"Herria benetan erabakitzeko boterea eskuratzen hasten den egoera baten
aurrean autodefentsa nahitaezkoa dute. Marxek eta Engelsek zientifikoki langileriaren diktadura izena eman zioten."
ZIRIKATZEN!
https://zirikatzendeustu.wordpress.com/
Izenburu deigarri honen ostean, herria
bere jendartearen jabe denean errepresio kontzeptuari eta betetzen duen
paperari buruz hitz egingo dugu.
Sistema errepresiboa Estatuak berezkoa
duela oinarri hartuta, ez dago erreprimitzen ez duen Estaturik. Estatua
dominazio tresna besterik ez baita. Hori dela eta, herriak Estatuaren
benetako kontrola eskuratzen duenean, klase dominatzaile eta jazartzaile bilakatzen da, nahi eta nahi ez. Hau negatibo bezain saihestezina da lehen fasean. Klase burgesa Estatu ez da desagertzen boteretik kanporatzen denean eta ez dio boterea izateari uzten. Kontrara,
zetazko eskularrua erantzi eta errukirik gabe kolpatzen du eskura
dituen baliabide guztiekin. Ez dago historian egoera hau pairatu ez duen
altxamendu saiakerarik. Herria benetan erabakitzeko boterea eskuratzen
hasten den egoera baten aurrean autodefentsa nahitaezkoa dute. Marxek
eta Engelsek zientifikoki langileriaren diktadura izena eman zioten.
Lehen esaten genuenagatik, Estatuaren
existentziak berak dakar klase batek bestea zapaltzea eta, kasu honetan,
gizartearen gehiengo zabala burgesiaren gainetik jartzen da, atzera
klase dominatzaile bilakatzea eragozteko. Klase burges hori existitzen den bitartean herriak bere aurka borrokatu beharko du berriro ere zapaldua ez izateko. Esan bezala, boterea hartzearekin batera kaleratutako klase hori ez da desagertzen. Etsai hori desagertzen denean Estatua desagertu egin behar da.
Haatik, Estatu horren existentzia, eta beraz langileriaren
diktadurarena, ez da langile klasearentzat faktore garrantzitsua izango.
Izan ere, sistema errepresiboa egokia izan behar da eta gainerakoen
lanaren kontura bizitzeko borrokatzen dutenak baino ez ditu jazarriko.
Langile klase kritiko, errebelde, eraikitzaile, desobediente eta
sortzailea eraiki behar dugu eta sistema errepresiboa ezin da inolaz ere
horretarako eragozpena izan behar.
Kontraesana eman dezake bizitza sistema
errepresibo honen aurka borrokan eman eta aldi berean boterea
eskuratutakoan sistema errepresibo propio baten alde egiteak. Baina
gakoa hitz horietan dago: boterea izango dugu baina ez gara libre
izango, etengabe mehatxu izugarri baten aurrean defendatu behar dena
ezin baita libre izan.
Jendarte berri eta solidarioa sortzeko
hezkuntzaren aldeko apustua egin beharko da, hori izan behar da
iraultzaren atalik garrantzitsuena. Baina bakuntasun horrek hilko gaitu
gure herria eta mundua menperatzen duen gutxiengo aberats boteretsu
horiek berreziko ditugula uste badugu. Haien interes partikularrak haiei
bost axola zaizkien milaka edo milioika giza bizitzaren gainetik daude
eta beharrezkoa den guztia egiten dute haien dominazioa betikotzeko.
Gerrek inoiz biziko ez ditugun ideia urrunak dirudite, baina hemen ere
ez dute langile klasea sarraskitzeko zalantzarik izango.
Puntu honetan galdera batera irits
gaitezke. Burgesia bezain gaiztoak al gara? Azken finean guk ere boterea
izan eta beste partea menderatu nahi dugu. Argi eta garbi esan dezakegu
ezetz, guk bakean eta gure lanetik bizi nahi dugula. Burgesiak gure
kontura bizitzeko menderatzen gaitu, ez libre izateko. Gure artean eta
naturarekin bakean bizitzeko nahi dugu boterea, ez inoren eta ezeren
kontura bizitzeko. Gure interes propio eta kolektiboen arabera bizitzeko antolatu nahi gara, ez inori irabaziak sortzeko.
Hurrengo galdera logikoa helburuak bitartekoak justifikatzen ote dituen izango litzateke. Honi soilik beste galdera batekin erantzun dakioke: beste irtenbiderik uzten al digute? Iraultza eta aldaketa ez dira aukera bat eta ez dira atzeragarriak,
sistema kriminal honen erruz milaka pertsona hiltzen dira egunero.
Gutxiengo zapaltzaile eta errudun horren errepresioa ezin da odoluste
hau geratzeko oztopo izan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario