"...krisiaren astinaldi gogorraren ondorioz dekorazio maskara asko apurka-apurka jauzi eta lehen
estalirik zeuden hainbat gako agerian gelditu dira. Hala, nabarmen ikusi da
estatu demokratiko bat izatearena fikzio hutsa
besterik ez dela..."
Itsaso Urtiaga
Topatu
Faxista hitza adjektibo
moduan guztiz ezaguna eta sarri erabilia da gure hizkuntza politikoan. Hain
erabilia da, ezen irain modura puztu eta eduki
politikoz kasik husturik gelditu zaigun. Esan bestela: zeri deritzogu
zehazki faxista? Ziurrenik gutariko askori faxismo hitza entzutean eskuin
muturreko antolakunde edo partiduak datozkigula gogora, beren estetika
bereizgarriarengatik erraz identifikatzen ditugunak. Baina topiko tipikoez
haratago, zer da egiazki faxismoaz dakiguna?
Orain gutxi Carlo Frabetti-k faxismoa “burges ikaratu” baten modura definitu
zuen. Ildo beretik, sarritan entzun izan dut krisi ekonomikoak faxismoaren
gorakada eragin duenaren ideia. Baina ze zerikusi dauka faxismoak krisiarekin?
Eta burgesiarekin?
Iñaki Gil de San Vicentek dio gizarte
kapitalistetako erregimen politikoak, orokorrean, dominazio burgesa gauzatzeko
mekanismoak direla. Honek ez du inolaz esan nahi sistema politiko guztiak euren
artean berdinak direnik, baina bai guztiak organismo berdin baten fatxada hutsak
direla; buru eta bihotz bakar baten
azala.
Estatu espainiarraren
kasuan konbultsio ekonomikoek nahiko agerian utzi dute egitate hori. Izan ere,
krisiaren astinaldi gogorraren ondorioz dekorazio maskara asko apurka-apurka jauzi eta lehen
estalirik zeuden hainbat gako agerian gelditu dira. Hala, nabarmen ikusi da
estatu demokratiko bat izatearena fikzio hutsa
besterik ez dela, benetako botere-guneak herritargo zabalaren
esku-hartzetik urrun baitaude. Are gehiago, gaur gaurkoz tonto-itsu edo
listo-interesaturen batek soilik defenda dezake botere hori herritarren
mesedetan erabiltzen dela.
Aitortu beharrekoa da orain artean
burgesiak ezin hobeki asmatu duela bere dominazioa demokraziaren aparientziaz
kamuflatzen. Horretarako hainbat kontzesio onartu behar izan ditu (gehienak
langileen borrokaren bidez lortuak), hala nola: zenbait eskubide sozial eta
politikoen aitortza, ongizate minimo baten bermea edota lan politiko-sindikal
erreformista burutzeko aukera. Halakoei esker, matxinada handiegirik eragin
gabe, herritarrak hezurretaraino esplotatzetik mozkin kalkulaezinak ateratzea
lortu izan dute oraintsu arte behintzat.
Hala ere, euren
interesak babesteko joko-arau demokratikoak errespetatzea konpentsagarri
suertatzen ez zaien kasuetan, aurpegirik anker eta anti-demokratikoena
erakusteko inolako eskrupulorik ez daukatela erakutsia digute. Horrexegatik argi
esan (eta izan) beharko genuke klase burgesak konbikzio politikoz baino komenientzia ekonomiko hutsagatik onartzen
eta defendatzen duela demokrazia.
Horren erakusle argi
dira krisi ekonomikoaren karira azken urteetan eman diren aldaketak. Burgesiak,
irabazien pilaketa neurrigabeari eutsi ahal izateko, lehendik ere aski
esplotatzen zituen langileak are eta gehiago estutzea erabaki du. Horretarako
eskubideen murrizketa bortitza inposatzeaz gain, kontrol eta errepresio
mekanismoak ere gogor zorroztu ditu, kontra-erreakzioei aurre egiteko prestatuz.
Aldaketa guzti hauek demokraziaren izenean eginagatik ere, apenas dute ezer demokratikotik.

Adibide hauek aski argi
frogatzen dute lehen esandakoa: burgesiak bere burua arriskuan sumatzen duen
bakoitzero ez duela inolako erreparo demokratikorik esku artean duen artilleria
guztia erabiltzeko. Arriskuaren aurreko burgesiaren erreakzioek faxismoaren gorakadan eragin zuzena izan
dezaketelakoan nago: alde batetik, erreakzio hauek
(jarrera-jokaera-diskurtso…) ‘per se’
demokratikotik baino faxismotik gehiago izan ohi dutelako; eta baita, bestetik,
halako erreakzioek, potentzialki, gizartean
faxismoaren onartze eta hedatze izugarria eragiteko gaitasuna dutelako.
Hala bada, hasieran
esan moduan sarri faxismoa estetika markatu batekin erlazionatu ohi badugu ere,
agian pentsatzeko kontu bat da (Fort Apache-ren programa baten izenburuak dioen
moduan) ea gaur egungo faxismoa ez ote den
traje eta gorbataz janzten.
Faxismoaren gorakadaren
zantzuak nabaritzen hasiak garen honetan, agian hobe genuke faxismoak gure
gizartean errotzeko eta indartzeko egiten dituen saiakera guztiak identifikatu eta erantzun ahal izateko prestatzea. Izan ere, aldez aurretik
harturiko neurrien edota eraso txikienari emandako erantzunen araberakoa izango
da herri honen kontzientzia anti-faxistaren sendotasuna eta baita, kontrara ere,
faxismoak berak garatu eta indartzeko izango duen posibilitate marjina. GAUR
borroka honetan inbertitutako indarra gure ETORKIZUNERAKO erabakiorra izan
daitekeelakoan nago.
ERREFERENTZIAK:
- FORT APACHE, 2013, Hoy el fascismo se viste
de traje y corbata
- FRABETTI, Carlo, 2013, El fascismo del siglo XXI
- GIL DE SAN VICENTE, Iñaki, 2004, Contra el neofascismo
- GIL DE SAN VICENTE, Iñaki, 2007, Tesis sobre fascismo, neofascismo y poder capitalista
- FRABETTI, Carlo, 2013, El fascismo del siglo XXI
- GIL DE SAN VICENTE, Iñaki, 2004, Contra el neofascismo
- GIL DE SAN VICENTE, Iñaki, 2007, Tesis sobre fascismo, neofascismo y poder capitalista
No hay comentarios:
Publicar un comentario