"Azken urteotan batuaren ezagutzan eta hedapenean egin da lanketa berezia
euskalgintzako alor ezberdinetatik. Beharrezko lana izan da, noski.
Baina bada garaia alboratuta geratu diren beste elementu batzuk hartu
eta beren balio eta indarraren inguruan hausnartzeko. "
Hitanoak gaur egun bizi duen errealitatea Tolosaldeko gazteen
prismatik ikertu du Josu Ozaita Ibarrako antropologoak. 18 eta 28 urte
arteko eskualdeko gazteekin elkartu eta hitanoari buruz duten ikuspegia
bildu du, “Hurbilpen bat: Tolosaldeko gazteek hitanoari buruz duten
pertzepzio, diskurtso eta praktikara” izeneko azterketan. Ikerketak
hainbat ondorio ateratzeko balio izan dio. Bere iritziz, azken
hamarkadotan euskararen alde «lan handia» egin da, eta «izugarrizko
bultzada» izan du, baina ez da gauza bera gertatu hitanoarekin.
Garrantzirik ez zaiola eman eta ez dela bultzatu uste du. Eta ez hori
bakarrik: zenbait kasutan «baztertua» izan dela dio. Horren erakusle da,
bere esanetan, hitanoaren inguruko ikerketarik ez egotea edo eskualdean
hitanoaren erabilera zenbatekoa den ez jakitea. Horrek guztiak
hitanoaren prestigioan zeresana du, Ozaitaren ustez. Hala ere,
hizkuntzaren adierazkortasuna bultzatu eta euskararen erabilera
handitzeko baliabide aproposa delakoan da, «euskarari eskua sartu diogu
toki guztietatik, bada hitanoaren berreskurapenean ere berdina egin
beharko litzateke», dio.
GAUR8
Zerk bultzatu zaitu hitanoari buruzko ikerketa bat egitera?
Hainbat arrazoi izan ditut. Euskararen adituen argudioen baitan gauza
asko irakurri eta entzun izan ditut hitanoari buruz: sekulako
potentzialtasuna duela, gazte hizkerari pertsonalitatea ematen diola…
Baina ideia horiek ez zirela garatzen iruditzen zitzaidan, batetik. Eta,
bestetik, deigarria egiten zitzaidan errealitate bat ere bazegoen:
nahiz eta euskara gure eguneroko hizkuntza izan, tarteka, lagun konkretu
batzuekin, gaztelerara jotzen genuela, inkontzienteki, informaltasun
eta freskotasun bila. Denbora tarte bat igarota, ohartu nintzen
gazteleraren espazio hori hitanoak okupatu zuela. Baina guri ez digute
hitanoa eskolan irakatsi, ez da ikasi dugun zerbait. Gero, ordea, kalean
entzutean, erakargarri bihurtzen da. Hori zergatik gertatzen den jakin
nahi nuen.
Zergatik Tolosaldean, eta zergatik gazteen artean?
Gazteek hitanoa gaizki erabiltzen dutela esaten da askotan, baina
beraien iritzia eta egoera ez da kontuan hartu orain arte. Nik beraien
ikuspegia jaso nahi nuen. Tolosaldean egin dut ikerketa, nire bizitokia
delako eta, ikerketaren baldintzak kontuan izanda, egokiena zelako.
Hamabi gazterekin egin ditut elkarrizketak. Generoa baloratuz, herri
txiki eta handiak bereiziz eta adin tarteak kontuan izanda hautatu dut
lagina.
Lagin hori nahiko txikia da. Azterketa zabalagoa eginda emaitza aldatuko litzateke?
Ziurrenik bai. Gerturapen bat izan da nirea, etorkizunean egin
daitekeen ikerketa sakonago baten abiapuntua. Diskurtso eta erabilpen
anitzak bildu eta mahai gainean jartzeko balio izan duela uste dut. Hala
ere, beharra dago ikerketa handiago bat egiteko, baita Tolosaldean ere.
Eta Tolosaldetik kanpo, are gehiago. Izan ere, Euskal Herrian
errealitate anitzak bizi ditu hitanoak. Polita eta beharrezkoa litzateke
lurralde guztiko errealitate ezberdinak bildu eta aztertzea. Hala ere,
zaila da honen inguruko informazioa lortzea, ez baitago. Ikerketa batzuk
egin izan dira, baina hizkuntzalaritzaren esparrutik, batez ere.
Antropologiaren bitartez ikertu nahi nuen nik hitanoa.
Hitanoa gutxietsia izan dela da ikerketaren ondorioetako bat. Hori uste duzu?
Bai. Euskararen inguruan diru asko inbertitu da azkenaldian, baina ez
zait iruditzen hitanoa bultzatzen denik. Azken urteotan batuaren
ezagutzan eta hedapenean egin da lanketa berezia euskalgintzako alor
ezberdinetatik. Beharrezko lana izan da, noski. Baina bada garaia
alboratuta geratu diren beste elementu batzuk hartu eta beren balio eta
indarraren inguruan hausnartzeko. Hezkuntzan oso gutxi landu da hitanoa
eta metodologia oso zaharkituekin, euskalgintzako eragileek ez dute
erabilpenerako apustu bezala ikusi, instituzioetatik ez da inbertsio
ekonomikorik egin, zenbait euskal hiztunen partetik alboratua ere izan
da… Horregatik diot hitanoa gutxietsia izan dela. Eman zaion garrantzia
gutxiarekin iraute hutsa harrigarria da, eta hori indar berezi bat
duelako da.
Zein presentzia du hitanoak gaur egun? Bere erabilera ugaritu edo murriztu egin da azken urteotan?
Ezin daiteke zehatz jakin. Guk ez dakigu zehazki non erabiltzen den,
ehuneko zenbatek egiten duen... Neurtzen ez bada, estatistiketan
azaltzen ez bada, desagertzen ari den pertzepzioa du jendeak. Baina
Tolosaldean, adibidez, uste baino indar handiagoa du. Nahiz eta ez den
bultzatzen, esan daiteke hitanoak presentzia nahiko handia duela gure
eskualdean. Indarra badu ere, gazteek oso eremu zehatzetan soilik
erabiltzen dute.
Garai batean espazio informaletan erabiltzen zen hitanoa. Zein da bere erabilera esparrua gaur egun?
Hitanoaren espazioa horixe da orain ere: informala eta oso gertukoa.
Lagunarteko testuingururako eta egoera informaletarako hizkera egokia
da. Erregistro informala izaki, kalea eta gertutasun testuinguruak dira
bere espazioak. Adibidez, taberna batean bazaude futbolaz hitz egiten,
hitanoaren diskurtsoak adierazkortasun handiago hartzen du, diskurtsoari
indar berezi bat ematen dio, batuari lekua irabaziz. Batua ez delako
hain adierazkorra, hotzagoa delako. Gazteek beraiek ere hori ikusten
dute eta horrek hitanoa mantentzen jarraitzean zerikusia handia duela
esango nuke.
Hortik kanpo, zein espazio hartzen ditu? Komunikabideetan, adibidez, zer toki dauka?
Telebistan, adibidez, Goenkalen entzun zitekeen dezente, bere eremua
den distantzia laburreko egoeratan: tabernan, lagunartean, guraso eta
alaba-seme harremanetan… Bestetik, marrazki bizidunetan ere bai, baina
lehen gehiago erabiltzen zela uste dut. Pilota partidetan ere, Xabier
Euskitze eta Joxean Tolosak ia-ia beraiekin etxeko sofan tertulian
egotea lortzen dute hitanoaren bidez. Paper garrantzitsua jokatzen du
telebistak alor honetan. Interesgarria litzateke, gazteen ikuspegitik
batez ere, “Gu ta gutarrak” bezalako programetan hitanoa lantzea.
Irratian, adibidez, oso gutxi entzuten da, eta horretarako eremu
aproposa da, ahozko komunikabidea izaki. Bikaina litzateke Gaztean
euskal talde bati elkarrizketa hitanoz egitea, adibidez.
Bi aldagai nagusi aipatzen dituzu erabilera aztertzean: generoa eta herri txiki eta handien arteko aldea.
Tolosa bezalako herrietan ez da egon transmisiorik, gaur egun guraso
diren horiek duela 30 urte errealitate erdalduna bizi zutelako. Tolosako
gazteen artean hitanoa erabiltzen bada, herri txikietako gazteak
batxilergoa egitera bertara joatearen ondorio da, edo herri txikietatik
Tolosara joandako gurasoak izatearena, edota familiarteko baserrira
joateko ohitura izatearena. Hala ere, gazteek ez dute ondo ezagutzen
hitanoa: “zenbat dek?”, “ze esatek?” eta antzeko forma errazetatik
aterata nahiko galduta aurkitzen dira. Baina, hala eta guztiz ere,
zenbaitek hitanoa erabiltzen dute oso itsaskorra delako eta funtzio bat
topatzen diotelako. Ziurrenik Donostian baino presentzia handixeagoa
izango du Tolosan, baina aldea ez da hainbestekoa Azpeitiarekin,
Zarautzekin edo antzeko herriekin konparatuta. Aldiz, Tolosaldean bertan
bai ematen dira aldeak, herri txiki asko dagoelako. Batez ere herri
txikietako mutilek bere egin dute, hitanoaren transmisio naturala jaso
dutelako askok, etxetik bertatik kasu askotan. Bereizketa horiek
eragiten dute zenbait gaztek hitanoa urruneko ikustea, eta, aldiz, beste
batzuek beraien identitatearen parte sentitzea.
Mutilak aipatu dituzu. Zergatik da urriagoa nesken artean?
Mutilen kasuan soilik eman da hitanoaren transmisioa. Nesken
transmisioa moztu egin da. Noka [nesken forma] gutxi entzuten da. Are
gehiago: noka galbidean dagoela uste dut, bere erabilpen urriagatik eta
transmisio ezagatik. Emakume heldu edota ahizpa helduen artean
erabiltzen da, baina ia-ia intimitatean, esango nuke. Aita-semeen kasuan
ez bezala, gurasoen aldetik ez da egon hitanoaren transmisiorik
alabekiko. Baina ez da beti horrela izan, historia bera da horren
lekuko. Begoña Etxebarria antropologoaren ikerketa batean kontatzen
denez, 1571n, protestanteen ideiak zabaltzeko noka forma normaltasunez
erabiltzen zen emakumeengana zuzentzerakoan. Ondorengo testu
katolikoetan “zu” forma ageri da oro har; hitanoa, aldiz, zigortzeko edo
errieta egiteko, mespretxua edo destaina adierazteko erabiltzen zen.
Horrela bada, konnotazio negatiboa eman izan zaio hikari oro har, baina
askoz modu ageriagoan nokari, sorginkeriarekin eta bekatuarekin
identifikatu izan delako. Egun oraindik zentzu negatibo hori mantentzen
du sarri, zerbait zakarra, baldarra edo itsusia balitz bezala. Eta,
badakizu, neskak fina behar omen du…
Nesken kasuan beste ondorio deigarriren bat ere atera duzu.
Bai. Fenomeno berezi batekin konturatu naiz. Berastegi eta Berrobi
inguruan neska batzuek hitanoa erabiltzen dute beren artean, baina toka,
mutilen forman. Berdintasunarekin lotuta legoke hori. Gaur egun
gizartea berdinzalegoa denez, ez dute beharrik ikusten neska eta mutilen
formak bereizteko. Helduagoek agian hori astakeria bezala ikusiko dute,
baina badirudi gazteek ez diotela bereizketa horri horrenbesteko
garrantzirik ematen. Hori bai, martxa honetan, genero bereizketa gal
lezake hitanoak, eta, “kasualitatez”, orain ere, emakumeen osagai bat
litzateke kaltetua...
Beste hizkuntza forma batzuen alboan hitanoaren egoera ez da hain larria; beroriketarekin konparatuz, adibidez.
Bai. Jartzen badituzu hitanoa eta beroriketa elkarren ondoan, ikus
daiteke nola beroriketa desagertu egin den, ez zuelako betetzen bere
funtzioa eta ez zuelako gizartearen atxikimendua. Duela ez asko arte,
hierarkia eta estatus mailak islatzen ziren euskararen erabilpenarekin
etengabe, berorika formaren eta hitanoaren baitako arauak medio. Gaur
egun, aldiz, berdintasun handiagoko euskara darabilgu, hizkuntzaren
bidez mailaketarik egiten ez duena. Belaunaldi berriek ez dakite
berorika existitu izan denik ere. Dena den, ez dit batere penarik ematen
berorika desagertu izanak. Hizkuntza aberastasunak galdu du, baina
berdintasunak irabazi.
Hitanoaren barne arau horiek aldatzen doazela diozu.
Bai, hitanoaren barruan zeuden arauak apurtzen ari dira. Ez soilik
generoaren aldetik, mailaketa sozialaren arloan ere bai. Garai batean
gurasoei, apaizari edo prestigiozko kargudunei hika egitea edukazio
txarrekoa zen, eta hori gaur egun aldatu egin da. Akaso gazteek ez dute
mailaketa sozial hori hizkuntzan erreproduzitu nahi. Berdintasunerako
joera handiagoa ikusten dut gizartean maila horretan.
Esan daiteke hitanoaren baitako aldaketak gizartearen isla direla, neurri batean?
Bai. Gizartea aldatzen den moduan aldatzen dira hizkuntzak ere,
biziak eta aldakorrak baitira. Gazteek ez diete zentzurik topatzen arau
hauei, eta beren erabilpenaren bidez paradigma aldaketa gauzatzeko
subjektu aktiboak dira. Tolosa bezalako herrietako gazteek ez dute
arauon transmisiorik jaso eta beren aitengana hitanoz zuzentzen dira;
herri txikietakoek, aldiz, arauon transmisioa jaso dute, eta, ondorioz,
aurka badaude ere, arauok errespetatu gabeko erabilpena neurtuagoa da.
Nire kasuan, txikitan aitak ez zidan uzten hikaz berarengana zuzentzen,
baina egun eguneroko forma normalizatua da. Berastegiko apaizak uzten
die gazteei hitanoz zuzentzen, duela urte batzuk zaplazteko baterako
arrazoi zena. Azken batean, belaunaldi heldu eta gazteen arteko borroka
ezkutu bat dago hemen, helduen arauen eta gazteen ikuspegiaren artekoa.
Gazteak pixkanaka terrenoa irabazten ari dira, eta helduak onartzen ari
dira errealitate berri hori.
Gaur egun hitanoa erakargarri dela esango zenuke? Ikusten diozu xarma berezi bat? Gazteek zer diote?
Hitanoak badu indar berezi bat, erakargarritasun bat. Tolosako gazte
batek esan zidan moduan, hasieran arrotza egiten zitzaion, baina
belarria ohitu, pixkanaka probatzen hasi eta gustua hartu zion azkenean,
itsaskorra baita hitanoa. Horregatik iraun du, baduelako
erakargarritasun bat, eta ez lanketa berezia egin delako berau
mantentzeko. Hala ere, konturatu naiz landa guneetan edo herri txikietan
batzuek lotsa pixka bat sentitzen dutela. Beste batzuek, aldiz,
harrotasunez erakusten dute, beren identitate ikur gisa.
Prestigioa galdu al du?
Garai batean baserritarrak ere prestigio gutxiko pertsonak ziren,
ezjakin etiketa zuten, nahiz eta oso aberatsak izan jakintza aldetik
hainbat alorretan. Herri txikietako jendea gutxietsia zen bezala,
prestigio gutxi zuen hauen hizkerak ere. Gaur egun, autoestimu handiagoa
dago, eta herri txikietako gazte askok harrotasunez daramate beren
identitatearen parte bezala. Bestalde, hitanoa urbanizatu ere egin da
neurri batean. Agian instituzio, hezkuntza eta euskalgintzako eragileek
gutxiesten dute, baina, kontrapuntu bezala, jende askok maite duela ere
ohartu naiz. Eta egin dudan ikerketa txiki honek interes handia piztu du
komunikabideetan. Seinale ona da hori.&hTab;
Hitanoak ez du presentziarik
hezkuntza arautuan: ez da eskoletan irakatsi, kalean edo etxean jaso eta
belaunaldiz belaunaldi transmititu izan da, ezta?
Bai, eta transmisio zuzena jaso ez duenak ez du ikasteko aukerarik
izan. Nik gogoan dut duela hogeita piko urte landu genuela ikastolan,
taula bidez eta egun bakar batean, pentsa! Eskolan aditz taularen
bitartez izaten dute askok hitanoarekin lehen kontaktua, eta horrek
kontrako erreakzioa eragiten du ezinbestean. Gaurko gazteek ere antzeko
esperientziak kontatu dizkidate. Hezkuntzak ere hitanoaren erabileran
zeregina duela uste dut, eta hausnarketa egin beharko litzateke
autokritikatik bide berriak irekitzeko. Taula bidezko metodologia ez da
batere aproposa hitanoa lantzeko. Bestelako bideak probatu beharko
lirateke.
Nola bultza daiteke hitanoa gaur egun?
Lehenik eta behin, hitanoak ikerketa sakona behar du, errealitatera
gerturatzeko. Hortik abiatu beharko genuke. Ikerketa sakon bat egin
behar da, eta horren arabera planteatu nolako berreskurapena egin behar
den eta zein ekintza lerro ireki behar diren. Adibidez, aisialdia eta
jolasa oso eremu egokiak izan daitezke. Haur eta gaztetxoek ondo
pasatzearekin lotzen badute eta funtzio bat bilatzen badiote, bikain.
Nire lagun batek dioen bezala, zertarako balio du euskararen inguruan
hainbeste lan egiteak, zertarako balio dute hainbeste euskara planek,
gero gure alaba-semeek surfa praktikatzeko edo zaldian ibiltzeko
ikastaroak gazteleraz egiten badituzte, euskarazko eskaintzarik ez
dagoelako? Hor jarri behar da arreta erabilpena bultzatzeko. Bestetik,
hezkuntza araututik bertatik ere hitanoa landu daiteke, baina hobe jolas
moduan. Adibidez, antzerkiak eginez hitanoa erabiliz, soinketa
klaseetan… Teoria ere bai, baina bestelako metodologien bitartez, ez
aditz taula hutsekin. Azpeitian, esate baterako, lanketa berezi bat
egiten ari dira ume eta gazteekin hitanoa lantzeko, euskarri desberdinak
erabiliz, eta ikasketa dinamikoagoa bihurtuz: ordenagailu bidezko
jolasak, marrazki bizidunak…
Gaur egun, eta hala nahi duenak, badu hitanoa ikasteko aukerarik? Tolosan bertan bada ekimenen bat, ezta?
Bai, ikasturte honetan jarri da martxan Hitanolagunak izeneko
iniziatiba. Ekimen positiboa da, noski, baina ez du hitanoa salbatuko,
eta erabilpenean ere ez du askorik eragingo, tamalez. Elementu bat izan
daiteke, gehigarri bat, baina plangintza osoago baten barnean, ez partxe
moduan. Gainera, horrelako jardueretan parte hartzen dutenen profila,
orokorrean, denbora librea duen jende helduarena izaten da, erretiratuak
batez ere. Gazteak falta dira, ordea. Eta gaur egun gazteek nahikoa
zeregin daukate, eta lehenago hasten dira ingelesa, frantsesa edo
alemana ikasten. Horrek ez du esan nahi ez litzaiekeenik gustatuko
hitanoa ondo jakitea, noski, baina bestelako eremu batzuetan landu behar
da kontua.
Nola erakar daitezke gazteak hitanoa erabiltzera?
Esan bezala, hitanoa sakonki ikertu ostean, plan bat beharko lukeela
pentsatzen dut, gazteek ere parte hartu beharko luketelarik bere
diseinuan. Hitanoa erakargarri izan daiteke, baina estrategian asmatzean
datza gakoa. Hitanoaren etorkizuna ez dator euskararen aberastasuna
gordetzeko gazteek ikasiko dutelako, baizik eta funtzionaltasunaren
bidetik. Hitanora gazte berriak gehitu badira berarekin bilatzen duten
funtzio ezberdinduagatik da, hots, egoera informaletarako aurkitzen
dioten baliagarritasunagatik: besteak beste, adierazkortasuna,
gertutasuna, lagunarteko egoera, informaltasuna, hizkera freskoa…
Gazteleraz “¡qué pasa tú! ¿qué dices?” litzatekeena, zukaz “kaixo, zer
kontatzen duzu?” litzateke. Hitanoz, berriz, “aupa hi! Ze esaten? (edo
esatek)?”. Alde handi xamarra dago, ezta?
Hitanoa berreskuratzea eta indartzea euskararen erabilera handitzeko bide ona litzateke?
Bai. Azken urteotan euskararen ezagutza goranzko joeran dela baina
erabilera geratu egin dela diote ikerketek. Akaso, euskararen erabilera
gutxitzen ari dela esaten denean, aurrez aipaturiko adierazkortasun hori
falta zaiolako da. Agian hitanoak lagun dezake erabilpena igotzen,
neurri batean. Ez da hautatu behar batua ala hitanoa, bata edo bestea,
biak osagarri baitira. Azken finean, hitanoa euskarak duen beste tresna
bat da, beste erregistro bat, funtzio ezberdindua duena. Zenbat eta
hizkera gehiago menperatu, hiztun osoagoak izango gara. Orduan eta
tresna gehiago eduki egoera ezberdinetarako, orduan eta hobeto moldatuko
gara euskaraz, eta, horrenbestez, gure hizkuntza gehiago erabiliko
dugu. Hori da helburua, azken batean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario