antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herrigintza-duintasuna-formakuntza-asanblada-autodeterminazioa-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-okupazioa-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-autonomia-iraultza-euskara-amnistía-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak.... KONTAKTUA: izartubuletina@gmail.com




2016/04/27

MAIATZAK 1. KLASE BORROKAZ KAPITALISMOA SUNTSITU Ezkerraldea Antifaxista

"Maiatzaren Bata 1890ean ospatu zen lehen aldiz Euskal Herrian, Ezkerraldea zeharkatu zuten greba eta mobilizazioak burutu zituztelarik mehategietako beharginek. Euren gainbalioa modu gupidagabean xurgatzen zuten eta euren kontura oso azkar kapital eta botere meta paregabea kontzentratu zuten oligarkek inposatutako esklabutzari amaiera jartzeko asmotan eta lan eta bizitzeko gutxieneko eskubide batzuk gure historian lehen aldiz mahaigaineratu zuten modu antolatu eta masiboan"
                                                                   Apirilaren eta maiatzaren zehar klase borroka ardatz izango duen kanpaina abiaraziko du Ezkerraldea Antifaxistak. Maiatzaren Batak duen esanahi historikoa eta gaurkotasunez beteriko edukin osoa aldarrikatzeko baliatu nahi ditugu data hauek, guretzat, eta aldarrikatzen dugun borrokarentzat ezinbestekoa den ildoa argitzen jarraitzeko, mobilizazioaren, propagandaren eta agitazioaren bidez Ezkerraldeko langileria borrokalariari gure eskeintza zabaltzeko eta formakuntzari klase borrokaren ikuskeratik eskeinitako dinamikak aurkezteko. Bere lehen pausuak ematen doan antolakunde “gaztea” izan arren, orain artean eta hemendik aurrera egin eta egingo dugun bezalaxe.
Faxismoaren agerpena, forma eta gure errealitate historikoan duen egikaritze partikularraren  inguruko hausnarketa burutu genuen gure antolakundearen aurkezpen publikoa egin aurretik. Oinarri ideologiko orokor batzuk eztabaidatu eta partekatu genituen, sortu asmo genuen etxea lurzorutik eraikitzen hasteko. Oinarri horien arteko bat, gure jarduera erabat ezaugarritu eta baldintzatu egiten duena antolakundearen izaera antikapitalistarena da. Klase sozialetan banatutako, menperatu eta menperatzaileen esistentziarekin ezaugarritzen den sistema politiko-ekonomiko eta sozial guztia da faxismoaren agerpena eta forma eragiten eta determinatzen duena. Kapitalismoaren garapenarekin eta batez ere, gaur egungo bere garai monopolista eta inperialistan burgesia menperatzaileak langileria menperatuaren esplotazioa eta zapalkuntza betikotzeko erabiltzen duen euskarrietako bat delako faxismoa. Horixe da gure erronka, faxismoaren aurkako borroka kapitalismoaren aurkakoarekin testuinguratzea, lotzea, eta beraren bidez antolatzea. Hortaz, “Klase Borrokaz Kapitalismoa Suntsitu” izango da kanpaina honetarako aukeratu dugun leloa.
Maiatzaren Bata 1890ean ospatu zen lehen aldiz Euskal Herrian, Ezkerraldea zeharkatu zuten greba eta mobilizazioak burutu zituztelarik mehategietako beharginek. Euren gainbalioa modu gupidagabean xurgatzen zuten eta euren kontura oso azkar kapital eta botere meta paregabea kontzentratu zuten oligarkek inposatutako esklabutzari amaiera jartzeko asmotan eta lan eta bizitzeko gutxieneko eskubide batzuk gure historian lehen aldiz mahaigaineratu zuten modu antolatu eta masiboan. Ordutik asko izan dira azken mende eta erdian buruturiko manifestaldiak eta klase borrokaren baitan emandako mota guztietako borroka-adierazpenak. Meatzarien izerdi gorritik Sestaoko INEMaren kontrako ekintzan duela 25 urte Rosa, Jesus eta Marisolek isuritako odol gorrira klase bera da burgesiak bere pribilegioak defendatzeko eta betikotzeko helburuarekin sortutako egitura eta aparatuak borroka antolatuaren bidez kolpatzen mantendu dena: Langileria konsziente eta borrokalaria. 
Klase borrokaren zorroztea eta kamustea kapitalismoak nozitutako krisi ekonomikoen gogortzeak eta bere baitan dauden eragile guztien posizioek determinatzen dituzten fenomenoak dira eta hauek biek, hurrenez hurren, baldintza objektiboen eta baldintza subjektiboen eremuak osatzen dituzte. Egiari zor, gaur eta hemen baldintza objektiboek zapalduen iraultza bat gauzatzeko adina osagai daudela agintzen dute. Inor ez litzateke harritu behar iraultza sozialaren aldeko deia eta antolaketarekin alegia. Esplotazio mailak eta historian zehar langileriak buruturiko borroka gogorrekin lortutako eskubideen galerak ez dute mugarik eta monopolistek munduko desjabetuak eta herri langile guztiak baldintza tamalgarrietan superbizitzera kondenatzen dituzte egunez egun, krudelkeria eta izu inperialista hedatu dutelarik. Hori guztia bezain egia da baldintza subjektiboak nahasmena eragin eta estatu faxista honen agintari nagusi den oligarkia bere botere politiko, ekonomiko eta errepresiboari aurre egin diezaiokeen antolatutako aurkari konsziente nabarmenik gabe dirauela baieztatzea. Mugimendu antifaxista ere, iraultza sozialerako baldintza subjektiboen multzoa osatzen duen beste aldagai baten gisa, bere mugak ditu eta estatu mailan duen presentzia eta antolaketa zeozer indartu dituela ematen badu ere, egoerak esijitzen duenetik urrun gaude oraindik. Borroka ekonomiko-sindikalak piztu egiten diren arren, ez dute oraindik izaera politiko nabarmenik lortzen, esan nahi baita, langileria eta burgesiaren arteko norgehiagokoarenen gordintasuna masiboki azaleratzeko balio handirik izan ez dutela, “bake eta hitzarmen soziala”ren zaindari diren saldutako eta burokratizatutako sindikatu hori eta erreformistek ardura berezia dutelarik honetan guztian. Beste horrenbeste parlamentarismo faltsuaren mozorroaren estalpean dirauen estatu espainolaren eta berau gidatzen duen oligarkiaren izaera faxista alboratu eta herri langilea hauteskundeekin liluratzeko saiakeretaz eta aparatu instituzional ustelaren periferia jakin batzuen kudeaketaz eta euren lan ildoak Klase Borrokaren esistentzia manipulatu eta euren interes alderdikoietara egokitzeaz bizi diren politikari profesional estatalista edo abertzaleei dagokionez.       
Oraingo honetan ez gara iraganaz gehiegi arituko. Gure ustetan erabateko gaurkotasuna duten mezuak zabaldu nahi ditugu kanpaina honen bidez, Maiatzaren Batak guretzat duen esanahiaz baliatuz:
-Klase Borroka eta berau gainditzeko kapitalismoaren suntsiketaren beharra konplexurik gabe, ozen eta irmo aldarrikatu nahi dugu. Biolentziaz eta hertsapenaz ezarri zutena, biolentziaz eta hertsapenaz mantentzen dute oraindik ere beraz, “klase arteko adiskidetzeaz”, “hitzarmen sozialetaz”, “bizipozaz”, “Hiritargoa”z, “kastetaz”, “estatu dezenteetaz”, oligarkia faxisten neurrira sortutako eta bere kontrolpeko parlamentarismoaren “aukeretaz”…. mintzo diren aukerazaleak eta erreformistak salatu nahi ditugu, azken batean, praktikan, kapitalismoaren eta bere instituzio burgesen kudeaketa baino ez delako euren helburua, status pertsonala (eta askotan pertsonalista) mantentzeko sustraietara jo gabeko jarrera.
-Tamalez, langileok ez gaude oraindik Klase Borrokaren gordintasunari behar bezala heltzeko antolatuta. Konstatazio honek arrazoi eta arduradun zehatzak ditu eta gure ustetan langileriaren desmoralizazioa eta esplotatzaileen ideologia baino bultzatzen ez duten aitzaki gehiegi entzuten ari da gure herri eta auzoetan: “jendeak ez du kontzientziarik”, “elkartasunik ez dago”, “langileriaren alde zeozer egitea dioten guztiak berdinak dira”,… Aterabide kolektiboa ez balego bezala, estatu burgesak ezarri eta baimenduaren baitan atera gabe nahi gaituzte, euren esplotazio eta errepresioaren menpeko langileak behar dituztelako, antzeztutako irrifar batekin eguneroko umiliazioak agoantatzen jarrai dezagun. Burgesiak Langileriaren aurka darabilen terrorismoari aurre egiteko klaseko antolakunde borrokalariak dira behar ditugunak, kalean edota lantokietan borroka molde guztiak osagarrituz eta gure klasearen aurrean sinesgarritasuna irabazi eta autoestimua goratu egingo dutenak. Zeozer nahi duenak zeozer sakrifikatu beharrean dago. Zer esanik ez kapitalismoa suntsitzeaz ari bagara. Kapitalismoak dakarren katai ta zapalketa izan dadila guretzat indar askatzailea zioen euskal iraultzaile batek idatzitako abestiak. Sasi adituaren plantak eginez bere talaiatik antolakuntza eta borroka iraultzailerako baldintzarik ez dagoela errepikatzen dutenek ez dute gure onarpenik jasoko. Baldintzak antolakuntza eta borroka iraultzailearen bidetik soilik sortuko direlako. 
Estatuaren makineria errepresiboak ezarrita duen izuak klase bezala gure egunerokotasunean partekatzen dugun frustrazioan eta ordainduta ez ditugun oinarrizko jabetza materialekin konformismoan eta norbere irudiaren zein kontsumismo zentzugabearen forma ezberdinetan (komertzial guneetatik edozein drogomenpekotasunera) adierazitako zoriontasun faltsu eta birtual bat antzeztera eramaten gaitu, borroka egiteak zer suposatzen duenaz jabe garelako denok. Isunak eta espetxea, lanetik edo etxetik kaleratzea,… dira klase borroka geldiarazteko burgesiak dituen bitartekoetako batzuk. Beldur hori gainditzen ez dugun artean, kapitalaren kontra edozein erara borroka egitegatik errepresioa pairatzen dutenak babesteko elkartasun eraginkorra antolatzen ez dugun bitartean, klase bezala antolaketa borrokalariari ekiten ez diogun bitartean eta langileriaren lerroen baitan eragin nabarmena duten burgesiaren morroi eta suhiltzaile guztiak baztertzen ez ditugun bitartean gure buruari amaierarik ote duen galdezka jarraituko dugu erorketa libre honetan, lurreratzea ahalik eta beranduenen iristeko desio egoistarekin emango dugularik bizitza osoa edota antolaketa praktikorik gabeko eta edukin errealez gabetutako lelo perfektuenak hedatzen.      
-Antifaxistok urteurren berezi baten inguruan ospatuko dugu aurtengo Maiatzaren Bata: 1936-2016, Herri Fronteak hauteskundeak irabazi eta altxamendu faxista martxan jarri eta 80 urtera estatu espainolean guda zibil-antifaxista galdu genuenetik ezarritako faxismoarekin apurketa demokratikoa burura eraman gabe darraiela gogoratu beharrean gaude. Zentzu horretan 1978an ezarritako erreximenak eta bere konstituzioa aurreneko frankismoaren oinordeko zuzentzat hartzen ditugu oraindik, gaur egungo aukerazaleak, sozialdemokratak eta erreformistak kinka larrian dagoen eta kroniko bihurtutako krisi politiko, ekonomiko eta instituzionalen kudeaketaz arduratzen den estatu hori legezkotzeko darabilten hitzontzikeri, faltsukeri eta saldukeriaren gainetik. Herri Fronteak eta bere garaipenarekin indartutako langile eta herri masek eta erreforma garaian lantegi eta kaleetan gure herriak borrokatutako aldarrikapenetan oinarritutako apurketa demokratikorik gabeko aterabide oro errefusatzen darraigu antifaxista borrokalariok. Lan duina, Etxebizitza eskubidea, Autodeterminazio eskubidea, Amnistia, torturatzaileen, ustelen, narkotrafikari eta proxeneten eta bestelako talde faxisten zigorgabetasunarekin behingoz amaitzeko Herri Justizia, emakumezko langilearen erabateko berdintasun erreala, erakunde inperialistetatik ateratzea (EB, NATO,…),…. dira orokorrean, besteren artean, burutu gabeko apurketa demokratiko hori, 1936tik lurpean dauden edota ahaztu ezin ditugun borrokalari antifaxista guztiei zor diegun Garaipena ezaugarritu behar duten helburuak. Atzo eta gaur, Borroka bide. Azken 80 urte hauetako ibilbideak ezaugarritzen du guk aldarrikatzen dugun Antifaxismoaren izaera eta jarrera, estatu osoko gainontzeko mugimendu antifaxista borrokalari guztia ezaugarritzen duen bezalaxe, nazionalki zapaldutako herrietakook izan ditzakegun berezitasunen gainetik.    
-Maiatzaren Batak duen izaera internazionalista ukaezina aintzat hartuz, gure miresmena eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu inperialismoaren basakeria eta oldarraldia pairatzen duten Munduko Herri Langile borrokalari guztiei, eta bereziki inperialismoak ezarri dieten gerrei bitarteko guztiekin aurre egiten diotenei. Aipamen berezia egin nahi diegu Siriako subirautza defendatzeko eta mundu arabiarrean AEB eta EBren inperialismoaren gotorleku diren Saudi Arabia, Turkia, Israel eta erreakzio wahabita faxistaren adierazpen ezberdinen oldarraldiak geldiarazteko bere aberria defendatzen etxetik mugitu gabe geratu diren guzti-guztiei. Ukraina ekialdeko Donbassen borrokan dirauten milizia antifaxista eta antioligarkikoak modu berezian aipatu nahi ditugu ere. Orokorrean, kontinente guztietan hedatuta dagoen Klase Borrokan eragiten duten herri langilearen adierazpen iraultzaile guztiak, Indiako Herri-Guda, Venezuelako Milizia Bolibartarrak, AEBtan antolatutako autodefentsarako Pantera Beltza berriak,… Herrien artean Bakea, Klaseen artean Guda. No Justice, No Peace.
-Ezin dugu beste alde batera begiratu sarraski inperialisten eta behartutako pobrezia egoera neokoloniaren ondorioz euren aberritik ihes egin eta Europako gotorlekuaren zehar noraezean dabilen masa migrariaren errealitate tamalgarriaren aurrean. Egunez egun oligarkia eta estatu inperialisten komunikabideek, hau da, herrialde horien azpiratzeaz miseriaz, esklabutzaz eta sarraskiaz bizi baino aberasten direnen hedabideek pasatzen dituzten irudiek nolabaiteko “bihotzberatasuna” piztu egin dute Europa zaharreko herri sektore anitzetan. Refugees Welcome -Errefuxiatuak Ongi Etorri- edo Rights for all the People -Pertsona Guztientzako Eskubideak- bezalako mezuak plazaratu egin ohi dira azkenaldian. Turkiako estatu faxistaren eta EBaren arteko ituna dela eta asaldatu egin dira sektore hauetako gehienak. Karitatea ala elkartasuna? Errealitate hau eragin dutenen komunikabideek bideratu eta kontrolatutako euren kontzientziarekin lasai bizi ez direnen “sukar mendebaldarra” ala inperialismoaren ondorioen gordintasunak eragindako herri antolaketa konszientea? Gure ustetan, inperialismoaren egituren parte diren eta euren erasoen aurrean ixildu egiten diren erreformista eta sozialdemokrata asko eta asko ari dira modu ezin aukerazaleagoan errealitate krudel hau bere interes eta protagonismorako baliatzen. Afghanistan, Irak, Libia edo Siria bezalako herrialdeen aurkako eraso eta sarraski inperialistak “demokrazia” eta “giza eskubideen” izenean burutu dituztenekin batera osatzen dute kapitalismoaren zirkoa, batzuek makila darabilten bitartean hauek azenarioa eskeintzen digutelarik “gizatasunaren” izenean. “Beste mundu bat” posible dela diote, beste kapitalismo bat nahi dutela esan nahi duten bitartean. Egoera dramatiko, guztiz arbuiagarri eta tamalgarri hau bezalako ondorio lazgarririk gabeko kapitalismoa nahi omen dute. Guk, ondorio hauek eragiten dituen sistemaren kontra ez jotzeko duten jarrera koldar eta hipokrita salatu nahi dugu, ameskeri eta lilurakerietan oinarritutako aterabide utopikoen ordezkari hauek gezurrak baino ez dituztelako saltzen euren alderdi instituzionalizatu, banketxeen mailegu eta inperialismoaren funtsek sostengatutako erakunde karitatibo, GKE eta bestelakoen bitartez. 
Beste alde batetik, aipamen berezia egin nahi dugu Europako gure kide antifaxista greziar, ingeles, frantses, alemandar, hungariar etab.,… guztien inguruan: errefuxiatuen eremuetan, migrarien akanpalekuetan, estatuen mugetan edo hiri handietan talde nazi-faxista eta poliziaren erasoetatik desjabetutako masa hau defendatzeko unean erakusten ari den ausardia eta erabakimenagatik zoriondu nahi ditugu. Euren ekimena ez da sarraskigileen hedabideetan agertuko baina euren ekimena da oraingo honetan  errefuxiatuen eta migrarien auzia dagokion Klase Borrokan kokatzen lehena ondorio lazgarriak eragiten duen borroka eredugarri baten bidez. Errealitate honek guztiak modu bortitzean ari da azaleratzen onartutako eremu batzuetatik orain artean atera ez den Nazi-faxismoa eta bere ideia ustelak Europa osoan hedatuta eta antolatuta daudela eta, tamalez, ez dugu uste intentzio onenekin edo gupida karitatiboenarekin sarraski inperialisten ondorio latz eta gordin hauei guztiei amaiera edo muga jarri ahal izango diogunik. Nazi-faxismoa ez da inoiz desagertu (nola desagertu kapitalismoa dirauen artean?) baina Europako bihotzean berriro esnatu egin da, geratzeko dator eta har ditzakeen diskurtso, estetika eta forma zehatzetatik harago, aurrez-aurreko ekidiezin bezain gogorrak datozela aurreikusi eta iragarri dezakegu modu ezin argiagoan. Honen guztiaren inguruan sakonki hausnartzeko eta behar den modura antolatzeko deia zabaltzeko baliatu nahi dugu ere Maiatzaren Bata aitzaki hartuta egiten ari garen kanpaina hau.
Gure ustetan, kapitalismoak berak migrari eta errefuxiatu hauetako milaka Europa osoko langileriaren parte bihurtu ditu. Hortaz, langileriaren parte diren heinean, klaseko elkartasunaz harago, batzen gaituen klase borroka berean parte hartzeko bitartekoak eskeini behar dizkiegula uste dugu, estatu terroristek onartu, legalki baimendu eta kudeatutako asistentzialismo oro gainditu eta baztertzeko. Langileriaren adar honen aurkako arrazakeria eta xenofobia adierazpenak borrokatzeko deia luzatzen dugu, “hemengoentzako laguntzak”, “lehenik etxekoak”, “lanpostuak lapurtzera datoz” bezalako lelo populisten atzean faxismoaren oinarri ideologikoa izkutatzen delako. Berton jaioa ala migraria, langileria bera da.   
-Azkenik kanpainaren baitan bi deialdi burutuko ditugula jakinarazten dugu. Ezkerraldeko Herri Langile osoari bertan parte hartzeko deia luzatu nahi diogu.
MANIFESTAZIOA: Apirilaren 30ean, larunbata, 20:30etan Barakaldoko Bide Onera Plazatik.

HITZALDIA-FORMAKUNTZA: Euskal Herriko Langile Mugimenduaren bilakaera historikoa. Santi Ramirezen eskutik. Maiatzaren 7an, larunbata, 18etan Portugaleteko Merkatuan.

GORA MUNDUKO LANGILERIA BORROKALARIA!
KLASE BORROKAZ KAPITALISMOA SUNTSITU!
BURGESIAREN ETA FAXISMOAREN AURKA TREGOARIK EZ!  

No hay comentarios:

Archivo del blog