"Genozidioa da nazio bat desagerraraztea beste baten barruan diluitzeko: asimilazioa."
Reyes Ilintxeta
ARGIA
Genozidioa nazio bat desagerraraztea beste baten barruan diluitzeko dela
dio Xabier Irujok. Bera bost belaunalditan erbestea ezagutu duen
familia abertzaleko kidea da, eta Genozidioa eta Bake ikerketen
irakaslea Nevadako Unibertsitatean, Renon.
Zer da erbestea zuretzat?
Etxea da. Gure familian erbesteratutako bosgarren gizaldiko kidea
naiz. Herenaitona, Manuel Irujo Apeztegia tafallarra, 1838an diputatu
karlista zelarik, atxilotzen saiatu ziren. Suitzara ihes egin zuen eta
bueltan Lizarrara jo zuen. Han jaio zen Daniel Irujo, eta Aniana
Ollorekin ezkondu zen. Haiek eta Danielen ama erbesteratuta, Iparraldera
ihes egin zuten. 1936an, ondasun guztiak bahituta, familiako batzuk
espetxean eta besteak fusilatu zituztela, 70 urte zituela Aniana Ollok
berriro alde egin behar izan zuen, oraingo honetan Amerikara,
seme-alabekin eta bilobekin. Gure gurasoak erbestean jaioak dira: aita
Eusko Jaurlaritzak osatutako Bidarteko La Roseraie ospitalean sortu zen.
Alemanek Iparraldea hartu ondoren, sei soldadu aleman etxean izatera
behartu zuten familia. Amatxiren esanetan, kasko aleman bat izan zen
aitaren lehen sehaska. Venezuelara jo zuten Eusebio Irujo eta Pilar
Elizalde aitona-amonek. Ametzagatarrek ere, erbestea ezagutu zuten. Ama
Buenos Airesen jaio eta Uruguain eta Venezuelan bizi izan da. Aberri
Eguneko antolatzaile izateagatik, 1967an poliziak aita atxilotu zuen
Iruñean. Torturatu zuten eta erbesteratu.
Venezuelatik 1973an etorri
ginen denok Lizarrara bizitzera eta han geundela polizia etxean sartu
eta atxilotuta eraman zuten aita, gu guztien aurrean. Zazpi urte nituen.
Nik ez nuen ezer ulertzen. Venezuelan dena zen ederra eta koloretsua
eta hemen, aldiz, hotza, grisa eta etsaiez betea. Bi urtez egon zen
Iparraldean eta gu maiz joaten ginen ikustera. Gordini bat genuen eta
eserlekuaren azpian zegoen kaxoi moduko batean ezkutaturik eramaten
genuen aita Lizarrara, eta egun berean berriz Hendaiara. Ama gidatzen,
eta gu hiru anaiok, atzean aitaren gainean eserita.
Azken hamar urteotan Estatu Batuetan bizi naiz. Gure seme-alabak, sei
gizalditan erbesteratuak izan ez diren bakarrak, emigranteak dira
orain.
Zergatik hautatu zenituen genozidio ikerketak?
Familiaren historiarengatik. Gure familiak eta beste hainbeste euskal
familiek pairatu dituzten hilketak eta erbesteak genozidio fisiko
kanpaina bateko atalak dira. Euskal erbeste politikoa Ameriketan
izan zen nire lehen tesiaren gaia. Herrialde demokratikoetan ematen ez
den zigorra da erbestea. Nazioarteko legeria humanitarioen arabera, ez
da legezkoa. 1936tik 1939ra 150.000 lagun inguru erbesteratu zituzten
herri honetan. Bestalde, ekonomian ezarri zen autarkiaren eraginez,
jende askok alde egin behar izan zuen. Immigrantetzat hartu ziren, baina
egiatan diktadurak sortutako miseria ekonomikoaren eraginez
erbesteratuak dira.
Politikoki eta kulturalki gauza oso garrantzitsuak egin zituzten
atzerrian. Adibidez, 1936 eta 1950 artean euskaraz argitaratu ziren ia
liburu guztiak Amerikan plazaratu ziren, Ekin argitaletxearen eskutik
bereziki. Gure aitona Bingen Ametzagak 50eko hamarkadan itzulitako Juan
Ramon Jimenezen Platero eta biok eta Shakespeareren Hamlet lan horren emaitza dira.
Zein da genozidioaren helburua?
Genozidioa da nazio bat desagerraraztea beste baten barruan diluitzeko: asimilazioa.
Horretarako hainbat estrategia erabil daitezke eta, normalean,
genozidio kanpaina batean guztiak erabiltzen dira batera. Giza taldeko
kideen portzentaje bat hiltzea, desagerraraztea, espetxeratzea edo
deserriratzea genozidio fisikoa da. Bestalde, giza talde horren zati
bati baliabideak kentzea beste batzuei emateko, genozidio ekonomikoa da.
Lokarri sozialak erraustea eta kode zibil berria ezartzea, genozidio
soziala dugu. Erlijioa debekatzea edo inposatzea, alderdi politikoak eta
identitatea defendatzen duten elkarte eta taldeak debekatzea,
komunikabide batzuk diru publikoz laguntzea eta besteak ez, edo 27 urtez
lizentziarik ez ematea, Euskalerria Irratiari egin dioten bezala,
horiek denak estrategia genozidak dira. Inportanteena hau da: Politika
horiek guztiak pakete berean datoz, eta logika bati jarraiki
planifikatu, gorpuztu, ezarri eta kudeatzen dira, hemen eta Tibeten.
Izua administratuz lortzen da, urtetako edo mendetako prozesuan.
Emaitzak ikusi eta legeak egokitzen doaz, estrategia eraginkorrago egiteko. Ondorioak birrintzaileak dira.
Euskararen aurkako erasoak ere genozidioaren atal bat dira?
Bai. Azken 226 urteetan Espainiako eta Frantziako Estatuetan
euskararen aurka egin den legedia aztertu dut IVAP-HAEErekin aurten
argitaratutako liburuan. Esan daiteke eraso guztiak hiru multzotan
sailkatu daitezkeela: hezkuntza, estatu administrazioa eta justizia.
Genozidio kulturala beste esparru askotan ere ematen da: txistua
jotzea debekatuta edo kontrolatuta egon zen, kalejirak egiteko baimen
bereziak eskatu behar ziren, izen euskaldunak galarazita zeuden, euskal
ortografia, toponimia… Euskal izaera erakusten zuen edozein adierazpen
debekatu edo mugatzen zen. Herritik herrira, diktaduratik diktadurara
pasa diren maileguak dira legeon arteko asko: goizeko zazpiaz geroztik
euskarazko mezara joatea debekatu zen. Mussolinik Tirolen ezarritako
legearen kopia dugu.
Genozidioa pairatzen jarraitzen dugu, baina ez zaio izen hori ematen,
eta ofizialki ezezten da. Hau da genozidio ikasketetako lehenengo
ikasgaia: ez sinetsi ezer, ez sinetsi inori, irakurri eta ikertu lehen
eskuko iturriak. Claud Cockburn kazetariak dioen bezala, “ez sinetsi
ezer ofizialki ezeztua izan arte”.
Zer egin daiteke horri bukaera emateko?
Lehenengo gauza hauteskundeak irabaztea, Nafarroan lortu berri den
bezala, eta gero legedia aldatu. Bide zuzenena, Armeniako edo Ukrainako
adibideei jarraiki, independentzia lortzea da, alegia, gure geroa gure
esku izatea.
Nola hartu duzu aldaketa politikoa Nafarroan?
Ituna kristalezkoa da, eta ea luzaro irauten duen. 200 urtetan lehen
aldia da Hegoaldean abertzaleok lau herrialdeetan eta lau hiriburuetan
agintean gaudena, eta agintari euskaldunekin. Alde horretatik oso pozik
nago. Uste dut itxaropentsu izan behar dugula. Gauzak poliki-poliki
aldatzen ari dira.
Arkitektura juridiko berri horretan zer da premiazkoena?
Nafarroako Euskararen Legearen zuzenketak izan beharko luke
lehentasuna. Nafar guztiei aukera berdina eman behar zaie gaztelaniaz
edo euskaraz ikasteko.
Hemengo errepresioa genozidioa izan dela inoiz onartuko al da?
Ukapena da edozein genozidio kanpainaren azken urratsa. Toki gutxitan
onartu da ofizialki gobernuak genozidioa eragin duela: Zeelanda
Berrian, Australian, Estatu Batuetan… eta kasu horietan ere oso neurri
apalak hartu dira.
1948/51ko Genozidio konbentzioa izugarri mugatua jaio zen eta mundu
zabalean gertatu diren izugarrikeriak gizateriaren aurkako krimen edo
gerra krimentzat hartzea errazago izan da orain arte. Izan ere, biktimak
100 milioitik gora izan dira XX. mendean, eta soilik 30 pertsona inguru
kondenatu dituzte genozidioagatik. Txinan, Estatu Batuetan edo hemen,
ez da oraingoz halakorik lortuko, estatuak boteretsuegiak direlako.
Duela bi urte plazaratu zenuen El Gernika de Richthofen, hamar urteko lana, 12.000 agiri 40 artxibategitakoak. Zein da ekarpen nagusia?
Genozidio guztietan esaten diren zazpi gezur nagusiak hemen ere esan
zirela, Gernikaren inguruan. Lehen gezurra dena ukatzea izan zen. Dena
purgatu zuten. Franco hil ostean hasi ziren zenbaitzuk egin izana
onartzen, baina ondorioak ikaragarri leunduz: erredukzionismoa dugu
hori. 200 bat hildako izan zirela onartu zuten eta herrian zeuden 10.000
pertsonetatik 2.000 inguru akabatu zituztela uste dut nik. Esan zuten
hondamendia ez zela hainbesterako izan, baina eraikinen %85,2 erabat
birrindu zituzten, eta gainerakoa larri kaltetu. %1 geratu zen zutik:
arma fabrikak eta frankisten etxebizitzak herriaren sarreran,
Mundakarako bidean.
Lezio bat izan zen?
Gerra esperimentua, baita Goerinek Hitlerri egindako urtebetetze
oparia ere. Bonbatze sistema hura gerora Varsovian, Rotterdamen eta
Stalingradon praktikan jarri zuten. Pilotu eta agintari berberak izan
ziren guztietan. Izu bonbardaketaren helburua da herri edo hiri bat oso
bortizki kolpatzea etsaiaren morala errausteko eta errendizioa lortzeko.
Lehenago Eibarren, Durangon, Otxandion, Elorrion… egin zutenak logika
bera zuen.
Bonbaketen atlasa egiten ari naiz eta orain arte 600 bat bonbaketa zenbatu ditut urte hartan, Bizkaian nagusiki.
Liverpoolen izan zara udaberrian Manuel Irujo katedra berrian, zer moduz?
Izugarri aberasgarria izan da. Gonbidatu ninduten eta hiru hilabetez
izan naiz han gauza pila egiten: zazpi hitzaldi eman ditugu, lau
konferentzia, Ibarretxe eta zenbait ikertzaile gonbidatu genituen,
liburu batzuk bidean jarri ditugu…
Renoko Euskal Ikerguneko politika sailean argitara emango dugu
Ibarretxeren tesia. Adibide praktikoa da tesia: agente genozidak giza
taldea deuseztatu nahi duenean taldearen lotura kulturalak moztea da
lehenengo eginbeharra. Ikuspegi positibotik heldu dio Ibarretxek
tesiari. Lehendakari bezala, euskal gizartea krisialdi ekonomiko,
sozial, politiko eta kulturaletik ateratzeko lehen pausoa kulturan eta
gizarte gaietan inbertsioak egitea zela defendatu zuen eta emaitzak oso
onak izan dira.
Boiseko Jaialdian aurkeztuko du Ibarretxek liburua, lagun hurkoa nuen
eta herri honen independentziaren alde hainbeste egin zuen Pete
Cenarrusaren herrian.
1615 Baskavígin, euskal baleazaleen hilketa liburua aurkeztu berri duzu Donostian Etxepare Institutuak antolatutako kongresuan.
Orain dela 400 urte, 1615ean, 86 baleazale gipuzkoar joan ziren
Islandiara. Kanpaina bikaina egin eta hamaika balea ehizatu zituzten,
baina azken gauean enbata izan eta dena galdu zuten. Hiru hil ziren.
