Herri eta langile mugimenduak euskal herri langileak pairatzen dituen zapalkuntza zehatzei aurre egiten die; bere burua antolatuz eta kudeatuz, autodeterminazioa eta autodefentsa praktikatuz aurre egiten die. Herri eta langile mugimendua ENAMren sorrera historikoaren oinarria izan da.
Aurrera eraman duen borroka dela eta, Estatu kapitalista eta patriarkal espainolaren eta frantsesaren erasoen jomuga izan da: langile klasearen eta herritar sektore zabalen txirotzea, prekarizazioa, gain-esplotazioa, denbora librearen murrizpena, errepresioak, guda kulturala, alienazioa, desintegrazioa (fabrikak, auzo industrialak desagertzen joan dira), sexu-genero erasoa, eta abar. Euskal burgesiaren ordezkari den EAJren interesak Estatuei lotuta daude, eta horregatik aurre egin ordez erasoak burutzen laguntzen du.
Kapitalismoaren egungo krisiak sortutako egoera ekonomikoaren eta sozialaren aurrean, burgesia txikiaren eta gaizki izendatutako «klase ertainen» sektore batzuk Estatu zapaltzaileek martxan jarritako neurrien kontra protesta egiten dute. Herri mugimenduak inklusiboa baina iraultzailea eta independentista izango den modelo bat planteatu behar du, jendartearen kapa horiek erreformismoaren eraginetik ateratzen saiatuz. Euskal herri mugimenduak klase askapen nazionalaren alde, feminismoaren alde eta independentziaren alde borroka egin behar du.
Premiazkoa da herri mugimenduaren berr-antolaketaren alde lan egitea, eta horretarako hausnarketa kolektibo bat egin behar dugu; zein jendartetan bizi garen, boterearen erasoak zeintzuk izan diren eta diren, erasoek nola ahultzen gaituzten eta gure indarrak ezagutzen jakiteko hausnarketa.
Kurtso hau bukatu baino lehen egin beharreko eztabaida batera deitzen dugu, eta eztabaidarako bost bloke handi proposatzen ditugu:
- Emakume langilea bere bizkar gainean klase, nazio eta sexu-genero zapalkuntzen zatirik handiena daraman oinarri herritar kuantitatibo eta kualitatiboa da. Hori dela eta Euskal Herri feminista, sozialista eta independiente baten aldeko borroketan funtsezko indar iraultzaile gisa kokatu behar da feminismo abertzalea.
- Herri mugimendua eta mugimendu sozialak ondare komunalen eta eskubide sozialen defentsarako eta berreskurapenerako koordinatu behar dira.
- Aipatutako aldaketen aurrean, trebakuntza ideologikoaren, teorikoaren eta praktikoaren bidez, gaitasun teoriko-politikoa eguneratu beharra dago.
- Ezinezkoa da Euskal Herriaz hitz egitea eta euskal kultura baztertzea. Euskal kulturaren, eta bereziki hizkuntza, euskararen, suspertzea eta sendotzea eztabaida horren eta Euskal Herriko askapen prozesuaren oinarrizko ardatz bat izatea derrigorrezkoa da.
- Estatu zapaltzaileen errepresioen aurrean, herri mugimenduak aurre egingo dien teoria eta praktika bat garatu behar du. Era berean, Estatuek bahitu politiko gisa erabiltzen jarraitzen dituen gure kide preso, exiliatu eta deportatu guztiak askatzeko borroka egin behar du.
Aurrerantz
Euskal Herrian, 2017ko otsailaren 23an
No hay comentarios:
Publicar un comentario