"Komuniston betebeharra zapalkuntza guztiekin amaitzea da. Zapalkuntza
horietako batzuk proletalgoaren diktaduraren bidez soilik konpondu
daitezke; beste batzuk, ordea, kapitalismoan guztiz konpondu ezin
badira, neurri handi batean baretzea posible da, esate baterako,
nazio-zapalkuntza. Honek ez du esan nahi lehenago –kapitalismoan- konpon
daitezkeen zapalkuntza hauek lehentasunik izan behar dutenik besteen
aurrean eta hau lortzeko taktikoki beste klase batzuekin aliantzak egin
behar ditugunik estrategia iraultzaile baten baitan egon barik,
estrategia iraultzaile baten menpe ez dagoen taktika oro taktika
erreformista baino ez baita izango."
KIMETZ KOLEKTIBOA Euskal Herriko erakunde komunista
Burgesia katalana. Kataluniako burgesia
nazionalak hauteskunde “plebiszitarioak” deitu ditu, erreferenduma
ordezkatuz edo. Hau aparteko gertakizuna da Kataluniako eta Espainiar
Estatuko historian, eta zinez behar du patxadazko azterketa estatuko
indar-korrelazioan gerta litezkeen mugimenduak aditze aldera. Hala ere,
guk ez dugu uste hauteskunde burges konbentzional batzuek erabaki
dezaketenik katalan nazioaren etorkizuna, batez ere kontuan izanik aldez
aurretik egina dagoena %80ko baietzaz independentzia eskatu zuen
erreferenduma, burgesiak bortxatutakoa izan zena.
Kontraesanak (komunistok iraultza antolatu eta iraultzarako baldintzak sortu behar ditugu)
Lenin-ek zioenez «iraultzarako ez da nahikoa masa esplotatu eta
zapalduek bizi diren bezala bizitzen jarraitzeko ezintasunaz kontziente
izatea eta aldaketak aldarrikatzea; iraultzarako beharrezkoa da
esplotatzaileak bizi eta gobernatzen duten bezala bizi eta gobernatzen
jarraitu ezin izatea. Soilik “behekoek” nahi ez dutenean eta “goikoek”
iraganean bezala bizitzen jarraitu ezin dutenean, orduan soilik garai
dezake iraultzak. Beste hitz batzuetan, egia hau honela adierazten da:
krisi nazional orokor (esplotatu eta esplotatzaileei eragiten diena) bat
barik ezinezkoa da iraultza». Alderdi komunista izanik iraultzaren
gidaria berari dagokio argi eta garbi iraultza antolatzea, iraultza
burutzeko beharrezko baldintzak sortzea: baldintza subjektiboak
(“behekoek” nahi ez izatea) eta ahal den heinean objektiboak ere
(“goikoek” ezin izatea). Baldintza objektiboak, printzipioz,
kapitalismoaren –inperialismoaren- garapenak eta burgesia desberdinen
artean dauden kontraesan, tirabira, arazo eta gerren bidez sortuko
balira ere, Alderdi Komunistak ahal duen neurrian borroka hauek indartu
eta bizitu behar ditu burgesia ahulagoa izan dadin, aipatu berri dugun
bezala.
Catalunya-ko prozesu independentistak, argi eta garbi, Catalunya-ko
burgesiaren eta Espainiakoaren artean kontraesanak sortu ditu eta,
beraz, prozesuaren jarraipen eta garapenak kontraesan hauek mantendu
egingo lituzke eta, baliteke, areagotu ere egitea. Baina sortzen dituen
kontraesan eta borrokak ez dira soilik burgesia katalan eta espainolaren
artean, prozesu independentistak “mendebaldeko” bloke inperialista eta
BRICSen artean ere sortu baititzake, Europar Batasuna Catalunya-ren
independentziaren aurka egonik eta EBan sartzeko oztopoak jarririk,
BRICSek baliatu dezaketen egoera da Europan ezartzen hasteko, bi bloke
inperialisten arteko borroka bizituz. Horretaz gain, Catalunya eta
Israel-en arteko erlazio onak “mendebaldeko” bloke inperialistaren
barnean ere kontraesanak sortu litzake, EB-ren eta Israelen artean.
Laburbilduz, prozesu independentistak kontraesan eta borrokak sor
ditzake bi bloke inperialisten artean, Estatu bereko bi burgesien artean
eta bloke inperialista beraren barnean baita.
Horregatik, azaroaren 9ko erreferendumean aukera egokia BAI-BAI-a
zela adierazi genuen, honek prozesu independentistaren jarraipena
baitzekarren eta, ondorioz, Catalunya-ko eta Espainiako burgesien arteko
tirabiren jarraipena eta prozesuak independentziara segituz gero
ziurrenik aipatutako borroka eta kontraesan inperialisten sortzea. Hau
guztiagatik ezin izango genuke inolaz ere edozein kontsigna
sasiraultzaileren aitzakipean prozesu independentistaren aurka egin,
burgesien arteko borrokaren etetearen alde egitea baita eta, azken
finean, burgesiaren ahultzearen aurka.
Horregatik, burgesiaren ahultzearen alde egin behar dugunez, borroka
hauek bizitu eta indartu egin behar ditugu, burgesia katalanaren
benetako nahiak salatu behar ditugu eta masa herrikoiek hori ulertzea
lortu (ez baitu balio burgesia katalanak atzera egitean «guk genuen
arrazoia» esatea, KKE-k Grezian erreferendumarekin egin duen bezala;
arrazoia soilik izanda ezin baita garaitu, iraultza sozialerako masek
egia eta jarrera iraultzailea ulertu eta bere egitea da beharrezkoa),
eta hori ulertzeko ez da nahikoa burgesiaren nahiak salatzen dituen
agitazio eta propaganda, masen esperientziak ere garrantzi handia du.
Horregatik, prozesu independentistan ezin dezakegu burgesiaren nahiak
besterik gabe salatu; bere asmoak masa guztien aurrean azaleratzearen
alde egin behar dugu, masek bere esperientziaz ikusi dezaten burgesia
katalanak ez duela nazio katalanaren askapena bilatzen eta proletalgo
iraultzaileak bai ordea. Esperientziaz ohar daitezen, kataluniar
nazioaren autodeterminazio-eskubidea eta nazio-askapena lortzeko interes
handiena duena proletalgoa dela eta berak soilik eman diezaiokeela
mugimendu independentistari nazio-zapalkuntzaren eta gainontzeko
zapalkuntza guztien aurkako postura.
Nazio-askapena (komunistok zapalkuntza ororen aurka egin behar dugu)
Komuniston betebeharra zapalkuntza guztiekin amaitzea da. Zapalkuntza
horietako batzuk proletalgoaren diktaduraren bidez soilik konpondu
daitezke; beste batzuk, ordea, kapitalismoan guztiz konpondu ezin
badira, neurri handi batean baretzea posible da, esate baterako,
nazio-zapalkuntza. Honek ez du esan nahi lehenago –kapitalismoan- konpon
daitezkeen zapalkuntza hauek lehentasunik izan behar dutenik besteen
aurrean eta hau lortzeko taktikoki beste klase batzuekin aliantzak egin
behar ditugunik estrategia iraultzaile baten baitan egon barik,
estrategia iraultzaile baten menpe ez dagoen taktika oro taktika
erreformista baino ez baita izango. Izan ere, aipatu dugun bezala
komunistok zapalkuntza guztiekin bukatu behar dugu eta guztiekin
amaitzeko modu bakarra iraultza da, beraz, kapitalismoan konpon
daitezkeen zapalkuntzen aurkako borroka, zapalkuntza guztien aurkako
–sozialismoaren aldeko- borrokaren menpe egon behar du, hau baita
zapalkuntza guztiak desagerrarazteko, hots, gure helburua betetzeko modu
bakarra. Hala ere, beste aldetik, honek ez du esan nahi sozialismoan ez
bada, desagerrarazi – edo neurri handi batean baretu- daitezkeen
zapalkuntzak desagerraraztearen alde borrokatu behar ez dugunik,
bukaerako helburuari kalterik egiten ez badio ez baitu zentsurik
proletalgoaren egoera hobetuko duen zapalkuntza baten aurka ez egitea,
arazo guztia konpontzen ez duela esanez. Kontsigna erreza da: aterabide
demokratiko-burgesa duten zapalkuntza partikularren aurka borrokatu;
borroka hori zapalkuntza guztien aurkako borrokaren menpe egonik.
Beharrezko azalpentxo hau egin ostean, har dezagun dagokigun gaia.
Nazio-askapena (edo nazio-zapalkuntza nabarmenki baretzea behintzat)
menperatze burgesaren baitan gauzatzea posible dena jakina da, hau da,
nazio-zapalkuntzak aterabide demokratiko-burgesa duela, baina ez modu
orokorrean, hau da, zapalkuntza nazionalik gabeko “mundu kapitalista
bat” posible dela, inperialismoak nazio-zapalkuntza indartzen eta
sortzen baitu, horregatik ezinda nazio-zapalkuntza “mundu
kapitalistatik” desagerrarazi, dena den kasu partikular urrietan posible
da menperatze burgesean honi gogor erasotzea, nazio-zapalkuntza
nabarmenki leunduz(honek ez du esan nahi burgesiak nazio-askapena
lortzeko asmorik duenik edo nazio-askapenaren borroka burgesiaren esku
utzi behar denik; aterabide demokratiko-burgesa badu ere, masa herrikoi
eta langileek dute konpontzeko interes handiena –bereziki proletalgoak-
eta, beraz, borroka demokratiko-herrikoia da).
«Kapitalismoaren markoaren pean bertan egin daitekeena, gatazka
nazionala ahalik eta gehien murriztea, bere oinarrian erasotzea eta
proletalgoarentzat ahalik eta arrisku gutxien izan dezan egitea da» ,
hori lortzeko nazioen autodeterminazio-eskubidearen alde borrokatuz,
izan ere, «sozialdemokraziaren helburua, nazioen
autodeterminazio-eskubidearen alde borrokatuz, nazioen zapalkuntza
politikari amaiera ematea da, politika hori ezinezko egitea eta,
horrekin, nazioen arteko borrokaren oinarriak erasotzea, leuntzea,
minimora murriztea»
Honen alde egin behar dugu komunistok, zapalkuntza nazionala minimora
murriztearen alde eta inperialismoaren erreakziorako joerak zeregin hau
nabarmenki zailtzen badu ere hau kapitalismoan nolabait egingarria da.
Beraz, ez du balio, EeMK-ako erakunde askoren gisara, nazio-auzia eta
autodeterminazio-eskubidea sozialismorako utzi behar dela esatea.
Kapitalismoan egingarria bada, egin dezagun erabateko askapena beti
helburu izanik! Zapalkuntza guztien aurka gauden heinean ezin dugu
zapalkuntza bat, dena delakoa, leuntzeari uko egin. Nazioen kasuan ezin
dugu autodeterminazio-eskubidearen alde borrokatzeari uko egin, izan
ere, nazioen arteko gatazka leuntzeko «beharrezkoa da herria
demokratizatzea eta nazioei aske garatzeko aukera ematea».
Catalunya-ri dagokionez, ordea, ezin daiteke bertako mugimendua,
printzipioz, nazio baten askapen nazionalaren aldeko mugimendua denik
esan, ezta erreferenduma autodeterminazio-eskubidea gauzatzeko denik.
Izan ere, autodeterminazio-eskubidea nazioaren eskubidea da -edo
gutxienez Estatu berberaren menpe dagoen zatiarena- eta jorratzen ari
garen kasuan ez da nazio osoarentzako autodeterminazio-eskubidea
gauzatzeko erreferenduma proposatzen, baizik eta Estatu beraren menpe
dadoen zatiaren zati batentzako, beraz, ezin daiteke, besterik gabe,
autodeterminazio-eskubide gisa definitu. Azken finean, nazio katalanean
ekonomikoki indartsuena den lurraldea Catalunya bera izanda eta burgesia
katalanaren asmoak zeintzuk diren jakinda logikoa da mugimendu
independentista Catalunya-ra mugatzea; gainera, Catalunya-ko burgesiak
ez du nazio katalan guztian Estatua presionatuko duen mugimendu sendo
bat sortzeko indarrik, Catalunya-n soilik sortzeko, ordea, badu
horretarako gaitasunik (mugimendu independentistak berak argi eta garbi
uzten duen bezala). Hortaz, mugimendua nazio katalaneko zati batera
soilik mugatzean ezin daiteke esan Països Catalans-en nazio-askapenaren
aldeko mugimendua denik. Honek ez du esan nahi komunistok mugimendu hau
bultzatu behar ez dugunik, bai mugimendu independentistak
nazio-askapenaren aldeko mugimendura salto egin dezan –
nazio-askapenaren aldeko borroka hori sozialismoaren aldeko borrokaren
menpe jarririk- eta baita gorago aipatutako kontraesanengatik.
Beraz, beharrezkoa da erreferenduma nazio guztian –edo Estatu
espainolaren menpe dagoen zatian hasiera batean- egin beharra adieraztea
soilik honek ziurta baitezake nazio katalanaren
autodeterminazio-eskubidea gauzatzea. Egia da, ordea, kapitalismopean
autodeterminazio-eskubidea modu errealean ematea ezinezkoa dela, hala
ere, Lenin-ek zioen bezala honek ez du esan nahi kapitalismoak dirauen
bitartean autodeterminazio-eskubidearen alde borrokatu behar ez denik,
guztiz kontrakoa baizik. Guztiz beharrezkoa da demokrazia politikoaren
aldarrikapen denak formulatu eta praktikan jartzea, ez modu
erreformistan, baizik eta iraultzailean; demokrazia burgesaren
markoengatik mugatzen utzi barik, baizik eta hauek apurtuz .
Laburbilduz, egun burgesia katalanaren nahien menpe, “erabakitzeko
eskubidearen” lemapean dagoen eta ia-ia kontraesanak sortzeko soilik
balio duen mugimendua, benetako autodeterminazio-eskubidearen -eta,
azken finean, nazio-zapalkuntza baretzearen – aldeko mugimendu bihur
dadin egin behar dugu komunistok, nazio osora zabalduz, honek argi eta
garbi burgesia katalanarengan kontraesanak sortuko lituzke mugimendua
bere nahietatik urruntzean. Honen ondorioz, masak burgesiarengandik
urrunduz eta tinko dirauen proletalgo iraultzailearengana hurbilduz.
Eginbehar internazionalista Honetaz gain, aipatzekoa
da (labur bada ere) nazio-auzian komunistok dugun betebehar
internazionalista. Honi dagokionez, nazio zapaltzaileko eta zapalduko
proletalgoek helburu berbera badute ere, betebehar desberdinak dituzte.
Alde batetik, nazio zapaltzaileko proletalgoak (Espainiakoak lantzen ari
garen kasuan) «ezin du Estatu jakin baten mugen barnean nazio zapaldu
bat indarrez mantentzearen aurka borrokatzeari utzi, eta hori da hain
zuzen autodeterminazio-eskubidearen alde borrokatzea. “Bere” nazioak
zapaltzen dituen kolonia eta nazioen banaketa politikorako askatasunaren
alde egin behar du». Beste aldetik, «nazio zapalduko sozialistek
[Kataluniakoak gure kasuan] batasun oso eta baldintzarik gabea defendatu
eta praktikan jarri behar dute aparteko gogoarekin, baita nazio zapaldu
eta zapaltzaileko antolakuntza batasuna ere», izan ere, beharrezkoa da
«Estatu jakin bateko nazio guztietako proletalgoen klase borrokaren
aliantza estua, banaezina» . Aliantza hori gauzatzeko eta zentralismo
demokratikoa errealitate bihurtzeko beharrezko da Alderdia bakarra
izatea, baina batasun hau soilik izango da posible nazionalismo guztiak
alde batera utzi eta internazionalismo proletalgoa gure egitean.
Zoritxarrez eginbehar internazionalista hauek gaur egun oraindik EeMK-n
ez daude argi, bai errealitatean banatzeko askatasuna ukatzen
dutenengatik (gero aztertuko ditugun esaldi zentzubakoen aitzakipean)
eta baita proletalgoaren batasuna ukatzen dutenengatik; azken finean,
biak internazionalismo proletalgoa ukatuz, eta batzuk nazionalismo
espainolean eta besteak euskal nazionalismoan eroriz (lehenengoa
bigarrena baino txar eta erreakzionarioagoa izanik). Hala ere, gai
honetan ez gara gehiago luzatuko dagoeneko aurreko lanetan landu baitugu
eta ez da lan honen helburua gai hau bereziki lantzea.
PCPE eta EeMK beste erakunde batzuen jarrera EeMK-ko (Estatu espainoleko Mugimendu Komunista) zenbait erakundek,EeMK-ko
(Estatu espainoleko Mugimendu Komunista) zenbait erakundek, prozesu
independentistaren aurka egitean, prozesua proletalgoaren gidaritzapean
ez dagoela argudiatzen dute eta baita “jaio” litekeen Estatu Katalana
burgesa izango litzatekeela ere. Horretaz gain, klase-batasunaren
izenean ere prozesu independentistaren aurka egiten dute. Argumentu
sasimarxista honek guztiz agerian uzten du erakunde hauen nazionalismo
espainola. Ikus dezagun bada ea argumentu hauek nazionalismo
espainolaren erakusle diren eta, ondorioz, argumentu hauen bidez
burgesia espainolari fabore egiten dioten.
1- Prozesu independentista proletalgoaren gidaritzapean ez dagoela argi
egonda, noren gidaritzapean dago prozesu independentistaren aurkako
postura? Ez al da akaso Espainiako burgesia bere gidari? Orduan, borroka
honen arteko jarreren gidariak eta, beraz, borrokaren
parte-hartzaileak, Estatu espainoleko eta Kataluniako burgesia badira,
bata bestearen aurka egonda, honek bi burgesiak ahultzen dituela argi
dago eta elkar-ahultze hori proletalgoaren nahietarako onuragarria dela
ere. Hala ere, ez gara hemen gai honen inguruan gehiago sakonduko,
dagoeneko landu baitugu. Beste aldetik, proletalgoa prozesu honen gidari
ez izatearen arrazoia “baliteke” gidaritza hori burutzeko tresna falta
dela izatea, Alderdi Komunista hain zuzen ere. “Baina ez al dakizu gure
erakundearen izena irakurtzen? –esango digute haiek- Alderdi Komunista
gu gara, lagun”. Beno ba, hori horrela bada, mugimendu
independentistaren gidari proletalgo iraultzailea izan dadin egin
beharko duzue kexak alde batera utzita; gidaritza horren bidez,
mugimenduak autodeterminazio-eskubidea helburu izan dezan eta burgesien
arteko kontraesanak handitzeko, baita burgesia katalanaren barnekoak
ere, proletalgo iraultzailearen gidaritza onartzea edo bere asmoak alde
batera uztearen artean erabaki behar izatean, lehenago edo beranduago
burgesia katalanaren benetako nahiak agerian utziz eta Catalunya-ko masa
langile eta herrikoiak komunistengan bere gidaria ikusiz, honela masa
hauek sozialismoaren aldeko borrokara hurbilduz.
2- Estatu Katalan independentea kapitalista izango litzatekeela argi
egonda, zer da ba Estatu espainola? “Kapitalista, noski, baina kontuz!
Guk erreferendumean Estatu sozialistaren aldeko papeletak sartu
genituen”, Kataluniak bere asmo eta helburuak adierazi behar zituen
erreferenduma boikoteatuz, baina hori bai instituzio espainoletako
edozein hauteskunde boikoteatzea inolaz ere ez! Estatu espainolak bere
klase-izaera ezkutatzeko ia urtero antolatzen dituen hauteskundeek
sekulako garrantzia baitute Estatu espainolaren eta bere militarren
mehatxupean lehenengoz egiten den erreferendum batekin! Estatu
espainolaren instituzioetako hauteskundeek, gaur egun, sistema
demokratiko-burgesa izugarri ezegonkortu dezakete, baina burgesiaren
artean kontraesan eta borroka mantendu eta areagotzeko – eta, ondorioz,
burgesiak ahultzeko- balio duen erreferendum batek menperatze burgesa
indartu baino ez du egiten! Burgesia katalanaren duda eta ezbaien
aurrean postura iraultzaile sendo bat izateak burgesia katalana soken
kontra jartzea eta, bide batez, bere benetako nahiak agerian uztea masen
konfiantza irabaziz, horrela mugimendu demokratiko-herrikoiaren
gidaritza burutuz hutsaren hurrengoa da, hobe da hautesontzietan inora
ez doan papeleta bat sartzea “Estatu sozialistaren alde”, baina
mugimendu demokratiko-herrikoiari muzin eginez eta bide batez demokrazia
burgesa egonkortuz, hori da komuniston eginbeharra!
3- Klase-batasunaren aitzakipean Catalunya-ko mugimendu
independentista ukatzen badute, klase-batasuna beti beharrezkoa izanda,
suposatzen dugu haiek ez dutela inoiz mugimendu nazional bat bera ere
babestuko, baina jakin badakigu marxismo-leninismoak ez duela mugimendu
nazionalekiko jarrera hau, marxismo-leninismoak kapitalismoa ahultzen
dituen mugimendu nazionalak babesten dituela. Horretaz gain, suposatu
beharko dugu kapitalismoak dirauen artean autodeterminazio-eskubidearen
aldeko edozein borrokaren aurka egingo dutela “klase-batasuna”
aldarrikatuz, klase-batasuna beti baita funtsezkoa. Hau ere, soberan
dakigu ez dela maxismo-leninismoak defendatzen duena. Beste aldetik, zer
klase-batasunetaz hitz egiten dute? Ba al dago, gaur egun, Estatu
espainolean klase-batasuna gauzatzen duen Alderdia? Azkenik, badirudi ez
dute ulertzen klase-batasuna eta autodeterminazio-eskubidearen aldeko
borroka ez daudela kontrajarrita, internazionalismo proletalgoa
aplikatuz biak bide berdinetik doazela eta funtsean
autodeterminazio-eskubidea klase-batasunaren izenean ukatzea
nazionalismo espainolaren erakusle baino ezin dela izan.
Azken finean, Kataluniako burgesiari eta nazionalismo katalanari
mesede egitearen beldur izateagatik Espainiako burgesia eta nazionalismo
espainolari fabore egiten diote, besteak baino are erreakzionarioagoak
direnak. Estatu osoko proletalgoaren klase-batasuna aldarrikatzen dute,
klase batasun hori nazio zapalduen banatzeko askatasuna onartu ezean
ezinezko dela konturatu gabe. Internazionalismo proletalgoa
aldarrikatzen dute, internazionalismo hori euren nazionalismoarekin –eta
edozeinekin- bateraezina dela konturatu gabe. Dirudienez ez dira
ohartzen nazio desberdinetako burgesien artean borrokak sortzen direla
eta hauek proletalgoarentzako onuragarriak izan daitezkeela, Alderdi
Komunista paregabea zuena gero!
Alderdi Komunistaren bidean Hala ere, komunistak ez
gara gezur eta ilusioez bizi. Aipatu dugun guztia zuzena dela uste
badugu ere, ezinezkoa da aipatutako egitekoak egoki aurrera eramatea
Alderdi Komunistarik ez dagoen bitartean, eta Alderdi Komunista ez da
existituko erakunde baten izena hori izateagatik edo erakunde desberdin
batzuk batzeagatik bere batasuna Alderdia dela aldarrikatuz, eta Alderdi
Komunista ez da existituko teoria iraultzaile batez gidatutako
praktikarik eta praktika iraultzaileaz hornitutako teoriarik ez badu.
Alderdia (berr)eratzea da komuniston oinarrizko eginbeharra gaur egun,
hori barik ezinezkoa delako Catalunya-ko prozesuak sortutako egoera eta
baldintzak iraultza sozialistaren bidean aipatu bezala aprobetxatzea.
Horregatik, gure helburu nagusia gaur egun Alderdi Komunista
(berr)eratzea izanda, mugimenduan egin beharreko lana batik bat honen
menpe egon beharko luke, helburu hori lortzeko baldintzak sortuz, eta
mugimenduaren parte diren elementu kontziente eta aurreratuenak
komunismora hurbiltzea, burgesiaren nahiak salatuz eta proletalgoaren
interesak azalduz, bere gidaritza beharrezko egiten dituen interesak
eta, ondorioz, gidaritza hori ezartzeko proletalgo iraultzailearen
erakundearen eta berau gidatzeko teoria iraultzailearen beharra argi
utziz eta, era berean, Alderdia eraikitzeko egin beharrekoa, idazlan
honetan landuko ez duguna.
Eginbeharrak (laburpena) Gorago aipatu dugu prozesu
independentistak kontraesan eta borrokak sor ditzakeela burgesia
ezberdinen artean, eta printzipioz borrokak menperatze burgesa ahultzen
badu ere, posible da, ere berean, bi parteetako batek prozesuaren bidez
indar handiagoa lortzea. Hala ere, komunistok ez dugu inolaz ere honen
beldurrik izan behar, proletalgoaren klase-independentzia mantentzen den
heinean, sozialismorako bidean burgesia edo bloke inperialista baten
aurka borrokatzean beste burgesia edo bloke inperialista batek etekinak
lortzen baditu; hasieran indartu egin badaiteke ere, luzera,
sozialismora hurbiltzeko balio izan duenez, kapitalismo mundialaren
erorketa ere hurbildu egiten du, burgesia edo bloke inperialista guztien
erorketa ere hurbilduz. Catalunya-ko prozesuak printzipioz sozialismora
hurbiltzen ez bagaitu ere, komunistok egoki jarduten badugu posible da
egoera proletalgoaren nahietarako erabili ahal izatea; horregatik,
BRICS-ak edo burgesia katalana hasiera batean indartuko balira ere,
borrokak orokorrean menperatze-forma burgesa ahultzeaz gain, komunistok
gure egitekoak eginez gero, Catalunya-ko burgesia eta BRICS-ak ere
ahulduko lituzke luzera begira. Beraz, ezin gaitu horrek gure bidean
geldiarazi. Baina sozialismora hurbil gaitezen beharrezkoa da gure
egitekoak egitea, gure ustez egiteko horrek gorago aipatutakoak izanik
eta bi zatitan bana daitezkeenak.
Alde batetik, egiteko orokorrak, gaur egungo egoera konkretuak eta
errealitatea aztertuz, nazio-askapenaren eta sozialismoaren alde egin
beharrekoa: prozesu independentistaren jarraipena kontraesanak
handitzeko eta burgesiak ahultzeko helburuarekin; mugimendu
independentista autodeterminazio-eskubidearen aldeko mugimendu nazional
bihurtzea; agitazio, propaganda eta esperientziaren bidez, burgesiaren
asmoak agerian ustea masa herrikoi eta langileak
autodeterminazio-eskubidearen defentsa sutsua egiten duen proletalgo
iraultzailearen gidaritzapean jarriz eta, azkenik, internazionalismo
proletalgoaren bidez nazionalismoen aurkako borroka, eta nazio zapaldu
eta zapaltzaileko klase-batasuna lortzea, borroka bateratua aurrera
eraman ahal izateko. Beste aldetik, aipatu dugun Alderdiaren
(ber)eratzea dugu helburu, hau lortzeko beharrezko baldintzak sortuz eta
elementu aurreratuenak komunistongana erakarriz.
Biak dira guztiz beharrezkoak, lehenengoak gaur egungo egoera
sozialismoaren beharretarako erabiltzeko eta Alderdiaren (ber)eratzean
masengandik ez urruntzeko, beraien aldarrikapen demokratiko-herrikoi
nagusiak gure eginez eta masek aldarrikapen horien aldeko borrokan
izandako sendotasun eta indarragatik komunistongan erreferenteak ikusiz.
Hau egin barik, masak gugana ez hurbiltzeaz gain, gure aurkako jarrera
ere hartuko zuten, berbontzi hutsak izateagatik, esaldi
sasiiraultzaileak esateagatik eta baita praktika iraultzailea alde
batera uzteagatik ere. Hortaz, masekin fusioa ez lortzean ezin esango
genuke Alderdi Komunistarik dagoenik esan. Bigarrena, era berean,
sozialismorako bidean behar-beharrezkoa da eginbehar horiek modu
bateratu eta iraultzailean egin ahal izateko eta prozesu
independentistari etekin maximoa atera ahal izateko.
Horregatik, historiaren gurpilean aurrera egiteko beharrezkoa da
nazionalismoen banderaren lekuen internazionalismo proletalgoarena
igotzea: nazioen banatzeko askatasunaren defentsa eta Estatuko nazio
guztietako proletalgoaren batasunaren sutsua eginik, burgesia
ahultzearen alde eta proletalgoa bere Alderdiaren bidez indartzearen
alde tregoa gabe borrokatuz.
Era berean, salatu beharra dugu kataluniako burgesia nazionalaren
(uler dadila hauxe kataluinaren naziotasuna aldarrikatzen duen sektorea
bezala) jokoa prozesuarekin. Iaz erreferenduman kataluniako nazioak
independentziari BAI esan ostean, oraindik ere trikimaluek indarrean
darraite eta anbiguetatez beteriko hauteskunde “plebiszitarioak”
antolatu dituzte, non katalanen hitz zilegia burgesiaren morroiek
esparru parlamentarioan erabakiko duten. Egia esan, ez dago inongo
bermerik JxSi koalizioak irabaziz gero independentzia aldarrikatu dezan;
Artur Mas bera etengabe dabil Espainiarekin hitz egin behar dela
esanez, eta CUP berak koalizioan parte hartzeari uko egin dio, arrazoi
berarengatik. Hauteskundeak irabazi ostean independentzia ez
aldarrikatzeak enegarren fartsa suposatuko luke burgesia katalanaren
eskutik. Aldarrikatuta ere, eta momentuz inongo indar inperialistaren
babesik gabe, nekez saihestuko dute Katalunian espainiar estatuaren esku
hartze politiko (autonomia bertan behera utziz eta Auzitegi
Konstituzionalaren mekanismoak indarraz jarriz) edota militarra (hain
entzuna den tankeen mehatxua praktikan jarriz). Zentzu honetan, burgesia
katalanak hitza betetzeko lukeen aukera bakarra txinatar edo errusiar
inperialisten babesa eskuratzea da, Europar Batasuna presionatzeko asmoz
edo zuzenean bloke inperialistaz aldatze aldera. Aukera bien aurrean
(Estatuarekin negoziazioa bilatzea ala independentzia aldarrikatzea),
lehenengoak dirudi litekeena, batez ere orain arteko burgesia
nazionalaren jarrera kontuan izanda.
Komunistok, ezinbestean, iazko erreferendumaren (A9) erabakia bete dadin
galdegitea besterik ez dugu, autodeterminazio eskubidea aldarri legez
izanik. Handik aurrera, hauteskunde burgesek, parlamentarismoak, eta
tankerakoek nazio katalanaren erabaki zigeliaren bortxatzea baino ez
dute islatzen. Ondorioz, Kimetzek boikotaren planteamendua beretzen du
I27ko hauteskundeen aurrean, engaimenduaren seinale baitira guretzat.
EN CASTELLANO: http://kimetzkolektiboa.org/?p=705 (
1 comentario:
"Ondorioz, Kimetzek boikotaren planteamendua beretzen du I27ko hauteskundeen aurrean, engaimenduaren seinale baitira guretzat". Nago ados.
Publicar un comentario