"Gogorazi behar dugu, halaber, urtarrilean epaitutako 23 lagunetako batek hiru urteko espetxe zigorra jaso zuela (helegitea aurkeztuta dago egun) eta gainontzekoen absoluzioa fiskaltzak errekurrituta daukala"
KUKUTZAREKIN elkartasun taldea
Lau
urte igaro dira Kukutza III hustu eta bota zutenetik eta datorren
astean, hilak 14 eta 16, espetxe zigorra eskatuko du fiskaltzak
bidegabekeria hori salatzera hurbildu ziren 19 pertsonaren aurka.
Kukutzako
auzipetuen kontra irekitako prozeduretatik azkena izango da irailekoa
eta pilatzen duen zigor kopuruarengatik baita gogorrena ere. Batek bi
urte eta sei hilabeteko espetxe zigor eskaera dauka, beste bik bi urte
eta bi hilabetekoa eta gainontzeko hamaseiek hamazortzina hilabeteko eskaera.
Datozen
astelehen eta asteazkenean Kukutza bota zuten egunean egondako
"desordena publikoa" eta "erresistentzia" epaituko dute. Delitu hauek
leporatzen dizkiete irailaren 23an beste milaka pertsonarekin batera
sarraski hori salatzera gerturatu ziren 19 lagun hauei eta froga bakarra
poliziaren atxiloketa aleatorio haiek dira. Denok dakigu nolako jarrera
basati eta oldarkorra izan zuen ertzaintzak egun haietan eta
bortizkeria polizial hori nolabait justifikatu beharra daukate. Oso
merke ateratzen zaie gainera, hamarnaka gazte jipoitu, inputatu eta
epaitegira bidali; erraza. Gogorarazi behar dugu, halaber, urtarrilean
epaitutako 23 lagunetako batek hiru urteko espetxe zigorra jaso zuela
(helegitea aurkeztuta dago egun) eta gainontzekoen absoluzioa fiskaltzak
errekurrituta daukala. Era berean, auzi honi lotuta egon diren beste
epaiketetan (bi alemaniarrak, eserialdian atxilotutakoak…) auziperatuak
absolbitu zituzten.
Epaitu barik geratuko
dira, ordea, eraikinarekin espekulazio higuingarria egin duen Cabisa
enpresa; maniobra espekulatibo antisozialetan ardura osoa duen eta
Kukutza botatzeko indar guztia egin duen Bilboko Udala eta PNV alderdia;
Errekalde auzoan hiru egunez terrorea hedatu zuen Polizia Autonomikoa
eta erakunde hauetako arduradun diren eta izen-abizena duten handiki
guztiak. Berriro ere.
Gainera, badirudi
harrotuta dabiltzala eta Kortxoenea botatzeko saiakeran ikusi dugun
bezala, nahi dutena egin dezaketela uste dutela. Troikaren ikasle
aurreratuak dira, eredu neoliberala ezarriz eta gure hiriak-herriak
salgai huts bilakatuz. Herriaren bizkar eta herriari bizkarra emanda.
Horren
aurrean, autogestioaren alde, okupazioaren alde eta gaztetxeen alde
deialdia luzatzen diogu euskal jendarteari larunbat honetarako.
Kukutzako auzipetuen aldeko manifestazioan Bilbon, 18:00etan Jesusen
Bihotzean. Eta Kortxoenea gaztetxearen aldeko manifestazioan Donostian,
17:30ean Bulebarrean.
Egon ginen eta egongo gara!
KUKUTZAREKIN elkartasun taldea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario