"Inuzentekeriagatik edo fede txarragatik
Mendebaldeko "ezker erradikaleko" sektore batzuek Libiako eta Siriako
errebeldeak itsuki babestu dituzte. Antza, munduko gainontzeko
herrialdeetako injustiziek ez zuten beraien atentzioa merezi, bakarrik
soberania altuko eta erlatiboki justizia sozial handiko herrialdeen
bidegabekeriak interesatzen zitzaizkien"
Aser Blas
ARGIA
Twitterreko Erich Honeckeren alter egoak ironiaz txiokatu
zuen ezin daitekeela ukatu AEBek zorte handia dutela, herrialde etsaien
zerrenda bat egin eta hortxe sortzen dira defendatu beharreko
“iraultzak” edo erasotu beharreko “terroristak”. Batzuetan zoria hain
dute aldekoa, ezen “ustekabean” beren lagunek estatu kolpe bat ematea
lortzen dutela, edo kasu okerrenean, goizetik gauera ejertzito bat
muntatu eta gerra zibil bat egiteko gaitasuna garatzen dutela.
Irabazterik ez badute Osaba Samen komodina dute garaipena eskuratzeko:
NATOren bonbaketak. Behin herrialdea suntsituta eta AEBetako lagunen
esku dagoela, berreraiki behar izaten da. Negozioa borobila da
Mendebaldeko enpresentzat, lehengaien ustiaketaren kontrola hartu eta
berreraikuntza lanen enkargua jasotzen dute ekonomia kontrolatzeko.
Guzti horrek prezio bat du, Mendebaldeko sektore finantzarioak jarriko
duena, zorrik ez zegoen lekuan zorra sortzen da eta haizea hartzen du
kolonizazio ekonomikoak. Arazoa da “askatasunaren aldeko borrokalariek”
(sic) muturreko ideologia islamista izan ohi dutela, baina tira hor ere
negozioa egon daiteke, ez dago hain gaizki suntsiketa, pobrezia eta
beldurra zabalduko badituzte menderatu eta kolonizatu beharrezko
lurraldeetan.
Zoria baino, sinesgaitza dena da batzuen itsutasuna. Youtuben 2006tik
aurrera Wesley Clark jeneralak emaniko hitzaldi eta elkarrizketetan
entzun daiteke zein izan den plana 2001etik: “Zazpi herrialde hartu
behar ditugu bost urtetan” errepikatu zuen jeneralak. Horien artean
Irak, Libia eta Siria. Ordutik gauza asko pasatu dira, besteak beste,
NATOk Libia bonbardatu zuen, Qatarrek ofizialki onartu zuen bere ehunka
soldadu egon zirela errebeldeen alde borrokan Libian, Kadafi Kolonbiako
gaztelania hitz egiten zuten batzuek erail zuten eta Turkiak,
Mendebaldeak eta Arabiar Penintsulako estatuek subentzionatu eta armatu
dituzte Siriako errebeldeak, hauen artean gehiengoa muturreko
islamistak. Beste behin, Mendebaldeak Al Qaedaren hazia erein zuen
bezala (Hillary Clintonek aitortua), orain ISISena (Estatu Islamikoa)
erein du.
Bitartean, inuzentekeriagatik edo fede txarragatik Mendebaldeko
“ezker erradikaleko” sektore batzuek Libiako eta Siriako errebeldeak
itsuki babestu dituzte. Antza, munduko gainontzeko herrialdeetako
injustiziek ez zuten beraien atentzioa merezi, bakarrik soberania altuko
eta erlatiboki justizia sozial handiko herrialdeen bidegabekeriak
interesatzen zitzaizkien. Baina, jakin bazekiten beraien artikuluek eta
manifestuek ez zutela Libiako eta Siriako gobernuen jarreretan eragingo,
orduan, zein zen beraien funtzio kontzientea edo inkontzientea? Gure
gizartean Mendebaldeko inperialismoaren esku-hartzeak justifikatzeko
(edo hauen kontrako kritikak apaltzeko) baldintzak sortzea, gobernu
batzuk demonizatuz eta oposizioak idealizatuz. Bestela esanda,
inperialismoari aurpegia garbitzen zaio “ezker erradikaleko” diskurtso
bat erabiliz: Red-washing.
Behin herrialdeak konkistatuak izan ondoren, ezker mendebaldar zaleak
interesa galdu egiten du herrialde horiekiko. Adibidez, egun Libia
infernu bat da 2010ekoarekin alderatuta, baina “progre-komunista”
gehienei bost axola zaie. Orain jostailu berri bat dute: errefuxiatuak.
Asilorako eskubidea defendatuz kontzientziak lasaituko dituzte. Kontua
da errefuxiatuak ez direla fenomeno natural bat, zergati inperialista
batek esplikatzen du beraien ihesa eta honetan ere, galtzaileak
jatorrizko herrialdeak izango dira burmuin hoberenak galduz herrialde
aberatsen mesedetan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario