Independentismoa-antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herria-kontrainformazioa-duintasuna-formakuntza-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-dialektika-iraultza-euskara-amnistía-nortasun nazionala-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak

2016/11/03

FARC-EP-ren ESTATU NAGUSI ZENTRALEKO KOMANDANTE BURUARI ELKARRIZKETA Orsola Casagrande

"Kolonbiako Estatuak gure herriaren kontra darabiltzan indarkeria mota guztiak debekatu arteko borroka da gurea, eta uste dugu itun honen bidez aurrerapauso nabarmenak eman ditugula hori lortzeko. Habanako Itunean, arreta berezia jarri dute paramilitarismoan, legez kanpokoa denez estatuari lagungarri baitzaio hiltzaile talde horien atzean ezkutatzeko bere jardun biolentoa. Horri dagokionez, hainbat kontu itundu dira, eta, horiek betez gero, benetako iraultza gertatuko da, argi eta garbi, oposizioko alderdi eta erakundeen berme eta eskubideetan."           
             
              Adinez nagusi izan aurretik sartu zen FARC-EPen, 1976an, 17 urte zituelarik, eta bizi zen inguruneko egoerak hartaraturik. «Herri pobre bateko familia pobre batekoak ginen; indarkeria garaiak erasandako guraso batzuen ondorengoak». Rodrigo Londoño Echeverri zen hark (Calarca, Kolonbia, 1959) beste izen bat hartu zuen gerrillari izateko: Timoleon Jimenez, Timochenko iraultzailea. Erakunde matxino iraultzaile horren Estatu Nagusi Zentraleko komandanteburua 2011. urtetik, Alfonso Cano hilez geroztik.

Hauxe du nazioarteko hedabide bati esklusiban eman dion lehenbiziko elkarrizketa, bake itunari buruz egindako plebiszituan ezezkoak irabazi zuenetik zehazki hilabete bete den honetan. Timochenkok Habanatik erantzun die, banan-banan, BERRIAk egindako galderei. Aztergai ditu, besteak beste, joan den abuztuaren 24an sinatutako bake itunaren egoera, zer dilema dakartzan ezezkoaren garaipen doiak —%63 izan zen abstentzioa—, eta ELNrekin negoziatzen hasi izana. Hainbat xehetasun ere eman ditu elkarrizketen prozesu luzeari buruz, eta, azkenik, adierazi du bere erakundeak konpromiso sendoa hartua duela itundutakoa betetzeko eta ezkerretik Kolonbia berri bat eraikitzeko. Gobernua eta gerrilla Habanako negoziazio mahaian eseriko dira gaur berriro. Bi aldeek espero dute «modu azkar eta efikaza» bilatuko dutela egun gutxi barru Bake Itunak berritzeko.

Lehenik, aipa dezagun plebiszituaren emaitza. Ezezkoak irabazi zuen, estu eta larri, abstentzionismoa ezin handiagoa izan baitzen. Nola aska liteke espero gabeko korapilo hori?

Joan den urriaren 7an, komunikatu bateratu bat igorri genuen ordezkaritza biek, hala gobernu nazionalarenak nola FARC-EPrenak. Komunikatu horretan, modu agerikoan jasota dago alde biok konprometitzen gaituela abuztuaren 24an sinatutako Azken Itunak; izan ere, gure iritziz, hantxe dago zehaztuta zer erreforma egin eta zer neurri hartu behar diren bakearen oinarriak zedarritzeko eta gatazka armatuaren amaiera bermatzeko. Horrek ez zuen esan nahi ez zenik aintzat hartzekoa ezezkoak estu eta larri irabazi izana. Hori kontuan izanda iragarri zen, hain zuzen, prozesu arin eta eraginkor baten bidez entzungo zirela gizarteko hainbat sektorek zituzten kezkak, haiek ulertu eta haientzako konponbideak zehazteko lehenbailehen. Proposamen eta doikuntza horiek gobernu nazionalaren eta FARC-EPren artean eztabaidatuko dira. Ia amaitua dago proposamenak eta kezkak jasotzeko prozesua, eta prest gaude horiek hurrengo egunetan aztertzen hasteko. Era berean, lanean ari gara formula juridiko eta politiko eraginkorrena lortzeko, eta itundutakoa ezartzen hasteko. Uste osoa jarria dugu alde bien borondatean eta Kolonbiako herritarren babes masiboan; helburua da bakerako eta herrialdearen adiskidetzerako komenigarriena den moduan konpontzea hau guztia. [Beste agiri bateratu bat argitaratu zuten gobernuak eta gerrillak urriaren 28an, BERRIAri elkarrizketa eman eta zenbait egunetara. Kolonbiako gizarte eragileek egindako proposamenak «kontu guztiarekin» aztertzen ari zirela eta horietako batzuk Bake Itunari eransten ari zirela jakinarazi zuten].

Behin Bake Itunak sinatuta, egiteko dago zailena: haiek praktikan jartzea. Horren haritik, zein dira FARCen Hamargarren Konferentzia Gerrillariak hartutako erabaki nagusiak?

Hamargarren Konferentzian, egiteko funtsezko bat zirriborratu zen: Habanako Azken Ituna erabat ezartzearen alde lan egitea. Horrek berekin dakar itundutakoa betearazten dela egiaztatu eta kontrolatu ahal izateko mekanismoak erabiltzea, testuan zehaztuta dagoen bezala, eta tokiko komunitateek ere parte hartzen dutela. Horrez gainera, borroka politikoa dago. Eraldatuko garen mugimendu politiko berriaren banderetako bat da, hain zuzen, itunak doi-doi ezartzearen alde lan egitea, eta, horretarako, funtsezkoa da elkarrekin lotzea landa eta hiri inguruneko komunitateak, biktimak, demokratak eta, oro har, hainbat herri sektoretakoak; eta guri dagokigu, hein handi batean, horiek kontzientziatzea eta mobilizaraztea ituna behar bezala ezar dadin. Jakina, ez gara hutsetik hasiko, Kolonbian jende asko prest baitago hori lortzearen alde lan egiteko.

Programa eta antolakuntza aldetik, zein oinarri hartuko dituzue aintzat erakunde soilik politiko bihurtzeko?

Horixe izan zen gure Hamargarren Konferentziaren erabakietako bat. FARCekoak alderdi politiko bat gara; horixe izan gara gure sortzetik beretik; estatuaren biolentziari aurre egiteko armak hartu zituen alderdi politiko bat. Orain, kontua da gaur egungo legezkotasun eta modernotasun baldintza berrietara egokitzea. Ez dugu zertan aldatu ez gure ideologia, ez eta gure politika eta antolakuntza irizpideak ere. Baina, Konferentziak horretarako bidea eman zuenez, hori alderdi berria eratzeko kongresuan eztabaidatu eta onartu beharko da; eta kongresua, beranduenik jota, 2017ko maiatzean egin beharko da, Habanan sinaturiko itunak ezartzeko modua dagoen neurrian, betiere.


Itunak oso-osorik beteko direla behatu eta egiaztatuko du nazioarteko komunitateak. Zer garrantzi ematen diozue horri?

Nazioarteko komunitatea modu progresibo baina erabakigarrian bildu da bake prozesura. Hasieran, Kubak eta Norvegiak parte hartu zuten, eta Venezuela alboan izan zuten beti. Gero, Txile gehitu zitzaien, eta, pixkanaka, oniritzi adierazpenak helarazi zituzten Europako Batasunak, Ameriketako Estatu Batuek, Unasur Hego Amerikako Nazioen Batasunak, Alemaniak, Errusiak, Nazio Batuek eta haren Segurtasun Kontseiluak. Horrek izugarrizko balioa du guretzat, nazioarteko komunitateko gehienek modurik okerrenean kalifikaturiko eragile moduan iritsiak baikara mahaira. Baina erakutsia dugu gure izaera ideologiko eta politikoa, gure bokazio bakezalea, eta hartuak ditugun konpromisoekiko seriotasuna eta erantzukizuna. Horrek guztiak bestelako maila batean jarri gaitu, eta berebiziko garrantzia eman dio bake prozesuari.

Paramilitarismoa desegitea, ezbairik gabe, ezinbestekoa da bake egonkor eta iraunkor bat egiteko. Zer nabarmenduko zenuke gai horri buruz?

Kolonbiako Estatuak, besteak beste, paramilitarismoa erabili du oposizio politikoari aurre egiteko; baina ez da horretaz bakarrik baliatu. Jazarpen judizialak izan dira, polizia azpijokoak, eta, noski, agente ofizialek modu agerikoan baliaturiko indarkeria. Kontua da gure herrialdeko jendearen borrokari esker, eta nazioarteko begiradapean, gero eta nekezagoa zaiola estatuari indarkeria agerikoaz baliatzea. Hala ere, begien bistakoa da Polizia Nazionalak eta armadak zapalkuntza basatia darabiltela, oraindik, protestaldien eta herri mobilizazioen kontra.

Egiaz, Kolonbiako Estatuak gure herriaren kontra darabiltzan indarkeria mota guztiak debekatu arteko borroka da gurea, eta uste dugu itun honen bidez aurrerapauso nabarmenak eman ditugula hori lortzeko. Habanako Itunean, arreta berezia jarri dute paramilitarismoan, legez kanpokoa denez estatuari lagungarri baitzaio hiltzaile talde horien atzean ezkutatzeko bere jardun biolentoa. Horri dagokionez, hainbat kontu itundu dira, eta, horiek betez gero, benetako iraultza gertatuko da, argi eta garbi, oposizioko alderdi eta erakundeen berme eta eskubideetan. Nazioarteko komunitateak egiteko garrantzitsua du horretan, eta espero dugu aurrerantzean ere eraginkorra izatea haren ekarpena.

Konpontzeko geratuko litzateke prozesu bat, ELN Nazioa Askatzeko Armadarekin egin beharrekoa, eta hastear dagoela iragarri dute. Zer iritzi duzu horri buruz?

ELN erakunde iraultzaile eta matxino bat da; kidetzat hartu izan dugu beti borrokan. Behin baino gehiagotan jardun izan dugu haiekin Santosen gobernuarekin lantzen ari ginen bake prozesuaren ingurukoaz, baita Santosen beraren babesarekin ere, zeinak interesa baitzuen haien indarra prozesuari lot zekion. Haiek beren ikuspegiari eusten diote bizitza eta politika nazionaleko hainbat gorabeherari buruz, eta haietan oinarriturik erabaki zuten beren bidetik jotzea, guk egindakorik gaitzetsi gabe. Baina, aldi berean, beren kabuz borrokatu dira elkarrizketarako mahai bat eta agenda bat ezartzearren, eta garatzen hastekoa da orain, Quiton. Suharki nahi eta espero dugu gure kideek lehenbailehen lortzea itun gogobetegarri bat, kolonbiar guztioi elkar besarkatzeko bide emango diguna bakearen eta adiskidetzearen aldeko ahalegin eskerga honetan.

Nekazaritza erreforma integralak giltzarria dirudi elkarbizitza soziala berriro normala izan dadin landa aldeko eremuetan, eta hango ekoizpen ahalmena gara dadin. Zer egiteko asmoa duzue alderdi funtsezko hori jorratzeko?

Nekazaritza Erreforma Integralari Buruzko Hitzarmena egina dago. Aurrerantzean, estatuak hura leialki ezartzea eta betearaztea exijitu behar da. Horretarako, landa aldeko komunitateek gogotik heldu behar diote itundutakoari, edukia buruz jakin, beren egin eta denek osorik betearazteko eskatzeraino. Horrek bakarrik sekulako ahalegina eskatzen du. Behin komunitate nekazari, beltz eta indigenen indar hori hedatuko delarik itunak nekazaritzari dakarzkion ahalmen guztiak garatzearen alde, espero izatekoa da suspertu egingo dela herri jarduera: besteak beste, hango bizi baldintzak, hezkuntza planak, etxebizitzak, bide eta zerbitzu publikoen azpiegiturak hobetzeko eta tokiko zein eskualdeko garapen planak landu eta betearazteko. Alor ireki bat dago hor zabalik ekintza sozialerako eta politikorako, eta, jakina, komunitateak berak eta gu geu ere prest geundeke nazioarteko edozein laguntza onartzeko.

Luzeak bezain nekosoak izan dira negoziazioak; hala ere, emaitzek alderdi berriak ekarri dituzte bake prozesuei dagokienez. Alde horretatik, zer gai nabarmenduko zenituzke?

Bake prozesuaren alderdi guztiek —haren azken garapena eta konponbidea, itunak, plebiszituan ezezkoak irabazi izanak eragindako ondorioak, horiek konpontzeko aukeratutako bidea— esperimentu bakar bihurtu dute bake prozesu osoa, barne gatazka armatuei konponbidea emateari dagokionez. Horren adierazgarri garrantzitsuena aipatzekotan, nabarmenduko nuke, esaterako, estatuak formalki hitzeman duela errotik erauziko dituela oposizio politikoaren kontrako indarkeria mota guztiak eta berme erabatekoak eskainiko dizkiola hari bere jardunerako, baita haren buruzagi eta militanteen bizitzari eta askatasunari dagozkienak ere.

Biktimen gaia bera, eta egia argitzea eta justizia trantsizionala ezartzea bereziki delikatuak izan dira, gatazka ezinago biolentoa eta luzea izan delako. Zer iritzi duzu horien inguruan?

Egia da kontu ezinago delikatua izan zela; horren erakusgarri da zenbat denbora behar izan zuten gai horren inguruko itun bat lortzeko: urte eta erdi eztabaidan aritu eta gero, itun bat ere sinatu zuten, sinatu eta gero Kolonbiako Gobernua berrikusten tematu zena, prozesuaren beraren seriotasuna zalantzan jartzeraino. Zorionez, ongi amaitu zen dena. Biktimek prozesuan parte hartu zuten, eta esan liteke haiek izan zirela une oro eztabaidagai nagusi. Itun bat sinatu genuen; beharbada, ez zuen mundu guztia gogobete, muturreko hainbat sektorek edozeri aurka egiten diotelako aurka egiteagatik bakarrik, baina onarpen handia izan zuen biktimen erakundeen artean, Kolonbiako hainbat alderdi politikotan eta bestelako erakunde sozial eta herri elkartetan, eta nazioarteko komunitateak ere onartu eta txalotu egin zuen —baita Nazioarteko Zigor Auzitegiak ere—. Lan gogorra izan zen, baina merezi izan zuen, ezbairik gabe. Orain arte sekula baliatu gabeko formula juridiko baliotsuak daude itunean, zuzenbidea ezarri dutenak, eta horrexek bakarrik ere adierazten du zer garrantzi duten.

Zer-nola lagundu daiteke FARCen «desmobilizazioa» eta gerrillarien integrazio politiko eta soziala arrakastatsuak izan daitezen eta, era berean, eredu bihur daitezen?

Behin eta berriz esan izan dugu gure kasuari dagokionez ez dela batere egokia «desmobilizazio» terminoa. FARCekook ez gara desmobilizatuko, baizik eta indar politiko aktibo bat izango gara, eta aurrerantzean ere batuta eta kohesio betean jardungo dugu herriari boterea ematea lortzeko borrokan. Desmobilizatzeak indarra desegitea esan nahiko luke, eta ez dugu halako asmorik, ezta hurrik eman ere. Armekin borrokatzeari utziagatik, ez diogu utziko legezko bideetatik borrokatzeari. Horixe da ituna. Bizitza zibilera itzuliko gara berriro, gure interes ekonomiko, sozial eta politikoen arabera, eta atzean utziko dugu edozein indarkeria forma eta legez kanpoko ekintza, eta, horretarako, hainbat aurreikuspen ere adostu ziren itunean. Esan beharra dago estatuak oso jarrera gogorra agertu zuela horretan laguntzeko orduan. Ez da samurra izango; badakigu zenbaterainokoa den geure gain hartu dugun erronka, eta sekula ez diogu begia kendu gure klasearen aurkarien interesari. Jakina, gure helburu hori lortzeko, oso garrantzitsua izango da horretarako edozeinek modu desinteresatuan eta fede onez eskain diezagukeen edozein laguntza.


Iturria: 
http://www.berria.eus/albisteak/128295/timochenko_armekin_borrokatzeari_utziagatik_ez_diogu_utziko_legezko_bideetatik_borrokatzeari.htm

Archivo del blog