antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herrigintza-duintasuna-formakuntza-asanblada-autodeterminazioa-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-okupazioa-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-autonomia-iraultza-euskara-amnistía-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak.... KONTAKTUA: izartubuletina@gmail.com




2015/07/18

[Nafarroa] Erregimena amildu ondoren, sozialismoaren aldeko borroka xede

"Nafarroan, aldaketarako nahi erreformistaren eta erregimenaren erresistentzia erreakzionarioaren arteko talkak sortuko dituen baldintza berriak baliatu behar ditugu. Prozesu iraultzailea garatzeko ezinbestekoa izango da masa kritikoa eta borrokalaria pausoz-pauso eratzea."

Euskal Herriko Komunistak (EHK)

Maiatzaren 24ko hauteskunde emaitzek Nafarroako instituzioetara aldaketa politikoa ekarri dute. Jauntxo espainiarrak Nafarroako udal gehienetatik kanporatzea lortu da. Iruñeko Udaleko plazan ikusi ahal izan ziren irudiak argi erakutsi zuten herri garaipenaren dimentsioa. Espainiako estatuak Euskal Herriko askapen nazionala eta soziala oztopatzeko urte luzez Nafarroan ezarritako erregimena zartatu du garaipen honek.
Espainiako eskuinak Nafarroarentzat zuen proposamenak porrot egin du. Horregatik, abertzale komunistoi haustura demokratikoa egikaritzeko aukera berri bat sortu zaigu. Aldi berean, Nafarroako Parlamentuaren osaketa berriak ere gure zeregin iraultzailea erraztu dezake.

Dena den, Euskal Herriaren askapen nazionala eta soziala ez da botoen bidez soilik lortuko, bide horretatik aurrerapausoak emango dira, baina, ez dezagun ahaztu borroka instituzionalak estatu zapaltzailearen Konstituzioan duela muga. Gainera, Euskal Herriak independentzia eta sozialismoa erdiesteko, borroka molde guztien arteko oreka ezinbestekoa izango da. Fronte elektorala, edo instituzionala, ez da inola ere bide bakarra.


Nafarroan, aldaketaren alde, udaletxeetatik eta parlamentutik erreketeen ondorengoak kanporatu dituzten indar politikoak ez dira eraldaketa sozialerako berme nahikoa, aldaketaren aldeko alderdien barne-egiturak hauen izaera erreformista azaleratzen baitu. Ezker Abertzalea udal-eremuan indarrez sartu arren (Iruñea, Lizarra, Tafalla, Baztan, Barañain, Atarrabia, Berriozar, Antsoain, Uharte, Sartaguda etab.) garaipena partziala da. Izan ere, kasu gehienetan, Ezker Abertzalearen lan-ildoa aldaketaren aldeko beste alderdien babesaren menpe egongo da. Bestalde, EH Bilduk ahalik eta sektore gehienak fronte zabal batean metatu eta prozesu subiranista aldebakartasunetik eta ikuspegi inter-klasistatik bideratzeko apustuak bere jite iraultzailea mugatzen du.

Hori dela-eta, ezin gara tronpatu eta lasaikerian erori. Borrokari bizitasuna emateko ordua da. Euskal langile klasearen eta herri sektoreen ahaleginari etekin dena atera behar diogu. Koiuntura instituzionalari eta bertatik sortutako gatazkei soilik erreparatzea akats handia litzateke. Instituzio hauei atxikitako marko juridiko-politikoa gainditu nahi dugu eta sistema kapitalistarekin amaitu. Ate-joka ditugun erreforma berriek eta merkatu laborala desegituratuko duten akordio ekonomikoek (TTIP, besteak beste) langileria are prekarioago egingo dute. Horretxegatik, askapen nazionala eta soziala helmugara eramango duen subjektu iraultzailea egituratu behar dugu. Eta, subjektu hori Euskal Herri Langilea da. Egiazko prozesu iraultzailea gauzatzeko motor eta berme bakarra.

Nafarroan, aldaketarako nahi erreformistaren eta erregimenaren erresistentzia erreakzionarioaren arteko talkak sortuko dituen baldintza berriak baliatu behar ditugu. Prozesu iraultzailea garatzeko ezinbestekoa izango da masa kritikoa eta borrokalaria pausoz-pauso eratzea. Aldaketaren aldeko indarren mesedetan emandako botoak, eta zehazki EH Bilduren aldekoak, zapaltzen gaituen katearen katebegi bat eteteko balio izan du. Hala eta guztiz ere, gure herriaren eta langile klasearen burujabetza lortzeko ezinbestekoa izango da: prestakuntza ideologikoa, antolakuntza eta borrokarekiko konpromisoa.

Nafarroatik harago, Hego Euskal Herri osoan, Ezker Abertzaleak, EH Bilduren baitan, 60.000 boto gutxiago jaso ditu. Hala, besteak beste, Donostiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia galdu ditu.

Honela, EH Bilduk ordezkatzen duen Ezker Abertzalearen esparru instituzionala bere hazkunde mugara iritsi dela aurreikusten dugu. Orain arte, hazkunde kuantitatiboa eskuinetik proposatu da eta hazkunde mota horrek beti ekarri ohi du bozka mailegatua. Hemendik aurrera hazkunde kualitatiboa ezkerretik proposatu beharko litzatekeela uste dugu, sektore iraultzaileengana hurbilduz. Ilegalizazioa ekiditeko politika immobilista eta sektore moderatuak erakartzeko politika agortua da. Ahitze hau hainbat sektore politikoren birkokatzeak ekarri du (EA edota Aralarren boto-emaile asko, besteak beste, euren jatorrizko espaziora itzuli direnean). Horregatik, sorlekura itzultzeko Ezker Abertzalearen premia nabaria da, honela soilik berreskuratu ahalko da praxi iraultzailea.

Euskal Herriko Komunistak (EHK) antolakundeak sugar iraultzailea itzali ez dadin lan egingo du. Borroka-fronte denetan aurrera joko dugu zapalkuntza kapitalistari aurre egingo dion kontra-botere politiko eta ekonomikoa finkatu dadin. Abertzale komunistok erronka handia dugu aurrean.

1 comentario:

Loam dijo...

Egiazko prozesu iraultzailea gauzatzeko motor eta berme bakarra!

Archivo del blog