Danimarkako erregeak ematen zituen arrantzarako baimenak, baina horiek
zituztenak bertako gobernadoreak saldutako lizentzia faltsuak ziren.
Gobernadoreak ikusi zuenean arriskutsua zela euskaldun horiek han
egotea, egia esaten ahal zutelako, harrapatu eta hiltzeko agindua eman
zuen. Oso modu latz eta krudelean hil zituzten 32, eta besteek ihes egin
eta etxera itzultzea lortu zuten. Jón Guðmundsson-ek hilketan parte
hartu zuten batzuk elkarrizketatu zituen eta hark idatzitako txostena
argitaratu dugu euskaraz eta beste hiru hizkuntzatan.
Sarraskiaren ondoren, oso harreman komertzial eta pertsonal politak
sortu ziren Islandiarekin, eta euskara ere ikasi zuten batzuek. XVII.
mendean, hainbat euskara-islandiera hiztegitxo idatzi zituzten euskaraz
ikasten laguntzeko. Esan daiteke horiek ditugula diasporako lehen
ikastolak.
Ikasle distiratsua izan zara beti eta hezkuntza sistemarekin oso kritikoa, zergatik?
Egungo hezkuntza sistemak 1794an Frantzian osatu zen hezkuntza
sistema publiko genozida du oinarri. Bertrand de Barèrek 1794an
hezkuntza sistema publikoa gorpuztu zuenean kulturak akabatzeko sistema
eratu zuen “la terreur linguistique” delako testuinguruan.
Horrexegatik, sorreran sistema militarra zen, soldadu faktoria alegia,
eta hala izaten jarraitzen du neurri batean. Egun mantentzen den gela
barruko ordena, lerroetan eserita egotea, uniformeak, sexu banaketa,
ikasgaiak eta curriculuma, zigorrak eta azterketa zorrotzak,
irakasle-epailearen irudia, ikasteko ereduak eta estrategiak, buruz
ikastekoarenak eta ortografiaren garrantzia, isiltasunaren premia...
dena dago logika militarrean oinarrituta, eta dena, ondorioz, logika
naturalaren kontrakoa da. 15 urteko gaztea zazpi orduz aulki batean
eserita edukitzea erokeria da. Sozializazioa ari gara zigortzen.
15 urte nituela ikaragarri aspertzen nintzen klaseetan. Kaiola zen/da
niretzat eskola. Orduan amak esan zidan: “Ez zaitez bihar klasera joan.
Hemendik aurrera zuk erabaki noiz joan eta noiz ez”. Otsailak 2 zen,
hori da ordutik nire urtebetetzea. Gainditzen nuen bitartean nahi nuena
egiteko agindu zidan amak.
Hainbat mamu ere uxatu behar dugu: ingelesa 18 urterekin ikasi nuen
nik eta ez dut sekula santan arazorik izan munduko punta guztietako
unibertsitateetan ingelesez klaseak emateko.
Nortasun Agiria: Xabier Irujo Ametzaga Caracasen jaioa, 1967ko urtarrilaren 29an. Erbestean jaiotako Pello Irujo politikari abertzalearen eta Arantzazu Ametzaga idazlearen lau semeetako nagusia. Manuel Irujo, gerra garaian eta erbestean EAJko diputatu eta ministro izandakoa, haren aitaren osaba izan zen. 6 urte zituela, familia Nafarroara itzuli zen. Historia eta Filosofia Politikoan doktorea. San Fermin ikastolako irakasle, duela hamar urte Amerikako Estatu Batuetara, Boisera, joan zen Euskal Ikerketarako Programa buru. Handik gutxira Nevadako Unibertsitatera joan zen, Renora. Euskal Ikerketa Zentroko zuzendarietako bat da 2011tik. Reno, Uruguai eta Gernikako hiru argitaletxetako editorea da. Bost seme-alabaren aita.
Henri Grégoire (1750-1831), frantziar iraultzaileak zioen bezala,
garai hartan estatu berriaren baitan frantses hiztunak %11 ziren. Egun,
aldiz, ia %100 dira. Genozidio kulturalaren fruitua eta mamia da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario