antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herrigintza-duintasuna-formakuntza-asanblada-autodeterminazioa-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-okupazioa-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-autonomia-iraultza-euskara-amnistía-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak.... KONTAKTUA: izartubuletina@gmail.com




2015/09/27

CATALUNYA-KO PROZEZU INDEPENDENTISTAREN IRAKURKETA

"Komuniston betebeharra zapalkuntza guztiekin amaitzea da. Zapalkuntza horietako batzuk proletalgoaren diktaduraren bidez soilik konpondu daitezke; beste batzuk, ordea, kapitalismoan guztiz konpondu ezin badira, neurri handi batean baretzea posible da, esate baterako, nazio-zapalkuntza. Honek ez du esan nahi lehenago –kapitalismoan- konpon daitezkeen zapalkuntza hauek lehentasunik izan behar dutenik besteen aurrean eta hau lortzeko taktikoki beste klase batzuekin aliantzak egin behar ditugunik estrategia iraultzaile baten baitan egon barik, estrategia iraultzaile baten menpe ez dagoen taktika oro taktika erreformista baino ez baita izango."

KIMETZ KOLEKTIBOA Euskal Herriko erakunde komunista 

Burgesia katalana. Kataluniako burgesia nazionalak hauteskunde “plebiszitarioak” deitu ditu, erreferenduma ordezkatuz edo. Hau aparteko gertakizuna da Kataluniako eta Espainiar Estatuko historian, eta zinez behar du patxadazko azterketa estatuko indar-korrelazioan gerta litezkeen mugimenduak aditze aldera. Hala ere, guk ez dugu uste hauteskunde burges konbentzional batzuek erabaki dezaketenik katalan nazioaren etorkizuna, batez ere kontuan izanik aldez aurretik egina dagoena %80ko baietzaz independentzia eskatu zuen erreferenduma, burgesiak bortxatutakoa izan zena.


Kontraesanak (komunistok iraultza antolatu eta iraultzarako baldintzak sortu behar ditugu) Lenin-ek zioenez «iraultzarako ez da nahikoa masa esplotatu eta zapalduek bizi diren bezala bizitzen jarraitzeko ezintasunaz kontziente izatea eta aldaketak aldarrikatzea; iraultzarako beharrezkoa da esplotatzaileak bizi eta gobernatzen duten bezala bizi eta gobernatzen jarraitu ezin izatea. Soilik “behekoek” nahi ez dutenean eta “goikoek” iraganean bezala bizitzen jarraitu ezin dutenean, orduan soilik garai dezake iraultzak. Beste hitz batzuetan, egia hau honela adierazten da: krisi nazional orokor (esplotatu eta esplotatzaileei eragiten diena) bat barik ezinezkoa da iraultza». Alderdi komunista izanik iraultzaren gidaria berari dagokio argi eta garbi iraultza antolatzea, iraultza burutzeko beharrezko baldintzak sortzea: baldintza subjektiboak (“behekoek” nahi ez izatea) eta ahal den heinean objektiboak ere (“goikoek” ezin izatea). Baldintza objektiboak, printzipioz, kapitalismoaren –inperialismoaren- garapenak eta burgesia desberdinen artean dauden kontraesan, tirabira, arazo eta gerren bidez sortuko balira ere, Alderdi Komunistak ahal duen neurrian borroka hauek indartu eta bizitu behar ditu burgesia ahulagoa izan dadin, aipatu berri dugun bezala.

