"Nafarroan, aldaketarako nahi erreformistaren eta erregimenaren
erresistentzia erreakzionarioaren arteko talkak sortuko dituen baldintza
berriak baliatu behar ditugu. Prozesu iraultzailea garatzeko
ezinbestekoa izango da masa kritikoa eta borrokalaria pausoz-pauso
eratzea."
Euskal Herriko Komunistak (EHK)
Maiatzaren 24ko hauteskunde emaitzek Nafarroako
instituzioetara aldaketa politikoa ekarri dute. Jauntxo espainiarrak
Nafarroako udal gehienetatik kanporatzea lortu da. Iruñeko Udaleko
plazan ikusi ahal izan ziren irudiak argi erakutsi zuten herri
garaipenaren dimentsioa. Espainiako estatuak Euskal Herriko askapen
nazionala eta soziala oztopatzeko urte luzez Nafarroan ezarritako
erregimena zartatu du garaipen honek.
Espainiako eskuinak Nafarroarentzat zuen
proposamenak porrot egin du. Horregatik, abertzale komunistoi haustura
demokratikoa egikaritzeko aukera berri bat sortu zaigu. Aldi berean,
Nafarroako Parlamentuaren osaketa berriak ere gure zeregin iraultzailea
erraztu dezake.
Dena den, Euskal Herriaren askapen nazionala eta
soziala ez da botoen bidez soilik lortuko, bide horretatik
aurrerapausoak emango dira, baina, ez dezagun ahaztu borroka
instituzionalak estatu zapaltzailearen Konstituzioan duela muga.
Gainera, Euskal Herriak independentzia eta sozialismoa erdiesteko,
borroka molde guztien arteko oreka ezinbestekoa izango da. Fronte
elektorala, edo instituzionala, ez da inola ere bide bakarra.
Nafarroan, aldaketaren alde, udaletxeetatik eta
parlamentutik erreketeen ondorengoak kanporatu dituzten indar politikoak
ez dira eraldaketa sozialerako berme nahikoa, aldaketaren aldeko
alderdien barne-egiturak hauen izaera erreformista azaleratzen baitu.
Ezker Abertzalea udal-eremuan indarrez sartu arren (Iruñea, Lizarra,
Tafalla, Baztan, Barañain, Atarrabia, Berriozar, Antsoain, Uharte,
Sartaguda etab.) garaipena partziala da. Izan ere, kasu gehienetan,
Ezker Abertzalearen lan-ildoa aldaketaren aldeko beste alderdien
babesaren menpe egongo da. Bestalde, EH Bilduk ahalik eta sektore
gehienak fronte zabal batean metatu eta prozesu subiranista
aldebakartasunetik eta ikuspegi inter-klasistatik bideratzeko apustuak
bere jite iraultzailea mugatzen du.
Hori dela-eta, ezin gara tronpatu eta lasaikerian
erori. Borrokari bizitasuna emateko ordua da. Euskal langile klasearen
eta herri sektoreen ahaleginari etekin dena atera behar diogu. Koiuntura
instituzionalari eta bertatik sortutako gatazkei soilik erreparatzea
akats handia litzateke. Instituzio hauei atxikitako marko
juridiko-politikoa gainditu nahi dugu eta sistema kapitalistarekin
amaitu. Ate-joka ditugun erreforma berriek eta merkatu laborala
desegituratuko duten akordio ekonomikoek (TTIP, besteak beste)
langileria are prekarioago egingo dute. Horretxegatik, askapen nazionala
eta soziala helmugara eramango duen subjektu iraultzailea egituratu
behar dugu. Eta, subjektu hori Euskal Herri Langilea da. Egiazko prozesu
iraultzailea gauzatzeko motor eta berme bakarra.
Nafarroan, aldaketarako nahi erreformistaren eta
erregimenaren erresistentzia erreakzionarioaren arteko talkak sortuko
dituen baldintza berriak baliatu behar ditugu. Prozesu iraultzailea
garatzeko ezinbestekoa izango da masa kritikoa eta borrokalaria
pausoz-pauso eratzea. Aldaketaren aldeko indarren mesedetan emandako
botoak, eta zehazki EH Bilduren aldekoak, zapaltzen gaituen katearen
katebegi bat eteteko balio izan du. Hala eta guztiz ere, gure herriaren
eta langile klasearen burujabetza lortzeko ezinbestekoa izango da:
prestakuntza ideologikoa, antolakuntza eta borrokarekiko konpromisoa.
Nafarroatik harago, Hego Euskal Herri osoan, Ezker
Abertzaleak, EH Bilduren baitan, 60.000 boto gutxiago jaso ditu. Hala,
besteak beste, Donostiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia galdu ditu.
Honela, EH Bilduk ordezkatzen duen Ezker
Abertzalearen esparru instituzionala bere hazkunde mugara iritsi dela
aurreikusten dugu. Orain arte, hazkunde kuantitatiboa eskuinetik
proposatu da eta hazkunde mota horrek beti ekarri ohi du bozka
mailegatua. Hemendik aurrera hazkunde kualitatiboa ezkerretik proposatu
beharko litzatekeela uste dugu, sektore iraultzaileengana hurbilduz.
Ilegalizazioa ekiditeko politika immobilista eta sektore moderatuak
erakartzeko politika agortua da. Ahitze hau hainbat sektore politikoren
birkokatzeak ekarri du (EA edota Aralarren boto-emaile asko, besteak
beste, euren jatorrizko espaziora itzuli direnean). Horregatik,
sorlekura itzultzeko Ezker Abertzalearen premia nabaria da, honela
soilik berreskuratu ahalko da praxi iraultzailea.
Euskal Herriko Komunistak (EHK) antolakundeak
sugar iraultzailea itzali ez dadin lan egingo du. Borroka-fronte denetan
aurrera joko dugu zapalkuntza kapitalistari aurre egingo dion
kontra-botere politiko eta ekonomikoa finkatu dadin. Abertzale
komunistok erronka handia dugu aurrean.
1 comentario:
Egiazko prozesu iraultzailea gauzatzeko motor eta berme bakarra!
Publicar un comentario