Pixka bat atzera begiratzea nahikoa da konturatzeko iraila gertakariz
beteriko hilabetea izan ohi dela. Aurten ere, horrela dator. Dena den,
aurtengo udak ere bere momentuak izan ditu. Horrela, Palestinaren
aurkako Israelgo operazioaren bueltan, zenbait hedabidek zabaldu dute
bere garaian Israelek begi onez ikusi zuela Hamas-en sorrera. Indar
horrek palestinar herria zatitzeaz gain, aitzakia ezin hobea ematen
ziolako segurtasunaren izenean Israelen ikuspegi eta jarduera militarra
indartzeko. Abiapuntu horretatik batzuk ondorioztatu dute Hamas Israelen
kimua dela. Gehiegikeria dirudi baieztapen horrek, baina era berean
horrek erakusten du beste herri baten kontuez nolabaiteko esku-hartze
bat egon daitekeela indar batzuk baztertuz eta beste batzuk aintzat
hartuz.
Udako berriak ez dira horretan gelditu. Jarraian jakin
dugu Estatu frantseseko presidente Hollandek Siriako oposizioa lagundu
zuela. Berak onartu du laguntza hori, baina azpimarratu du berak
“moderatuei” lagundu diela, hau da, oposizio “zintzoari”. Zoritxarrez,
azkenean, laguntza hori okerreko eskuetan erori dela eta orain Estatu
Islamikoaren eskuetan dagoela, hau da, “gaizkileen” eskuetan. Eta hor
dabiltza orain, mundu guztia kateatu nahian arazo horren konponketan,
beraiek arazo horren sorreran izan duten papera bigarren maila batean
utziz.
Modu berean ikusi dugu Ukrainan mundu guztia eskua sartzen
ari dela. Hala ere, deigarriena dena da, hain zuzen ere, tentsioa
jaisteko ematen den urrats bakoitzaren bueltan, NATOk eta Europar
Batasunak zehazpen berriak proposatuz eta adierazpenen tonua eta
mehatxuak handituz erantzuten dutela. Nonbait interesatzen zaie gatazka
bizirik mantentzea, bestela zaila da ulertzea zertara datozen horrelako
adierazpenak. Beharbada, Israelek bezala, NATOk bere existentzia
justifikatzen duen etsai bat behar du. Nonbait munduan etsai nahikorik
ez, eta Europan beste bat behar du.
Munduko potentziek ez diote
inoiz beste herrien kontuetan esku hartzeari utzi, baina azken bolada
honetan kontrako norabidean goazela ematen du. Indartu dira beste
herrien gaineko kontrol saioak. Beharbada, gu ez gara oraindik
konturatu, baina munduko potentziek sumatu dute egoeraren kontrola
beraien eskuetatik alde egiten ari dela eta urduri jarri dira.
Aurreko
adibideen parean beste adibide batzuk baditugu, non herriek
protagonismoa hartu duten eta bide propio bat jorratzen ari diren,
Katalunia eta Eskozia kasu. Horietan ere, potentzia zapaltzaileen
jarrera erabat ezberdina da. Estatu espainolean ukazioan enrokatuta
jarraitzen duen bitartean, Erresuma Batuan bide eman diote Eskoziako
indar politikoek eskatzen zuten erreferendumari. Baliteke, Erresuma
Batua bere definizioaz preso egotea. Estatua borondatezko batasuna
bezala definitzen duten neurrian, norbaitek eskatzen badu horren
inguruan bozkatzea egitea, eskaera horri bidea emateko behartuta ikustea
euren burua; bestela, borondatezko zati hori ez litzateke definizioaren
barnean sostengatuko.
Eskozian astebete falta da bozketa egiteko,
eta inkestak independentziaren aldera erortzen hasi dira. Horrek
unionismoa astindu du eta Erresuma Batuko alderdi nagusien liderrak
Eskoziara joan dira batasunaren onurak goraipatzeko jendea konbentzitu
nahian. Bertakoak nonbait ez dira gai. Orain, argudioak baino gehiago
unionismoaren liderrek mezu nahiko abstraktuak helarazten dituzte
beldurra astintzeko. Baina orain arte eztabaida sakonak egon dira, batez
ere, gai ekonomikoen inguruan. Eztabaida horretan independentziaren
aldeko kanpainak nahiko ondo islatu du independentziak duen abantaila
ekonomiko nagusia: bertan erabakitzea. Horretarako politika neoliberalak
utzitako ondorioez ondo baliatu dira. Adam Smith ekonomia politikoaren
aitatzat jotzen dena eskoziarra izan zen. Beharbada, horrek zerikusia du
eztabaida ekonomikoa hain ondo erabiltzearekin.
No hay comentarios:
Publicar un comentario