"Askatasunaren Bideanek plazaratzen dituen kritikak ez dira berriak
eta hainbat moldetan gizarteratu dira azken urteetan. Horietako
ezagunenak amnistiaren inguruko diskurtsoan egituratu dira, batez ere
Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduaren bidez.
Iraultzaileen Bilguneak edo Ibil moduan ezagututakoa ere sortu zen
2013an eta ANV-EAE historikoaren ideiei helduz, Euskal Ekintza erakundea
2015eko abuztuan. Izaera anitzeko ekimenak dira aipatutakoak, baina
Sorturen ibilbidea egurtu izan dutenak."
Askatasunaren Bidean sortu da eta honekin
ofizialki gauzatu da egiazkoa zen ezker abertzalearen barruko zatiketa
politikoa. Horrek erakusten du Euskal Herria ez dela beste herrialde
batzuetatik oso desberdina, hainbatetan pentsatu eta aldarrikatu izan
den kontrara. Irlandan ere eman zen prozesu hori, aski giro gordinagoan
gainera, Sinn Féin eta IRAtik aldendu zirenek borroka armatuarekin
jarraitu baitute.
Borroka armatua da euskal gizarteko alor mediatikoak begiratu izan
duen puntu nagusietakoa. Zer gertatuko da? Askatasunaren Bideanek Bilbon
egindako agerraldi publikoan argi utzi zuen ez dutela horretaz hitz
egin; alabaina, iradokitzen da ez dela lehentasunen artean, aipatu
zutelako ezker abertzaleak baduela nahiko masa kritiko beste era batera
antolatzeko. Aurkezpenerako ateratako agirian, dena den, argi antzematen
da haiek ez diotela inori esango nola borrokatu behar den edo nola ez:
“Euskal Estatu Sozialistaren bidean, Euskal Herria askatzeko borrokan,
nork bere tokia har dezala, gogo eta indarren arabera”.
Legitimitate borroka garrantzitsua ematen ari da ezker abertzalearen
baitan eta Bilbon ere talde esanguratsuak lagundu zuen aurkezpena, 50en
bat preso eta errefuxiatu ohik. ETAren jarduera armatuaren amaiera
ekarri zuen estrategia bideratu zutenen aurkako kritika oso gogorra egin
du talde berriak. Ezker Abertzale ofiziala dei genezakeena –Sortu, LAB,
Ernai– politikoki larrutzen du, funtsean traizioa leporatuz eta hauen
izaera Bergarako Besarkada, Santoñako errendizioa edo ETA pm, EIA eta
Euskadiko Ezkerrarekin parekatuz.
Ezker abertzale ofizialak jadanik oso aspaldi erabiltzen ez duen
Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren militantetzat jotzen dute euren
burua eta “lotsagarritzat” hartzen dute Sorturen jarduera eta norabidea.
Denbora mugarria ere finkatu dute: traizioaren hasiera sinbolikoa
2009ko azaroan Altsasun legez kanpoko ezker abertzaleak “Mitchell
Printzipioak” onartu zitueneko prentsaurreko jendetsua izan zen. Harrez
gero, ezker abertzalean bi joera garatu direla iritzi diote, “alde
batetik erreformista, oportunista zein instituzionalista eta bestaldetik
abertzale sozialista iraultzailea”. Lehena nagusitu da ezker
abertzalearen erakundetzean, eta orain bigarrenak lehia politikorako
atea ireki du.
Askatasunaren Bideanek plazaratzen dituen kritikak ez dira berriak
eta hainbat moldetan gizarteratu dira azken urteetan. Horietako
ezagunenak amnistiaren inguruko diskurtsoan egituratu dira, batez ere
Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduaren bidez.
Iraultzaileen Bilguneak edo Ibil moduan ezagututakoa ere sortu zen
2013an eta ANV-EAE historikoaren ideiei helduz, Euskal Ekintza erakundea
2015eko abuztuan. Izaera anitzeko ekimenak dira aipatutakoak, baina
Sorturen ibilbidea egurtu izan dutenak.
Era askotako kritika emaria jaso du Sortuk azken urteetan, bai bere
baitatik bai herri mugimenduei loturako sektore zabaletatik ere. Zenbaki
honekin batera argitaratu den LARRUNen ere –“Ezker abertzalea
berpentsatzen”– irakurri daitezke horietako batzuk, hamaika gaztek
egindako hausnarketetan. Abian prozesuarekin eztabaida bideratu
nahi izan dute Sortu, LAB eta Ernaik, eta ikusteke dago honek zer
emaitza emango duen edo zein neurritan lortuko den krisi sakona bizi
duen ezker abertzale ofizialaren berregituraketa.
Oraingoz ez dirudi korronte hauek ezker abertzale nagusiaren
hegemonia gainditzeko adina indar dutenik, baina lehia ematen ari da
esparru askotan eta disidentzia gorpuztu ahala, hauteskunde borroka ere
ezin da baztertu. Ez da Askatasunaren Bideanen lehentasun esparrua,
baina ate hori ere parez pare irekita geratu da.
http://www.argia.eus
http://www.argia.eus
1 comentario:
Eskerrik asko lau txakurren txioa eta zaunka hauspotzearren. Txintik ere ez zure aldizkarirako.
Publicar un comentario