antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herrigintza-duintasuna-formakuntza-asanblada-autodeterminazioa-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-okupazioa-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-autonomia-iraultza-euskara-amnistía-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak.... KONTAKTUA: izartubuletina@gmail.com




2016/02/05

1936-2016 HERRI FRONTEAREN GARAIPEN ANTIFAXISTA DEMOKRATIKOA Ezkerraldea Antifaxista

"Langileriaren garaiko alderdiek, mugimendu abertzale demokratikoek edota iraultzaileek babestutako programa honen bidez ate berri bat zabaldu nahi izan zuten estatu espainolaren historian; gutxieneko eskubide demokratiko erreal batzuk erdietsi, faxismoari harresia jartzearekin batera, baldintza horietatik abiatuta bere klaseko programa demokratiko-iraultzaileen inguruan herri langilea baldintza berri eta normalizatuagoetan antolatzen jarraitzeko."
                      
                         Ezkerraldeko oroimen antifaxistan mugarri izandako 1936 urtea ekarri nahi dugu gogora Ezkerraldea Antifaxista antolakundekook. Dudarik ez, igaro diren 80 urte hauetan badira aldatu diren gauzak. Beste batzuk ordea, bere horretan mantentzen dira: klase sozialetan banatutako jendartea, gurea bezalako nazio zapalduen eskubideak ukatuta, langileriaren aurkako terrorismo burgesaren etengabetzea (langabezia, esplotazioa, prekarietatea,…) pribilejiodun talde oligarkiko eta monopolistek estatu kapitalistaren botere nagusia kontzentratzen darraite, asko eta boteretsuak dira ideologia faxista eta bere egitasmo historikoak (itxura, irudia eta estetika gehio ala gutxiago zaintzeaz harago) sostengatzen duten Alderdi politiko eta taldexkak, Estatuaren aparatu errepresiboa egunez egun handitzen, fintzen eta finantziatzen darraite (izan Armada, Goardia Zibila, Audientzia Nazi-onala, espetxeak, kolore eta jatorri guztietako polizia-taldeak, zerbitzu sekretuak eta informazio taldeak,…), bankariek zordun bihurtutako langileak kanporatzen dituzte euren etxeetatik, Mendebalde inperialistak irakaspen demokratikoak ematen ditu munduaren zehar herri langileak suntsitzen dituzten bonbardaketa eta suntsiketaren bidez,…. luzera joko luke horren ezagun egiten zaizkigun aldagai horiek guztiak zerrendatzen jarraitzeak. Aurten hainbat dira gogora ekarri nahi ditugun gertakari historikoak eta euren artean, bestera ezin izan, Herri Fronteak 1936ko otsailaren 16an espainiar estatuko hauteskundeak irabazi izana hautatu dugu abiapuntu bezala. Gure Ezkerraldean ere, erabateko garaipena lortu zuelako gure lan eta borrokarako agertoki diren Barakaldon, Sestaon, Portugaleten eta Santurtzin.

1936ko Otsailean hauteskundeak demokratikoki irabazi zituen Herri Frontearen ildo, asmo eta izaera orokor beretik abiatzen gara gaur egun Ezkerraldeko antolakuntza eta borroka antifaxista gauzatzen jarraitzeko asmoz gabiltzanak. Gaur eta hemen, Errepublikaz hitz egiten denean, Apirilak 14ko data da ikusgai agertzen dena. Adierazpen politiko historiko ororen klase izaera izkutatzeko helburuarekin eginiko propaganda horrek helburu argia du: Errepublika burguesaren eta Herri errepublikaren nortasunen eta edukinen gaineko eztabaida ekiditzea kapitalismoarentzat eta bere klase menperatzailea den burgesiarentzat arrisku ideologiko handirik suposatzen ez duen teatralizazio eta sinplifikazio folkloriko baten bidez. Edukinez gabetutako desitxuraketa historikoa bultzatzen ari dira 1936ko altxamendu faxista “Errepublikaren” aurkakoa izan zela esaten diguten bakoitzean. Burgesiaren soldatapeko historiagileek, “adituek” zein kazetariek ezin hobe darabilte egiak soilik erdizka aitortzearen pozoin ideologikoa.   

Begirada bat eman diezaiogun altxamendu faxista eragin zuen 1936ko Otsailaren 16ko hauteskunde haietan Herri Fronteak aurkeztu zuen programari, faxistek zehazki zeren aurka jo zuten ezagutzeko eta programa demokratiko-aurrerazale hark gaur egungo errealitearekin duen harremanaz ohartarazi aldera.
1-   Amnistia zabala.
2-  Grebak burutzearren edo militantzia politiko-sindikalagatik kaleratutako langile guztien berronarpena.   
3- Konstituzio demokratikoa, botere banaketa, legeria errepresiboen deuseztapena eta militarren boterearen mugatze zorrrotza.
4-  Lurraren erreforma burutzeko neurriak eta industria bultzatzeko plana.
5- Lan publiko, errepide, portu, zerbitzu kooperatiboen eta etxebizitzen eraikuntza bultzatzea, estatuaren beharrekin betetzeko eta, beraren bidez, langabezia mugatzen joan.
6-   Banketxeen politika berbideratzeko plana, aurrezki kutxen promozioa, kredituaren erregulazioa eta zerga sistema progresiboagoa ezarri.
7- Langileriaren baldintza moral eta materialak hobetzeko berehalako neurriak. Legegintza soziala berrezarri, lanaren arautegia berrantolatu, gutxieneko soldatak ezarri, bereziki nekazal munduko soldata miserableei aurre egiteko. 
8-    Hezkuntza publikoaren ezarpena.
9- Lurralde berezituen prozesu autonomiko ezberdinen garapenaren jarraipena.
Langileriaren garaiko alderdiek, mugimendu abertzale demokratikoek edota iraultzaileek babestutako programa honen bidez ate berri bat zabaldu nahi izan zuten estatu espainolaren historian; gutxieneko eskubide demokratiko erreal batzuk erdietsi, faxismoari harresia jartzearekin batera, baldintza horietatik abiatuta bere klaseko programa demokratiko-iraultzaileen inguruan herri langilea baldintza berri eta normalizatuagoetan antolatzen jarraitzeko. Hori izan zen, preseski, oligarka handiek eta feudalismo garaian eta bere egokierako ekoizpen atzeratuan murgilduta zirauten jauntxo ezberdinek, armadako adar batzuen eta nazioarteko faxismoaren laguntzarekin, gelditu nahi izan zutena. Herri Fronteko partaide ziren burgesiaren geruza demokratikoagoek, bere atal sozialdemokrata eta erreformista ezberdinekin batera, ez aurrera ez atzera egiteko beldurrak eraginda, faxisten altxamenduaren aurrean eramandako jarrera zalantzagarriak urrezko baldintzak eskeini zizkien faxistei. 1936ko uztaileko hasiera hartatik aurrera fronte errepublikarzalean gertatutakoaz eta jasotako porrotaren ingurukoaz balorazio eta interpretazio ezberdinak egin dituzte mugimendu hartan ibiltako adar ezberdinek, izan komunistak, anarkistak, abertzaleak edo bestelakoak. Denek partekatzen duten gauzetako bat honakoa da: faxistek guda irabazi zuten eta, hortik aurrera ezarritako maila eta arlo ezberdinetako errepresio basatiari esker, espainiar estatuko boterean egonkortu zen armadaren eta indar errepresiboen bitartez agintzen zuen oligarka talde bat burgesiaren bestelako adar sasi-feudal batzuekin batera, herri masak erakunde, sindikatu eta mugimendu faxisten bitartez kontrolatuz. 

       1936eko Herri Errepublikaren eta herri langilearen masen indartzearen aurka altxatutako faxistek, oligarkia finantziaria eta monopolista buru zutelarik, 1939ko apirilean eman zuten bukatutzat guda zibila: “Cautivo y desarmado el Ejército Rojo”, adierazi zuten. Egia da faxisten garaipen militar horrekin batera gure aurrenekoek herri demokraziari zabaldu nahi izan zioten atea giltzarrapo gogorrez itxirik mantentzen dutela 39ko irabazleen oinordekoek. Egia da ere 39tik aurrera eginiko saiakera ezberdinek ez dutela Espainiaren defentsaren atzean izkutatzen den oligarkia menperatzaile horren boterea suntsitzea lortu. Borroka lazgarriak burutu ditu herriak, langileriak, eta borroka horien bidez behin eta berriro geratu da agerian zein den zapaltzen gaituen estatuaren izaera eta jatorria. Ixilik, espainiar faxismoak besteak beste inposaturiko esplotazioa eta zapalkuntza nazionala artalde bakara baten gisara onartzen egon izan balira gure aurreneko belaunaldietako borrokalari antifaxistak, baliteke hemen dena behar bezala doanaren sentsazioarekin biziko ginatekeela. Baina zorionez ez da horrela izan. Harro gaude euren bidea gogora ekartzeaz eta jarraitzeaz. Izan zirelako gara, garelako izango dira. 80 urte hauetan zehar luzatzen den partida ez da oraindik bukatu.

          
            Orain artekoan -lanaren banaketa soziala burutu zenetik Historiak ezagutzen dituen- jendarte guztiek izan dituzte klase menperatzaileak eta menperatutako klaseak. Azken hauek izan dira etorkizuna askatasun, berdintasun eta elkartasunezko ideia aurrerazale orokorren defendatzaileak. Euren aldekoak, hau da, zapalkuntza gainditzeko piztutako borroken protagonistak, galtzaile jaio arren irabazle izateko bideari ekin izan diote beti. Klase menperatzaileei aurre egiteko eta euren pribilegioen defentsarako eraikitako sistema errepresiboak suntsitzeko nahitaezko beharra aipatu dute etengabe galtzaile jaiotako borrokalari guztiek. Guk berdin pentsatzen dugu.

          Faxismoarekin topo egiteko ez dugu ikerkuntza sakonen beharrik estatu espainolean. Batez ere, 1939ko garaipen militar faxistaren eskutik ezarritako ordenuarekiko apurketarik ez delako eman oraindik. 70. hamarkada amaieran eginiko saiakerak, lantegiak, ikastetxeak eta kaleak bete zituztenek, sintesian, Herri Fronteak bere programan biltzen zuena aldarrikatzeari ekin zioten euren eskura izan zituzten bitarteko guztiekin: Amnistia, lanpostu eta etxebizitza duinak, askatasun demokratiko errealak, munduko herriekiko elkartasuna,.... Soilik faxistentzako benetazko Amnistia osoa erakarri zuen lege baten bidez, euskal borrokalariak kaleratzera behartu zituen herri borrokak, zapalkuntza eta jazarpen egoera ukigabe mantenduz. Estatuko preso politiko guztiak ez zituztenez kaleratu, 1936tik aurrera preso politikorik gabeko egunik ez dela izan salatu beharrean gaude. Eta askatasun demokratikoen, autodeterminazioaren edota langileriaren alde borroka egiteagatik espetxeratutako preso politiko horien esistentzia soilak definitu egiten du estatu espainolaren izaera ukatzailea, ez-demokratikoa eta bere esentzia eta jatorri  faxista. “Amnistia”ren -amaiera puntuko- legearen ondotik iritsi zen Euskal Herrian ukatutako Konstituzio monarkiko eta kapitalista, frankismoaren zehar aberastasuna metatzeari utzi ez zion oligarkia menperatzailearen behar eta desioen araberako zigor kodea ukiezina, erregimenak beharrezko zuen azaleko erreformaren ikur nagusia, kalean tiroka eta koarteletan tortura sesio amaigabeekin inposatu zutena. Guk inolako “trantsiziorik” eman zenik ukatzen dugu. Trantsizio hitzari iragapena suposatzen diogu, nonbait batetik beste nonbaiterako ibilbide zehatza egitea alegia. Emandako aldakuntza nabarmenena honakoa da guretzat: Konstituzioa inposatu aurretik epelki aritzen ziren “antifrankistek” oligarkiaren eta bere botere faktikoen eskeintza onartuz, hauteskundeak faxismoaren mozorrotzat zituen estatuaren legitimatzaile eta alor batzuetako kudeatzaile izatera pasa zirela. 

          Ordutik gertatutakoa bere burua demokratikotzat aurkezten darraien usteldutako estatu faxista baten kronika beltza baino ez da: Ustelkeria, kaleratze librea, Audiencia Nazi-onalaren basakeri faxistak, nazio izaera objektiborik ez duen “Espainia Handi eta Bakarraren” izenean zapaldutako herrien ukazioa, esplotazio basatiena eta etxegabetzeak, tortura instituzionalizatzea, GALa eta Alderdien Legea, preso politikoen aurkako salbuespenezko sarraski-neurriak, NATOn eta bestelako erakunde inperialista-gudazaleetan parte hartzea, suntsiketa industriala, torturatzaile, narkotrafikatzaile, proxeneta handien eta taldexka nazi-faxisten inpunitatearen normalizazioa, Eliza katolikoaren eta bere itzalera bildutako sekta boteretsu ezberdinen pribilejioa eta bizitza publikoan duen eskuhartzeak ukigabe jarraitzea… 1936an lortutako batasun antifaxistak borrokatu zuenaren bertsio gaurkotua hain zuzen. Eta horregatik ari gara gu gogora ekartzen Herri Frontea, aldarrikatzen dugun programa baten bidetik indarrak biltzen jarraitzeko eta ildo antifaxista borrokalari bati jarraipen sendoagoa emateko. 

            Gu langile klasearen borroka politikoaren ezinbesteko parte den antifaxismo borrokalarian kokatzen gara eta -oraindik ere- zapaltzen gaituen estatu honetan langileriaren beharrak eta egitasmo politikoak errealitate bilakatzeko bide luzean lagungarri suertatzeko tresna zen Herri Frontearen Errepublika oroimenera ekartzearekin batera, 2016ko otsailean aldarrikatu nahi duguna azken 8 hamarkada hauetako borroka antifaxistaren etenik gabeko iraunkortasuna da. Belaunaldiz belaunaldi igaro den erresistentzia antifaxista borrokalariaren grina, Euskal Herrri osoan, eta gure Ezkerraldean benetazko herri demokraziaren alde borrokatu diren langileriaren gizon eta emakume guztiak.   

No hay comentarios:

Archivo del blog