kuba, esaterako, abangoardia da horretan. Berreskuratzeko lan izugarria egin dute. Han populazio gehiena ia esklaboen ondorengoa da. Edozein herritan museoak dituzte, eta han azaltzen dizkizute benetako dantzak, tokian tokikoak. Hango inauteriak, gainera, irekiak dira eta kalean egiten dira, eta inori ez zaio bururatzen ezer kobratzea.

Entzungo ditugu candombearen danborrak Bilboko Kale Nagusian?
Afrikako etorkin asko daude Euskal Herrian. Horiekiko elkartasuna eta berdintasuna piztu nahi dut dokumentalarekin. Buenos Airesen ere ikusezina zen gutxi arte candombea, eta orain konpartsa pilo daude. Ez litzateke harrigarria hemen ere agertzea laster.
Maria Torrellas (Aviles, Asturias, 1955) Resumen Latinoamericano hedabideko kide da. Argentinatik lan egiten du, ikus-entzunezkoak egiten. Euskal Herriaren inguruko dokumental bat estreinatuko du aurki, baina egunotan hemen da, Memoria de una hija de Oshun lana aurkezteko. Gaur, Bilboko Zazpikaleetan aurkeztuko dute (Yohn jauregian, 19:00etan), Magdalena Milano candombe dantzariaren laguntzarekin. Bihar, ordu berean, Larrabasterrako Plaza Beltza kulturgunean izango da (Sopela, Bizkaia).

No hay comentarios:

Archivo del blog