Catalunya-ko prozesu independentistak, argi eta garbi, Catalunya-ko burgesiaren eta Espainiakoaren artean kontraesanak sortu ditu eta, beraz, prozesuaren jarraipen eta garapenak kontraesan hauek mantendu egingo lituzke eta, baliteke, areagotu ere egitea. Baina sortzen dituen kontraesan eta borrokak ez dira soilik burgesia katalan eta espainolaren artean, prozesu independentistak “mendebaldeko” bloke inperialista eta BRICSen artean ere sortu baititzake, Europar Batasuna Catalunya-ren independentziaren aurka egonik eta EBan sartzeko oztopoak jarririk, BRICSek baliatu dezaketen egoera da Europan ezartzen hasteko, bi bloke inperialisten arteko borroka bizituz. Horretaz gain, Catalunya eta Israel-en arteko erlazio onak “mendebaldeko” bloke inperialistaren barnean ere kontraesanak sortu litzake, EB-ren eta Israelen artean. Laburbilduz, prozesu independentistak kontraesan eta borrokak sor ditzake bi bloke inperialisten artean, Estatu bereko bi burgesien artean eta bloke inperialista beraren barnean baita.

Horregatik, azaroaren 9ko erreferendumean aukera egokia BAI-BAI-a zela adierazi genuen, honek prozesu independentistaren jarraipena baitzekarren eta, ondorioz, Catalunya-ko eta Espainiako burgesien arteko tirabiren jarraipena eta prozesuak independentziara segituz gero ziurrenik aipatutako borroka eta kontraesan inperialisten sortzea. Hau guztiagatik ezin izango genuke inolaz ere edozein kontsigna sasiraultzaileren aitzakipean prozesu independentistaren aurka egin, burgesien arteko borrokaren etetearen alde egitea baita eta, azken finean, burgesiaren ahultzearen aurka.

Horregatik, burgesiaren ahultzearen alde egin behar dugunez, borroka hauek bizitu eta indartu egin behar ditugu, burgesia katalanaren benetako nahiak salatu behar ditugu eta masa herrikoiek hori ulertzea lortu (ez baitu balio burgesia katalanak atzera egitean «guk genuen arrazoia» esatea, KKE-k Grezian erreferendumarekin egin duen bezala; arrazoia soilik izanda ezin baita garaitu, iraultza sozialerako masek egia eta jarrera iraultzailea ulertu eta bere egitea da beharrezkoa), eta hori ulertzeko ez da nahikoa burgesiaren nahiak salatzen dituen agitazio eta propaganda, masen esperientziak ere garrantzi handia du. Horregatik, prozesu independentistan ezin dezakegu burgesiaren nahiak besterik gabe salatu; bere asmoak masa guztien aurrean azaleratzearen alde egin behar dugu, masek bere esperientziaz ikusi dezaten burgesia katalanak ez duela nazio katalanaren askapena bilatzen eta proletalgo iraultzaileak bai ordea. Esperientziaz ohar daitezen, kataluniar nazioaren autodeterminazio-eskubidea eta nazio-askapena lortzeko interes handiena duena proletalgoa dela eta berak soilik eman diezaiokeela mugimendu independentistari nazio-zapalkuntzaren eta gainontzeko zapalkuntza guztien aurkako postura.


Nazio-askapena (komunistok zapalkuntza ororen aurka egin behar dugu) Komuniston betebeharra zapalkuntza guztiekin amaitzea da. Zapalkuntza horietako batzuk proletalgoaren diktaduraren bidez soilik konpondu daitezke; beste batzuk, ordea, kapitalismoan guztiz konpondu ezin badira, neurri handi batean baretzea posible da, esate baterako, nazio-zapalkuntza. Honek ez du esan nahi lehenago –kapitalismoan- konpon daitezkeen zapalkuntza hauek lehentasunik izan behar dutenik besteen aurrean eta hau lortzeko taktikoki beste klase batzuekin aliantzak egin behar ditugunik estrategia iraultzaile baten baitan egon barik, estrategia iraultzaile baten menpe ez dagoen taktika oro taktika erreformista baino ez baita izango. Izan ere, aipatu dugun bezala komunistok zapalkuntza guztiekin bukatu behar dugu eta guztiekin amaitzeko modu bakarra iraultza da, beraz, kapitalismoan konpon daitezkeen zapalkuntzen aurkako borroka, zapalkuntza guztien aurkako –sozialismoaren aldeko- borrokaren menpe egon behar du, hau baita zapalkuntza guztiak desagerrarazteko, hots, gure helburua betetzeko modu bakarra. Hala ere, beste aldetik, honek ez du esan nahi sozialismoan ez bada, desagerrarazi – edo neurri handi batean baretu- daitezkeen zapalkuntzak desagerraraztearen alde borrokatu behar ez dugunik, bukaerako helburuari kalterik egiten ez badio ez baitu zentsurik proletalgoaren egoera hobetuko duen zapalkuntza baten aurka ez egitea, arazo guztia konpontzen ez duela esanez. Kontsigna erreza da: aterabide demokratiko-burgesa duten zapalkuntza partikularren aurka borrokatu; borroka hori zapalkuntza guztien aurkako borrokaren menpe egonik.

