antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herrigintza-duintasuna-formakuntza-asanblada-autodeterminazioa-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-okupazioa-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-autonomia-iraultza-euskara-amnistía-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak.... KONTAKTUA: izartubuletina@gmail.com




2016/05/20

LATINOAMERIKAKO DEMOKRATIZAZIO PROZEZUA ARRISKUAN Asier Blas

"...esparru publikoaren segurtasun falta eta biolentzia ez dira konpondu eta ustelkeriaren egoera hobetzeko ahaleginek ez dute arrakastarik izan. Bi elementu horiek aprobetxatu dituzte ezkerreko gobernuen aurka egiteko eskuineko hedabideek, sistema komunikatiboan hegemonikoak, adibidez Brasilen orain."        
       Negua iristen ari da Hego Amerikako ezkerrera. Venezuelako hauteskunde porrota eta Mauricio Macriren garaipena Argentinan icebergaren punta baino ez dira. Evo Moralesen laugarren berrautaketa ahalbidetu zezakeen aldaketa konstituzionala ez zen aurrera atera erreferendumean, eta orain, badirudi Rafael Correak ez duela bere burua aurkeztuko 2017ko hauteskunde presidentzialetarako Ekuadorren. Brasilen ere ez da giro, Dilma Rousseffen aurkako erasoa oso garrantzitsua da kontinente osoarentzat. Eskuma zikin jokatzen ari da kargugabetze mekanismoa erabat bortxatuz. Oraingoz, Kongresuko presidenteak suspenditu du botazioa, nahiz eta seguruenik foiletoiak aurrera jarraituko duen atal berriekin.

Latinoamerikako herrialdeetan ezkerra boterera iristeak demokratizazio prozesuan aurrerapauso sendoak ematea suposatu zuen. Ordura arte jendartearen parte handi bat era sistematikoan zegoen esparru publikotik kanpo, ezkerreko gobernuek beraien partaidetza demokratiko normalizatua bideratzeko baldintzak jarri zituzten arte. Etxebizitza prekarioen erregulazioak erroldatua izateko aukera eman zuen, errenta birbanaketa politikek pobreziatik atera zituzten milioika pertsona eta oinarrizko hezkuntza proiektuek erraztu egin zuten sozializazio politikoa.
 
Birbanaketa politikak egiteko herrialde bakoitzak bere bide propioa garatu du, baina, oro har, helburua ez da hainbeste izan sistema ekonomikoa aldatzea, baizik eta pobreenen hozkailuak betetzea hazkunde ekonomiko estraktibista eta kontsumistaren bitartez. Herritarren poltsikoetara diru gehiago iristeak ez du esan nahi produkzio harremanak eta egitura ekonomikoak aldatzen direnik. Dudarik gabe, lehengaien kontrola hartzeak onurak ekarri ditu birbanaketa politikak egiteko, baina horiekiko dependentzia handiegia da. Ez da asmatu egitura ekonomikoa aldatzen. Adibide gisa aipa genitzake sektore publikoen tamaina txiki samarrak, eta batez ere, eraginkortasun gutxiko politika fiskalak. Bestalde, jendartean eredu kontsumista indartu da. Birbanaketa politikek kontsumoan oinarrituriko klase ertain berri bat sortu dute neoliberalismoaren ideologiari lotua. Hemendik sortzen da ezkerreko gobernuen kontrako beste oposizio garrantzitsu bat.

Eredu ekonomikoa ez da arazo bakarra izan. Kasu gehienetan esparru publikoaren segurtasun falta eta biolentzia ez dira konpondu eta ustelkeriaren egoera hobetzeko ahaleginek ez dute arrakastarik izan. Bi elementu horiek aprobetxatu dituzte ezkerreko gobernuen aurka egiteko eskuineko hedabideek, sistema komunikatiboan hegemonikoak, adibidez Brasilen orain. 

Azkenik, ikuspegi geopolitikotik azken urteetako integrazio ekonomiko latinoamerikarrak ameskeria dirudi orain. Lehengaien prezioek behera egin bezain laster moteldu eta ia geratu da. Galdutako aukera bezala defini daiteke prozesua. Egia da, herrialde guztiek ez dutela indar berdina jarri prozesuan, baina oro har, giltza beste behin Brasil izan da. Herrialde handienak potentzia erregionalaren papera jokatzen du, eta askotan, bere interes nazionalak lehenetsi ditu integrazio erregionalaren kaltetan. Ez da arduradun bakarra izan, noski. Kontua da ezkerreko populistek diskurtso nazionalistak egin dituztela, eta horrek, modu batera edo bestera, bultzatu nahi zuten sakoneko beste helburu integratzailearekin batera tentsioak sortu dituela.

Egitasmo horrek agenda politikora bueltatu beharko du berandu baino lehen, baldin eta Latinoamerikak kolonia izateari utzi nahi badio eta benetako independentzia eskuratu nahi badu.

No hay comentarios:

Archivo del blog