antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herrigintza-duintasuna-formakuntza-asanblada-autodeterminazioa-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-okupazioa-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-autonomia-iraultza-euskara-amnistía-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak.... KONTAKTUA: izartubuletina@gmail.com




2016/11/04

ONGI ETORRI ERREFUXIATUAK Asier Blas

"Mendebaldeko ezkerrean jarrera inperialistak hartu du hegemonia. Honen arabera, gure sistema politikoak munduko guztien gainetik daude, gu gara eskubide indibidualak, askatasun zibilak eta demokrazia behar bezala gordetzen ditugunak. Garai batean jaungoikoa edo garapen sozioekonomikoa eramateko aitzakiapean herrialdeak inbaditu eta kontrolatzea justifikatzen zen bezala, orain ezker hegemonikoak joko bera egiten du demokrazia eta askatasun zibilen mantrarekin"
 
XX. mende hasieran nazioarteko mugimendu sozialista gerraren aldeko eta kontrakoen artean zatitu zen. Mende bat beranduago gauzak ez dira gehiegi aldatu. 2003ko gerraren aurkako mobilizazioak oso handiak izan ziren. Mundu osoan milioika pertsonek hartu zituzten kaleak Irakeko inbasioaren aurka protestatzeko. Atzean geratu zen Mendebaldeko ezkerraren parte handi batek izan zuen jarrera inperialista, 1999an NATOk Jugoslaviaren aurka egin zuen gerra ilegala babestuz.  
 
Ordutik AEBek asko ikasi du. NATOko kideen esku-hartze inperialistak ugaldu egin badira ere, ez dute errepikatu Irakeko akatsa. Nazioarteko legeak hausten jarraitzen dituzte bonbardaketekin eta unean uneko inbasio militarrekin, baina orain kontrolatu nahi dituzten herrialdeen aurkako erasoetan delegaturiko (proxy) gerrek irabazi dute protagonismoa. Hamarnaka milaka atzerritarrek borrokatu zuten Libiako estatu soberanoaren aurka eta hamarnaka milaka ari dira Siriako estatu soberanoaren aurka. Qatar, Saudi Arabia, Israel, Turkia, AEB, eta NATOko herrialdeen inplikazioa Ekialde Hurbileko gerretan sekulakoa da, noizbehinka Al Qaeda eta ISIS laguntzen edota zuzenean edo zeharka armatuz. Modu batera edo bestera, Clark jeneralak, McCain senatariak edo Hillary Clintonek ere onartu dute. Ez da berria inperialismo angloamerikarrak muturreko islamismoa erabiltzea, mendeak daramatza hori egiten.
 
Halere, orain ehun urte bezala, Mendebaldeko ezkerrean jarrera inperialistak hartu du hegemonia. Honen arabera, gure sistema politikoak munduko guztien gainetik daude, gu gara eskubide indibidualak, askatasun zibilak eta demokrazia behar bezala gordetzen ditugunak. Garai batean jaungoikoa edo garapen sozioekonomikoa eramateko aitzakiapean herrialdeak inbaditu eta kontrolatzea justifikatzen zen bezala, orain ezker hegemonikoak joko bera egiten du demokrazia eta askatasun zibilen mantrarekin. Kasu batzuetan Mendebaldeko herrialdeetan inperialismoaren propaganda masiboaren abangoardia bilakatu da, frogak eta protagonisten adierazpenak sinetsi gabe eta erasotzaileak eta eraso jasotzaileak (bide batez, nazioarteko legedia hausten ez dutenak) parekatu nahian.
 
Milaka pertsona batzuk mobilizatu eta bizpahiru astetan armak eta milaka borrokalari lortu ditzaketela sinetsarazi nahi digute, nahiz eta aldi berean sinetsarazi nahi diguten munduko “diktadura lazgarrienetako” batean gertatzen dela hori. Ez da inuzentekeria, kopeta handia dute. Esplika diezagutela bestela nola den posible inperialismorik gabe Qatarreko biztanleen aztarna ekologikoaren batez bestekoarekin bost planeta behar izatea eta AEBetako biztanleenarekin lau behar izatea. Hau horrela da munduko baliabideak kontrolatzen dituztelako eta hori lortu ahal izateko herrialde soberanoak suntsitu eta beraien kontrolpera eramateko edozer egiteko prest daudelako.
 
Hori bai, bitartean kontzientziak lasaitzeko ezkerra “Gerrarik ez” oihutik “Ongi etorriak errefuxiatuak” lelora pasa da. Horrela XXI. Mendeko Caritas berriaren antzera aritzen da, noski, errefuxiatuei behar bezalako harrera egin behar zaie, baina horiek ez dira meteorologiazko fenomeno baten ondorioa, Mendebaleko herrialdeen eta bere aliatuen estrategia inperialista baten ondorio baizik. Une zehatz batean pobreziari aurre egiteko limosna beharrezkoa izan daiteke, baina ez bada esplikatzen zergatik gertatzen den,  eta ez bada borrokatzen egoera iraultzeko, betikotu daiteke. Herrialde bat suntsitzea eta populazioz hustea drama humanitarioa izateaz gain, herrialde horren soberania ostu eta bere garapen sozioekonomiko eta kulturala oztopatzeko biderik eraginkorrena da.

Iturria:
http://www.argia.eus/argia-astekaria/2528/ongi-etorri-errefuxiatuak

No hay comentarios:

Archivo del blog