Beharrezko azalpentxo hau egin ostean, har dezagun dagokigun gaia. Nazio-askapena (edo nazio-zapalkuntza nabarmenki baretzea behintzat) menperatze burgesaren baitan gauzatzea posible dena jakina da, hau da, nazio-zapalkuntzak aterabide demokratiko-burgesa duela, baina ez modu orokorrean, hau da, zapalkuntza nazionalik gabeko “mundu kapitalista bat” posible dela, inperialismoak nazio-zapalkuntza indartzen eta sortzen baitu, horregatik ezinda nazio-zapalkuntza “mundu kapitalistatik” desagerrarazi, dena den kasu partikular urrietan posible da menperatze burgesean honi gogor erasotzea, nazio-zapalkuntza nabarmenki leunduz(honek ez du esan nahi burgesiak nazio-askapena lortzeko asmorik duenik edo nazio-askapenaren borroka burgesiaren esku utzi behar denik; aterabide demokratiko-burgesa badu ere, masa herrikoi eta langileek dute konpontzeko interes handiena –bereziki proletalgoak- eta, beraz, borroka demokratiko-herrikoia da).

«Kapitalismoaren markoaren pean bertan egin daitekeena, gatazka nazionala ahalik eta gehien murriztea, bere oinarrian erasotzea eta proletalgoarentzat ahalik eta arrisku gutxien izan dezan egitea da» , hori lortzeko nazioen autodeterminazio-eskubidearen alde borrokatuz, izan ere, «sozialdemokraziaren helburua, nazioen autodeterminazio-eskubidearen alde borrokatuz, nazioen zapalkuntza politikari amaiera ematea da, politika hori ezinezko egitea eta, horrekin, nazioen arteko borrokaren oinarriak erasotzea, leuntzea, minimora murriztea»

Honen alde egin behar dugu komunistok, zapalkuntza nazionala minimora murriztearen alde eta inperialismoaren erreakziorako joerak zeregin hau nabarmenki zailtzen badu ere hau kapitalismoan nolabait egingarria da. Beraz, ez du balio, EeMK-ako erakunde askoren gisara, nazio-auzia eta autodeterminazio-eskubidea sozialismorako utzi behar dela esatea. Kapitalismoan egingarria bada, egin dezagun erabateko askapena beti helburu izanik! Zapalkuntza guztien aurka gauden heinean ezin dugu zapalkuntza bat, dena delakoa, leuntzeari uko egin. Nazioen kasuan ezin dugu autodeterminazio-eskubidearen alde borrokatzeari uko egin, izan ere, nazioen arteko gatazka leuntzeko «beharrezkoa da herria demokratizatzea eta nazioei aske garatzeko aukera ematea».

Catalunya-ri dagokionez, ordea, ezin daiteke bertako mugimendua, printzipioz, nazio baten askapen nazionalaren aldeko mugimendua denik esan, ezta erreferenduma autodeterminazio-eskubidea gauzatzeko denik. Izan ere, autodeterminazio-eskubidea nazioaren eskubidea da -edo gutxienez Estatu berberaren menpe dagoen zatiarena- eta jorratzen ari garen kasuan ez da nazio osoarentzako autodeterminazio-eskubidea gauzatzeko erreferenduma proposatzen, baizik eta Estatu beraren menpe dadoen zatiaren zati batentzako, beraz, ezin daiteke, besterik gabe, autodeterminazio-eskubide gisa definitu. Azken finean, nazio katalanean ekonomikoki indartsuena den lurraldea Catalunya bera izanda eta burgesia katalanaren asmoak zeintzuk diren jakinda logikoa da mugimendu independentista Catalunya-ra mugatzea; gainera, Catalunya-ko burgesiak ez du nazio katalan guztian Estatua presionatuko duen mugimendu sendo bat sortzeko indarrik, Catalunya-n soilik sortzeko, ordea, badu horretarako gaitasunik (mugimendu independentistak berak argi eta garbi uzten duen bezala). Hortaz, mugimendua nazio katalaneko zati batera soilik mugatzean ezin daiteke esan Països Catalans-en nazio-askapenaren aldeko mugimendua denik. Honek ez du esan nahi komunistok mugimendu hau bultzatu behar ez dugunik, bai mugimendu independentistak nazio-askapenaren aldeko mugimendura salto egin dezan – nazio-askapenaren aldeko borroka hori sozialismoaren aldeko borrokaren menpe jarririk- eta baita gorago aipatutako kontraesanengatik.

Beraz, beharrezkoa da erreferenduma nazio guztian –edo Estatu espainolaren menpe dagoen zatian hasiera batean- egin beharra adieraztea soilik honek ziurta baitezake nazio katalanaren autodeterminazio-eskubidea gauzatzea. Egia da, ordea, kapitalismopean autodeterminazio-eskubidea modu errealean ematea ezinezkoa dela, hala ere, Lenin-ek zioen bezala honek ez du esan nahi kapitalismoak dirauen bitartean autodeterminazio-eskubidearen alde borrokatu behar ez denik, guztiz kontrakoa baizik. Guztiz beharrezkoa da demokrazia politikoaren aldarrikapen denak formulatu eta praktikan jartzea, ez modu erreformistan, baizik eta iraultzailean; demokrazia burgesaren markoengatik mugatzen utzi barik, baizik eta hauek apurtuz .

Laburbilduz, egun burgesia katalanaren nahien menpe, “erabakitzeko eskubidearen” lemapean dagoen eta ia-ia kontraesanak sortzeko soilik balio duen mugimendua, benetako autodeterminazio-eskubidearen -eta, azken finean, nazio-zapalkuntza baretzearen – aldeko mugimendu bihur dadin egin behar dugu komunistok, nazio osora zabalduz, honek argi eta garbi burgesia katalanarengan kontraesanak sortuko lituzke mugimendua bere nahietatik urruntzean. Honen ondorioz, masak burgesiarengandik urrunduz eta tinko dirauen proletalgo iraultzailearengana hurbilduz.

Eginbehar internazionalista Honetaz gain, aipatzekoa da (labur bada ere) nazio-auzian komunistok dugun betebehar internazionalista. Honi dagokionez, nazio zapaltzaileko eta zapalduko proletalgoek helburu berbera badute ere, betebehar desberdinak dituzte. Alde batetik, nazio zapaltzaileko proletalgoak (Espainiakoak lantzen ari garen kasuan) «ezin du Estatu jakin baten mugen barnean nazio zapaldu bat indarrez mantentzearen aurka borrokatzeari utzi, eta hori da hain zuzen autodeterminazio-eskubidearen alde borrokatzea. “Bere” nazioak zapaltzen dituen kolonia eta nazioen banaketa politikorako askatasunaren alde egin behar du». Beste aldetik, «nazio zapalduko sozialistek [Kataluniakoak gure kasuan] batasun oso eta baldintzarik gabea defendatu eta praktikan jarri behar dute aparteko gogoarekin, baita nazio zapaldu eta zapaltzaileko antolakuntza batasuna ere», izan ere, beharrezkoa da «Estatu jakin bateko nazio guztietako proletalgoen klase borrokaren aliantza estua, banaezina» . Aliantza hori gauzatzeko eta zentralismo demokratikoa errealitate bihurtzeko beharrezko da Alderdia bakarra izatea, baina batasun hau soilik izango da posible nazionalismo guztiak alde batera utzi eta internazionalismo proletalgoa gure egitean. Zoritxarrez eginbehar internazionalista hauek gaur egun oraindik EeMK-n ez daude argi, bai errealitatean banatzeko askatasuna ukatzen dutenengatik (gero aztertuko ditugun esaldi zentzubakoen aitzakipean) eta baita proletalgoaren batasuna ukatzen dutenengatik; azken finean, biak internazionalismo proletalgoa ukatuz, eta batzuk nazionalismo espainolean eta besteak euskal nazionalismoan eroriz (lehenengoa bigarrena baino txar eta erreakzionarioagoa izanik). Hala ere, gai honetan ez gara gehiago luzatuko dagoeneko aurreko lanetan landu baitugu eta ez da lan honen helburua gai hau bereziki lantzea.

PCPE eta EeMK beste erakunde batzuen jarrera EeMK-ko (Estatu espainoleko Mugimendu Komunista) zenbait erakundek,EeMK-ko (Estatu espainoleko Mugimendu Komunista) zenbait erakundek, prozesu independentistaren aurka egitean, prozesua proletalgoaren gidaritzapean ez dagoela argudiatzen dute eta baita “jaio” litekeen Estatu Katalana burgesa izango litzatekeela ere. Horretaz gain, klase-batasunaren izenean ere prozesu independentistaren aurka egiten dute. Argumentu sasimarxista honek guztiz agerian uzten du erakunde hauen nazionalismo espainola. Ikus dezagun bada ea argumentu hauek nazionalismo espainolaren erakusle diren eta, ondorioz, argumentu hauen bidez burgesia espainolari fabore egiten dioten.
1- Prozesu independentista proletalgoaren gidaritzapean ez dagoela argi egonda, noren gidaritzapean dago prozesu independentistaren aurkako postura? Ez al da akaso Espainiako burgesia bere gidari? Orduan, borroka honen arteko jarreren gidariak eta, beraz, borrokaren parte-hartzaileak, Estatu espainoleko eta Kataluniako burgesia badira, bata bestearen aurka egonda, honek bi burgesiak ahultzen dituela argi dago eta elkar-ahultze hori proletalgoaren nahietarako onuragarria dela ere. Hala ere, ez gara hemen gai honen inguruan gehiago sakonduko, dagoeneko landu baitugu. Beste aldetik, proletalgoa prozesu honen gidari ez izatearen arrazoia “baliteke” gidaritza hori burutzeko tresna falta dela izatea, Alderdi Komunista hain zuzen ere. “Baina ez al dakizu gure erakundearen izena irakurtzen? –esango digute haiek- Alderdi Komunista gu gara, lagun”. Beno ba, hori horrela bada, mugimendu independentistaren gidari proletalgo iraultzailea izan dadin egin beharko duzue kexak alde batera utzita; gidaritza horren bidez, mugimenduak autodeterminazio-eskubidea helburu izan dezan eta burgesien arteko kontraesanak handitzeko, baita burgesia katalanaren barnekoak ere, proletalgo iraultzailearen gidaritza onartzea edo bere asmoak alde batera uztearen artean erabaki behar izatean, lehenago edo beranduago burgesia katalanaren benetako nahiak agerian utziz eta Catalunya-ko masa langile eta herrikoiak komunistengan bere gidaria ikusiz, honela masa hauek sozialismoaren aldeko borrokara hurbilduz.

2- Estatu Katalan independentea kapitalista izango litzatekeela argi egonda, zer da ba Estatu espainola? “Kapitalista, noski, baina kontuz! Guk erreferendumean Estatu sozialistaren aldeko papeletak sartu genituen”, Kataluniak bere asmo eta helburuak adierazi behar zituen erreferenduma boikoteatuz, baina hori bai instituzio espainoletako edozein hauteskunde boikoteatzea inolaz ere ez! Estatu espainolak bere klase-izaera ezkutatzeko ia urtero antolatzen dituen hauteskundeek sekulako garrantzia baitute Estatu espainolaren eta bere militarren mehatxupean lehenengoz egiten den erreferendum batekin! Estatu espainolaren instituzioetako hauteskundeek, gaur egun, sistema demokratiko-burgesa izugarri ezegonkortu dezakete, baina burgesiaren artean kontraesan eta borroka mantendu eta areagotzeko – eta, ondorioz, burgesiak ahultzeko- balio duen erreferendum batek menperatze burgesa indartu baino ez du egiten! Burgesia katalanaren duda eta ezbaien aurrean postura iraultzaile sendo bat izateak burgesia katalana soken kontra jartzea eta, bide batez, bere benetako nahiak agerian uztea masen konfiantza irabaziz, horrela mugimendu demokratiko-herrikoiaren gidaritza burutuz hutsaren hurrengoa da, hobe da hautesontzietan inora ez doan papeleta bat sartzea “Estatu sozialistaren alde”, baina mugimendu demokratiko-herrikoiari muzin eginez eta bide batez demokrazia burgesa egonkortuz, hori da komuniston eginbeharra!

3- Klase-batasunaren aitzakipean Catalunya-ko mugimendu independentista ukatzen badute, klase-batasuna beti beharrezkoa izanda, suposatzen dugu haiek ez dutela inoiz mugimendu nazional bat bera ere babestuko, baina jakin badakigu marxismo-leninismoak ez duela mugimendu nazionalekiko jarrera hau, marxismo-leninismoak kapitalismoa ahultzen dituen mugimendu nazionalak babesten dituela. Horretaz gain, suposatu beharko dugu kapitalismoak dirauen artean autodeterminazio-eskubidearen aldeko edozein borrokaren aurka egingo dutela “klase-batasuna” aldarrikatuz, klase-batasuna beti baita funtsezkoa. Hau ere, soberan dakigu ez dela maxismo-leninismoak defendatzen duena. Beste aldetik, zer klase-batasunetaz hitz egiten dute? Ba al dago, gaur egun, Estatu espainolean klase-batasuna gauzatzen duen Alderdia? Azkenik, badirudi ez dute ulertzen klase-batasuna eta autodeterminazio-eskubidearen aldeko borroka ez daudela kontrajarrita, internazionalismo proletalgoa aplikatuz biak bide berdinetik doazela eta funtsean autodeterminazio-eskubidea klase-batasunaren izenean ukatzea nazionalismo espainolaren erakusle baino ezin dela izan.

Azken finean, Kataluniako burgesiari eta nazionalismo katalanari mesede egitearen beldur izateagatik Espainiako burgesia eta nazionalismo espainolari fabore egiten diote, besteak baino are erreakzionarioagoak direnak. Estatu osoko proletalgoaren klase-batasuna aldarrikatzen dute, klase batasun hori nazio zapalduen banatzeko askatasuna onartu ezean ezinezko dela konturatu gabe. Internazionalismo proletalgoa aldarrikatzen dute, internazionalismo hori euren nazionalismoarekin –eta edozeinekin- bateraezina dela konturatu gabe. Dirudienez ez dira ohartzen nazio desberdinetako burgesien artean borrokak sortzen direla eta hauek proletalgoarentzako onuragarriak izan daitezkeela, Alderdi Komunista paregabea zuena gero!

Alderdi Komunistaren bidean Hala ere, komunistak ez gara gezur eta ilusioez bizi. Aipatu dugun guztia zuzena dela uste badugu ere, ezinezkoa da aipatutako egitekoak egoki aurrera eramatea Alderdi Komunistarik ez dagoen bitartean, eta Alderdi Komunista ez da existituko erakunde baten izena hori izateagatik edo erakunde desberdin batzuk batzeagatik bere batasuna Alderdia dela aldarrikatuz, eta Alderdi Komunista ez da existituko teoria iraultzaile batez gidatutako praktikarik eta praktika iraultzaileaz hornitutako teoriarik ez badu. Alderdia (berr)eratzea da komuniston oinarrizko eginbeharra gaur egun, hori barik ezinezkoa delako Catalunya-ko prozesuak sortutako egoera eta baldintzak iraultza sozialistaren bidean aipatu bezala aprobetxatzea. Horregatik, gure helburu nagusia gaur egun Alderdi Komunista (berr)eratzea izanda, mugimenduan egin beharreko lana batik bat honen menpe egon beharko luke, helburu hori lortzeko baldintzak sortuz, eta mugimenduaren parte diren elementu kontziente eta aurreratuenak komunismora hurbiltzea, burgesiaren nahiak salatuz eta proletalgoaren interesak azalduz, bere gidaritza beharrezko egiten dituen interesak eta, ondorioz, gidaritza hori ezartzeko proletalgo iraultzailearen erakundearen eta berau gidatzeko teoria iraultzailearen beharra argi utziz eta, era berean, Alderdia eraikitzeko egin beharrekoa, idazlan honetan landuko ez duguna.

Eginbeharrak (laburpena) Gorago aipatu dugu prozesu independentistak kontraesan eta borrokak sor ditzakeela burgesia ezberdinen artean, eta printzipioz borrokak menperatze burgesa ahultzen badu ere, posible da, ere berean, bi parteetako batek prozesuaren bidez indar handiagoa lortzea. Hala ere, komunistok ez dugu inolaz ere honen beldurrik izan behar, proletalgoaren klase-independentzia mantentzen den heinean, sozialismorako bidean burgesia edo bloke inperialista baten aurka borrokatzean beste burgesia edo bloke inperialista batek etekinak lortzen baditu; hasieran indartu egin badaiteke ere, luzera, sozialismora hurbiltzeko balio izan duenez, kapitalismo mundialaren erorketa ere hurbildu egiten du, burgesia edo bloke inperialista guztien erorketa ere hurbilduz. Catalunya-ko prozesuak printzipioz sozialismora hurbiltzen ez bagaitu ere, komunistok egoki jarduten badugu posible da egoera proletalgoaren nahietarako erabili ahal izatea; horregatik, BRICS-ak edo burgesia katalana hasiera batean indartuko balira ere, borrokak orokorrean menperatze-forma burgesa ahultzeaz gain, komunistok gure egitekoak eginez gero, Catalunya-ko burgesia eta BRICS-ak ere ahulduko lituzke luzera begira. Beraz, ezin gaitu horrek gure bidean geldiarazi. Baina sozialismora hurbil gaitezen beharrezkoa da gure egitekoak egitea, gure ustez egiteko horrek gorago aipatutakoak izanik eta bi zatitan bana daitezkeenak.

Alde batetik, egiteko orokorrak, gaur egungo egoera konkretuak eta errealitatea aztertuz, nazio-askapenaren eta sozialismoaren alde egin beharrekoa: prozesu independentistaren jarraipena kontraesanak handitzeko eta burgesiak ahultzeko helburuarekin; mugimendu independentista autodeterminazio-eskubidearen aldeko mugimendu nazional bihurtzea; agitazio, propaganda eta esperientziaren bidez, burgesiaren asmoak agerian ustea masa herrikoi eta langileak autodeterminazio-eskubidearen defentsa sutsua egiten duen proletalgo iraultzailearen gidaritzapean jarriz eta, azkenik, internazionalismo proletalgoaren bidez nazionalismoen aurkako borroka, eta nazio zapaldu eta zapaltzaileko klase-batasuna lortzea, borroka bateratua aurrera eraman ahal izateko. Beste aldetik, aipatu dugun Alderdiaren (ber)eratzea dugu helburu, hau lortzeko beharrezko baldintzak sortuz eta elementu aurreratuenak komunistongana erakarriz.

Biak dira guztiz beharrezkoak, lehenengoak gaur egungo egoera sozialismoaren beharretarako erabiltzeko eta Alderdiaren (ber)eratzean masengandik ez urruntzeko, beraien aldarrikapen demokratiko-herrikoi nagusiak gure eginez eta masek aldarrikapen horien aldeko borrokan izandako sendotasun eta indarragatik komunistongan erreferenteak ikusiz. Hau egin barik, masak gugana ez hurbiltzeaz gain, gure aurkako jarrera ere hartuko zuten, berbontzi hutsak izateagatik, esaldi sasiiraultzaileak esateagatik eta baita praktika iraultzailea alde batera uzteagatik ere. Hortaz, masekin fusioa ez lortzean ezin esango genuke Alderdi Komunistarik dagoenik esan. Bigarrena, era berean, sozialismorako bidean behar-beharrezkoa da eginbehar horiek modu bateratu eta iraultzailean egin ahal izateko eta prozesu independentistari etekin maximoa atera ahal izateko.

Horregatik, historiaren gurpilean aurrera egiteko beharrezkoa da nazionalismoen banderaren lekuen internazionalismo proletalgoarena igotzea: nazioen banatzeko askatasunaren defentsa eta Estatuko nazio guztietako proletalgoaren batasunaren sutsua eginik, burgesia ahultzearen alde eta proletalgoa bere Alderdiaren bidez indartzearen alde tregoa gabe borrokatuz.

Era berean, salatu beharra dugu kataluniako burgesia nazionalaren (uler dadila hauxe kataluinaren naziotasuna aldarrikatzen duen sektorea bezala) jokoa prozesuarekin. Iaz erreferenduman kataluniako nazioak independentziari BAI esan ostean, oraindik ere trikimaluek indarrean darraite eta anbiguetatez beteriko hauteskunde “plebiszitarioak” antolatu dituzte, non katalanen hitz zilegia burgesiaren morroiek esparru parlamentarioan erabakiko duten. Egia esan, ez dago inongo bermerik JxSi koalizioak irabaziz gero independentzia aldarrikatu dezan; Artur Mas bera etengabe dabil Espainiarekin hitz egin behar dela esanez, eta CUP berak koalizioan parte hartzeari uko egin dio, arrazoi berarengatik. Hauteskundeak irabazi ostean independentzia ez aldarrikatzeak enegarren fartsa suposatuko luke burgesia katalanaren eskutik. Aldarrikatuta ere, eta momentuz inongo indar inperialistaren babesik gabe, nekez saihestuko dute Katalunian espainiar estatuaren esku hartze politiko (autonomia bertan behera utziz eta Auzitegi Konstituzionalaren mekanismoak indarraz jarriz) edota militarra (hain entzuna den tankeen mehatxua praktikan jarriz). Zentzu honetan, burgesia katalanak hitza betetzeko lukeen aukera bakarra txinatar edo errusiar inperialisten babesa eskuratzea da, Europar Batasuna presionatzeko asmoz edo zuzenean bloke inperialistaz aldatze aldera. Aukera bien aurrean (Estatuarekin negoziazioa bilatzea ala independentzia aldarrikatzea), lehenengoak dirudi litekeena, batez ere orain arteko burgesia nazionalaren jarrera kontuan izanda.
Komunistok, ezinbestean, iazko erreferendumaren (A9) erabakia bete dadin galdegitea besterik ez dugu, autodeterminazio eskubidea aldarri legez izanik. Handik aurrera, hauteskunde burgesek, parlamentarismoak, eta tankerakoek nazio katalanaren erabaki zigeliaren bortxatzea baino ez dute islatzen. Ondorioz, Kimetzek boikotaren planteamendua beretzen du I27ko hauteskundeen aurrean, engaimenduaren seinale baitira guretzat.

EN CASTELLANO: http://kimetzkolektiboa.org/?p=705 (

1 comentario:

Loam dijo...

"Ondorioz, Kimetzek boikotaren planteamendua beretzen du I27ko hauteskundeen aurrean, engaimenduaren seinale baitira guretzat". Nago ados.

Archivo del blog